Oianguko balkoitik rocka entzuten da

Oianguko balkoitik rocka entzuten da

Kerman Garralda Zubimendi

Bertsolariak gustura aritzen dira balkoitik balkoira bertsotan, batek hasi eta besteak erantzun. Behetik entzuten ari den musikariak, ziurrenik, inbidia apur batekin entzungo du protagonisten jarduna, eurek ez dutelako aukerarik izaten halako oholtza batean jotzeko. Buruari bueltaka hasita ere, ezer ez; ezin dute oroitu kontzertu bertikalik.

“Urtero ibiltzen gara arauak hausten eta formatuak nahasten kontzertu ezberdinak eskaintzeko, eta kontzertu bertikal bat egitea otu zaigu aurten”, azaldu du Urko Ruiz Ordiziarock Ekintzak taldeko partaideak. 20:00etan hasiko dira kontzertu bertikalak, gaur, Ordiziako Oiangu baserrian: “Balkoi nagusi bat dago baserriaren aurrealdean, goialdean, eta abeslaria egongo da han, bera bakarrik”. Eraikinak beste bi balkoi ditu alboetan. “Eta horietan ariko dira gitarra eta baxua. Bateriak tokia izan dezan, berriz, aldamio baten bidez beste balkoi bat jarri diogu Oianguri, laugarrena, abeslariaren eta sokazko instrumentuen erdian”. Argiteria berezi baten bidez, musikarekin bat egiten duten irudiak proiektatuko dituzte baserriaren fatxadan.

“Ordiziarrentzat eta goierritar guztientzat berezia da Oiangu baserria. Bertara joaten gara lagunekin egoteko, paseatzeko, jatorduak egiteko… Beste erabilera bat eman nahi diogu orain”, hasi da antolatzailea. “Esperimentu bat da. Eraikinek beste erabilera bat izan dezaketela eta musikaz gozatzeko edozein toki dela ona frogatu nahi dugu. Berria da guretzat ere, eta sorpresa izango da, baina ziur emaitza ona izango dela”. Ordiziarock Ekintzak taldeko kideak gustura leudeke beste jaialdiek euren bideari tira egin eta kontzertuak formatu eta eraikin berrietara zabalduko balituzte.

Maddi eta Dupla taldeak irtengo dira gaur balkoira. “Gustura jaso zuten proposamena, eurentzat ere berria delako formatua”, kontatu du Ruizek. Are gehiago, ataundarrak eta alegiarrak izanda, Maddi taldeko musikariek aurretik ere eginak zituzten kolaborazioak Ordiziarockekin, eta antolatzaileen burutazioek jada ez dituztela ezustean hartzen azaldu du, umorez, Ruizek. Aguraingoa da, berriz, Dupla bikotea, eta erritmo urbanoa da euren ezaugarri nagusia.

“Agertoki bertikalak baditu zailtasun batzuk musikarientzat”, ohartarazi du antolatzaileak. “Bananduta egongo direnez, elkarren arteko komunikazioa ez da hain erraza. Musikak soilik lotzen ditu, eta oso adi egon behar dute denak batera aritzeko”.

Topatu bezala uzteko deia

Ez da sarrerarik ordaindu beharko kontzertuez gozatzeko, hori baita Ordiziarock Ekintzak taldekoen oinarrietako bat. “Antolatzen ditugun ekintza guztiak doakoak izaten saiatzen gara, musika guztiengana zabaldu ahal izateko”, argudiatu du Ruizek. Jateko eta edateko postuak egongo direla azpimarratu du, gainera, antolatzaileak, eta hautsontzi eramangarriak banatuko dituztela: “Nahiagoko genuke inork ez balu erreko, baina badakigu hori ez dela posible, eta hautsontziak banatuko ditugu ingurunea ahalik eta txukunena uzteko. Era berean, berrerabilgarriak izango dira edalontziak, ahalik eta zabor gutxiena sortzeko”.

Urtean hogei bat ekitaldi antolatzen ditu Ordiziarock Ekintzak kolektiboak, musikaren ingurukoak guztiak. Hala nola kontzertuak, erakusketak, topaketak… Ekintza horietako bakoitza baliatzen dute musikarekin esperimentatu, ohiko moldeetatik irten eta jaialdiari gainbalio bat emateko: “Urtero egin nahi izaten dugu kontzertu bereziren bat, erabilera batekin betiere. Kontzertu bertikalaren esperimentua egingo dugu aurten, baina iaz, esaterako, plaka fotovoltaikoen energiaz soilik hornitutako jaialdi bat antolatu genuen Oiangun. After Sun izena jarri genion”, zehaztu du Ruizek.

Musikaz gain, eguzki energiaren erabileraren inguruko erakusketa bat ere jarri zuten jaialdi hartan, eta baita tailer praktikoak ere. “Aspaldi buruan geneukan ideia zen, eta erronka berri honi heldu genion posible zela ikusi genuenean”, adierazi du antolatzaileak. Musika aitzakia hartuta, eguzki energiaren ezagutza zabaltzea zen asmoa.

Hori bai, hainbat ekintza egiten dituzten arren, Ordiziarock hiru eguneko jaialdia izaten da antolatzaileen ekimenik garrantzitsuena. Urriaren 17tik 19ra egingo dute aurtengo jaialdia, eta dozena bat kontzertu izango dira: Liher, Adrenalized, Leihotikan, Nuevo Catecismo Catolico, Unidad Alavesa, The Riff Truckres, Capsula, Higa, Orquesta Bisuteria, Jon Gurrutxaga & Urbil Artola, Nazareno eta Olarius & Brother DJs taldeek joko dute. “Hilabete askoko aurrerapenarekin hasten gara lanean, ondoren estu eta larri ez ibiltzeko. Lanik pisutsuenak eginak dauzkagu jada, nahiz eta txikikeriaren bat edo beste falta den oraindik”.

Ruizek iragarri duenez, aurten ahalegin berezia egin dute soinu eta argi baliabideak hobetzeko. Hala, ikuskizunaren kalitatea hobetu egin nahi dute entzuleen esperientzia “bereziagoa” izan dadin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.