Emantzipaziorako bigarren atea

Emantzipaziorako bigarren atea

Beñat Alberdi

Etxetik joateko edo emantzipatzeko zailtasunak arazo dira gaur egungo gazteen artean. Pauso hori “30 urteren bueltan” ematen dela mahaigaineratu berri du Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketarako Sailak. Datu esanguratsuak ditu gaiaren inguruan egindako txostenak: 16 eta 29 urte bitarteko gazteen artean lautik bat soilik bizi da gurasoenetik kanpo; 30 eta 34 urte arteko adin tartean, berriz, lautik hiru. Euskadiko Gazteria Kontseiluak martxoan salatu zuen besteak beste ekonomikoa dela pauso hori emateko arrazoia. Hari horretatik tiraka, neurri bat jarri dute martxan Bergarako eta Oñatiko udalek: alokairurako diru laguntzak ematen ari dira 18 eta 30 urte arteko gazteentzat.

Finean, berdin-berdina da bi udalen helburua: emantzipazioa erraztea. Hala ere, berezitasunak dauzkate bi ordenantzek; adibidez, Bergaran Ongizate Sailak dauka bere kargu laguntza hori, eta Oñatin, Gazteria Sailak. Bestalde, bi herrietan ez da berdin mahaigaineratu gazteen arazoa. Ion Lopez Oñatiko Udaleko Gazteria teknikariak azaldu du herrian “parte-hartze prozesu bat” egin zutela 2012an. “Gazteek buruan zeukaten emantzipaziorako zeukaten zailtasuna, eta horregatik heldu genion gaiari”.

Bergaran, berriz, oposizioak jarri zuen gaia mahai gainean, duela bi urte. Alokairu sozialeko programa berpiztea sustatu zuten berez, baina emantzipaziorako diru laguntzak ere sortu zituzten. “Nabaria da gaur egun arazoak daudela etxebizitza bat lortzeko”, argitu du Ainhoa Lete Bergarako Udaleko zinegotzi eta Ongizate batzordeko buruak. “Gazteentzat da bereziki gogorra egoera, egoera prekarioagatik”.

Behin laguntzak sortzea erabakita, beste herrietako adibideak aztertzea izan zen lehen egitekoa; Azpeitikoa, kasurako. Oro har, eskaera berberak dituzte ordenantza guztiek: errolda agiria, jabetzan etxebizitzarik ez duela aitortzen duen dokumentua, diru sarreren egiaztagiriak… Etxebizitza bakoitzean bizi den jende kopurua aintzat hartuta, dagokion errentaren %50 jasoko du laguntza eskatzen duen bakoitzak. Adibide gisa, etxebizitza batean guztira 400 euroko alokairua ordaintzen ari diren bi pertsona bizi badira, ehun euro jasoko lituzke diru laguntza eskatu duenak, berrehun euro ordaintzea dagokiolako berez.

Toki bakoitzeko ezaugarriak

Kasu horretan ere, ordea, ezaugarri bereziak dituzte herri bakoitzeko ordenantzek. Bergaran, esaterako, zehaztuta daukate gutxieneko diru sarrera, eta Oñatin ez. Bestetik, hilero alokairuan gehienez ordaindu beharreko kopuruak ere ezberdinak dira bi herri horietan. Bergaran, gutxienez, 7.455,14 euro gordin irabazi behar dira diru laguntza eskatu ahal izateko. “Emantzipazioa errazteko diru laguntzak jarri nahi genituen guk, eta ez gaitasunik ez daukanari alokairua ordaintzekoak”, nabarmendu du Xabier Legorburuk, Bergarako Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradunak. Oñatiren kasuan, han ez dute zehaztu gutxieneko diru sarrerarik. “Errenta ordaintzera heltzen badira, nahikoa da”, zehaztu du Gazteria teknikariak. “Berdin dio gazte hori taberna batean lanean ari den, kontraturik gabe edo beltzean kobratuz, edo gurasoek ordaintzen dioten”.

Ordenantzan zehaztuta daukate errentan hilero gehienez ordaindu beharreko kopurua ere: 550 euro Oñatin eta seiehun Bergaran. Bi herrietan desberdina da arrazoia, ordea. “Ez genuen eragin nahi merkatuan”, azaldu du Legorburuk. “Etxe agentziekin egon ginen, eta egoki iritzi zioten kopuru horri”. Oñatin, berriz, merkatuan eragiteko aukera gisa ikusten dute. “Gazte batek negozia dezake errenta jaisteko. Azkenean, udalak lagunduko diola jakinda, nik, behintzat, jaitsiko nioke errenta hori”, zehaztu du Lopezek.

Horrez gain, Bergarako diru laguntzak badauka bestelako berezitasun bat ere. Eskainiko dituzten bigarren urtea da, eta egokitu egin dituzte laguntza horiek. Tartean, udalak erdigunetik kanpoko etxebizitzetan alokairuaren batez besteko handiagoa ordainduko du erdigunean baino; gazteak kanpoaldean ere bizi daitezen aprobetxatu nahi dute horrela.

Eskatzaileentzat, abantaila

Iñaki Iglesias oñatiarrak 2017an eskatu zuen lehenengoz laguntza: “Laguntzen berri izan genuenean hausnartu genuen lehenengo aldiz bikotekideak eta biok emantzipatzeko aukeraz”. Nabarmendu du euren kasuan diru sarrera horiek jaso gabe ez liratekeela ibiliko estu eta larri, baina nabarmena dela aldea. “Lasaitasuna irabazten da. Lehen aldiz bakarrik bizitzera joaten zarenean ohartzen zara dauden gastu guztiez”. Egun, euren egoera ekonomikoak hobera egin duela eta, ez dute eskatu diru laguntzarik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.