Ulian ehizatzeko baimena lortu, eta “greba” utzi dute ehiztariek

Ulian ehizatzeko baimena lortu, eta “greba” utzi dute ehiztariek

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoako ehiztariek sei hilabete zeramatzaten ehizara irten gabe, baina hori jada amaitu da. Gipuzkoako Foru Aldundiak, astearteko aldizkari ofizialean, bertan behera utzi zuen Ulian ehizatzeko debekua, ehiztarien “grebarako” arrazoi nagusietako bat.

Aspaldikoak dira Ulian ehizatzeari uzteko lehen eskaerak. Donostia inguruan 1989tik segurtasun eremu izendatutako espazioa zabaltzeko eskatu zuen Donostiako Udalak 2010ean, eta Pasaiako Udalak ere bai, 2011n. Bi udalek adierazi zuten “parke periurbanoa” dela Ulia, eta hori “bateraezina” dela ehizarekin. Aldundiak 46 ehiza postu itxi zituen 2014an.

Erabaki horren aurka jo zuen Ehiza Federazioak, eta EAEko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman zion duela bi urte. Auzitegiaren arabera, segurtasun eremu izatetik salbuetsita daude 2011 baino lehen onartuta zeuden ehiza postuak —ordukoa da EAEko Ehiza Legea—. Horixe da Uliako kasua. Epaileen arabera, ehiza legea aldatu aurretik postuak ipinita zeudenez, orain ezin dira galarazi.

Auzitegiaren ebazpena kaleratu zenetik aritu dira ehiztariak debekua kentzeko eskatzen, eta iragan martxoan hasitako “greba” izan da hori behartzeko modu bat. Basurdeak eta orkatzak ehizatzeari utzi zioten orduan, eta hori arazo bihurtzen ari zen baserritarrentzat.

Hain zuzen ere, aurreko astean akordioa lortu zuten aldundiak eta ehiztarien federazioak ehiza larriaren inguruan. Honela zioen Ehiza Federazioaren webguneko albisteak joan den ostiralean: “Aldundiak eta Ehiza Federazioak oinarrizko akordio bat erdietsi dute Gipuzkoan ehiza larria arautzeko”. Orkatz eta basurdeen uxaldiak “lehenbailehen” hasteko asmoa du ehiza federazioak, baina hainbat xehetasun oraindik lotzeko daudela dio.

EHNE eta Enba sindikatuek poza azaldu dute ehiztarien “greba” amaitu delako; uxaldiak berriz hastea “lagungarri” izango dela diote. Aldiz, “atzerapausotzat” daukate aldundiak eta ehiztariek ehiza larrirako eginiko akordioa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.