Zintzotasuna ohitura bihurtuta

Zintzotasuna ohitura bihurtuta

Unai Zubeldia

Ezkutu samarrean egoten da beti Maite Sukia (Lazkao, 1981), ia anonimotasunean; ikus-entzuleen bista-bistan egoten da, berriz, Inaxio Usarralde (Aginaga, Usurbil, 1967), taula gainera igota. Bertso saioa hasi eta bukatu, zenbakien saltsan murgilduta ibiltzen da Sukia, eta Usarralderen ahotik ateratzen dira bertsolarien garuna sutan hasi aurreko azken hitzak. Bihar Oñatin jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako lehen saioa, eta, hiru hilabeteren ondoren, abenduaren 14an izango da finala, Donostian; tarte horretan, 48 bertsolari ariko dira lehian azken fasean, baina, txapelketek bidea egingo badute, ezinbestekoa izaten da epaileen eta gai jartzaileen lan zintzoa eta zorrotza.

Eta horretan nahikoa eskarmentu badaukate biek ala biek. “Ia nahigabe hasita”, ataundarrak “hamar bat urte” daramatza epaile lanetan. “Nik betidanik izan dut bertsotarako zaletasuna, baina kasualitatez hasi nintzen epaile lanetan, lagun baten bidez. Bilera batera joateko eskatu zidan behin, nora nindoan argitu ere egin gabe, eta hala iritsi nintzen epaile izateko ikastarora”.

Usurbildarrak, berriz, 30 urte bete ditu jada gai -jartzaile jardunean. “1989an sartu nintzen, lehen aldiz, gai-jartzaile taldean, Jon Lopategik Euskal Herriko Txapela irabazi zuen urtean. Garai hartan, Laxaro Azkune-eta ziren gure gidariak, eta sekulako miresmena sortzen ziguten”. Usarraldek zehaztu du bertsotarako zaletasuna ez duela etxetik hartua. “Bai, Basarriren bertsoak betidanik entzun izan ziren gure etxean, sakratua zen hori, baina etxean ez nuen izan gidari lanak egin zizkidan inor. Istripuz-edo sartu nintzen mundu honetan, eta oso ingurune natural eta erosoarekin topo egin nuen”.

Final-zortzirenetako lehen bi saioak gainean direla, tenple onean daude biak. “Badirudi asteburu honetan ekingo diogula txapelketari, baina sailkatze fasean ere aritu nintzen ni epaile lanetan, eta aspalditik gaude gu txapelketan sartuta. Dena den, fase bakoitzaren hasieran beti izaten da tentsio pixka bat, eta oraingoan ere badaukagu”. Gai-jartzaile taldea ere “aspaldi” hasi zen gaiak biltzen. “Presiorik gabe, baina pixkanaka materiala sailkatzen. Erlaxatu samar ibiltzen gara aurretik, baina orain aldatu egingo da dinamika, eta hasteko desiatzen gaude”.

“Oso lan kolektiboa da”

Bertsolarien gisan, euren helburuak eta erronkak izaten dituzte gai jartzaileek eta epaileek ere. “Bertso epaileek bezala, faseka lan egiten dugu guk ere, eta final-zortzirenetako zazpi saioak dauzkagu orain buruan”. Usarraldaren hitzetan, saio horiek “ahalik eta orekatuenak” izatea dute erronka. “Eta horrek ematen digu lana bereziki; orekari eusteak eta rolak ez errepikatzeak. Azken fasearen atari hau letra txikiari begiratzeko momentua izaten da guretzat, lehenengo saioko gaiek eta puntuek asko markatzen baitute txapelketa”.

Begiratu batean, oso bakarkako lana da bat-bateko bertso jardunean gaiak jartzea edo bertso bakoitza puntuz neurtzea. “Baina Bertsozale Elkarteak izugarrizko lana egin du eginbehar horiek kolektibizatzen eta ardurak gutxi batzuen esku ez uzten”, azaldu du Usarraldek. Euskaltzaindiak antolatu zituen 1959ko, 1962ko, 1964ko eta 1967ko txapelketak, eta 1968tik 1990era bertan behera gelditu zen lehia.

1991koa izan zen Bertsozale Elkarteak antolatutako lehen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. “Eta bertsoz bertso puntuak jendaurrean erakustetik gentozen, pentsa! Gogorra zen hori, suizidioa. Elkarteak, gaur egun, ia-ia kotoi artean eramaten du gai jartzaile eta epaile taldea. Kolektibo baten gain gelditzen da lana, eta oso erosoa da hori”. Datuei erreparatuta, aurten, guztira, hogei epaile eta idazkari ariko dira Gipuzkoako Txapelketan, eta hamabost gai jartzaile igoko dira taulara.

Biek ondo gogoan daukate, adibidez, 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian Fernando Aire Xalbador buruz burukora igaro zenean epaileek entzun behar izan zuten bost minutu eta erdiko txistukada —azkenean, Manuel Olaizola Uztapide-k jantzi zuen txapela—. “Baina, gaur egun, kolektibo guztiek oso barneratuta daukate talde bakoitzaren funtzioa, baita bertsolariek ere, eta ez dugu izaten inolako arazorik”, azaldu du Sukiak. “Oso barneratuta dago errespetu giro hori, ez gai jartzaileek eta ez epaileek ez dutelako egiten baten edo bestearen alde”. Hitz batean laburbildu dute txapelketetako euren ezinbesteko ezaugarria: “Zintzotasuna”.

Alde horretatik, epaileek ondo zehaztua izaten dute bertso bakoitzean zer zigortu eta zer saritu. “Epaileek ez baitute zigortu bakarrik egiten. Saritu ere egiten dira hainbat kontu; denbora ondo erabiltzea, esaterako. Lanketa handia egiten dugu arlo horretan”. Potoa gora eta potoa behera, txapelketak berekin izaten du beti eztabaida hori, baina epaileak argi utzi du “akatsetako bat” besterik ez dela poto egitea.

Entzule gisa, “gozatzen”

Biek erabat ukatu dute bertso epaileak, idazkariak eta gai jartzaileak bertsolari frustratuak direnik, baina “epaile frustratu asko” dagoela azpimarratu du Usarraldek, barrez. “Pentsa zenbat bertsozale joaten den saioetara koadernoa eta boligrafoa hartuta!”. Horixe ez du egiten Sukiak. “Epaile lanetan ari ez naizenetan, lasai ederrean joaten naiz ni saioetara, eta erabat disfrutatzen dut”. Usarraldek ere “ikaragarri” gozatzen du entzule gisa.

Askorentzat aisia dena, lan jardun bihurtzen da gai jartzaile eta epaileentzat, eta biek onartu dute txapelketa ez dela izaten garairik erosoena kontziliazio kontuan. Ataundarrak, esaterako, ume txikiak dauzka etxean. “Eta zaila izaten da dena ondo lotzea. Bilera eta saio asko dira azkenerako, puzzle guztia osatu behar izaten da, neke handia pilatzen da, etxera iritsi eta etxeko lanak egin behar izaten dira, noski…”.

Behin txapelketaren dinamikan sartuta, Sukia eta Usarralde saioa hasi baino ordubete lehenago joaten dira, normalean, egokitzen zaien tokira. “Garrantzitsua izaten da ordubete lehenago denok han gaudela ikustea, zozketak egitea, epaileei ofizioetako hurrenkerak ematea”, zehaztu du gai jartzaileak. Urteak igarota ere saio bakoitzaren hasieran urduritasuna izaten dela aitortu du. “Baina saiatzen gara nolabait bertsolarien konplizitatea lortzen”. Ondoren, jendaurreko lanean hasita, gai bakoitza bi aldiz errepikatzen dute gai jartzaileek. “Eta ondo zehaztua izaten dugu dena. Bertsolariari hitz egiten diogu lehenengo aldian, gaia ondo uler dezan, eta entzuleei bigarrenean”. Usarraldek aitortu du berak puntuak jartzeari diola bereziki errespetua. “Eta aurretik ondo kantatuta eramaten ditut puntu guztiak”.

Epaileen kasuan, berriz, saiatzen dira saio bakoitzari ekin aurretik aurreko faseko lehenengo ofizioa entzuten eta hura nola epaitu zuten aztertzen. “Saioari hotz-hotzean ez ekitea da helburua, eta erreferentzia bat edukitzea; saio hura nola epaitu genuen gogoratzea”, azaldu du Sukiak.

Euskalkien gorabehera

Euskal Herriko Txapelketan nabarmenago gelditzen da euskalkien erabilera, baina Gipuzkoakoan ere izaten da gorabeherarik. “Kasu horretan, gai jartzaileok argi daukagu euskara batu samarraren alde egingo dugula, eta puntu-erantzunetan, adibidez, inoiz ez dugula erabiliko gera hitza, Beterrikoentzat naturala dena arrotzagoa delako Arrasate-Bergarakoentzat”. Epaileen kasuan, gertatzen da hitzen bat edo beste ez ulertzea; Euskal Herrikoan, adibidez, asko aipatu zen erkin hitza. “Baina kasu horietan babes eta laguntza handia ematen diogu elkarri”. Dena den, epailearen ikuspegitik, “eta koherentzia baten barruan”, euskalkien erabilera “aberasgarria” dela gogoratu du Sukiak.

Usarralde oso gustura dago aurtengo menuarekin. “Galtzeko gehien haiek daukatela jakinda ere, parte hartzaileen artean badaude Jon Maiaren mailako bertsolariak; aurrekoan parte hartu ez zuten batzuk ere badaude, Ainhoa Agirreazaldegi eta Iñigo Izagirre, esaterako; eta berrien artean beti izaten da ezustekoren bat. Oso txapelketa polita dator”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.