Adostasun txiki bat bai, irtenbiderik ez

Adostasun txiki bat bai, irtenbiderik ez

Unai Zubeldia

“Behin-behineko irtenbide bat” lortu dute Lasarte-Oriako Landaberri ikastetxean. “Bi asterako irtenbidea”. Baina arazoak “bere horretan” jarraitzen duela berretsi du ikastetxeko organo gorenak, eta “alde guztien arteko koordinazio lana” egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. “Berdin zaigu norena den obraren ardura, baina Hezkuntza Sailak berak lotu beharko du Lasarte-Oria eta Donostiako udalekin egin beharreko bilera. Hezkuntza komunitatearen parte garenez, Hezkuntza Sailari dagokio bitartekari lana egitea”.

Landaberri ikastetxera iristeko dagoen ehun metroko aldaparen egoera kaskarrak gatazka sortu du ikasturte hasieran. “Aspaldikoa da arazoa”, zehaztu du ikastetxeko guraso elkarteak. Baina irtenbiderik gabe iritsi ziren irailaren 6ra. Geologo baten maiatzaren 30eko txostena oinarri hartuta mendiak “erortzeko arriskua” daukala ondorioztatuta, eskolako autobusei debekatu egin zieten hipodromo ondoko errepidetik eskolara arteko tartea egitea, eta gaur egun Landaberrira joaten diren ia bostehun haurrak bi asteotan “beharrezko segurtasuna bermatu gabe” ari dira egiten eskolara arteko azken zatia.

Landaberri ikastetxeko organo gorenak herenegun arratsaldean egin zuen azken bilera, eta bertan adostu zuten astelehenean autobusek Lasarte-Oriatik Bugatirako noranzkoan egitea bidea —bi noranzkoetan ibiltzen dira normalean—, haurrak autobusetik ikastetxera iristeko dagoen aldaparen ondoan jaitsi ahal izateko eta arriskuak saihesteko. Egunean bi aldiz errepidearen noranzkoetako bat ordu batzuez itxita egotea esan nahi du horrek. “Baina, noski, errepide zati hori inork erregulatu ezean, umeen segurtasuna ez dago bermatuta”, zehaztu du guraso elkarteak. Irailaren 30ean, gainera, goiz eta arratsaldez hasiko dira haurrak, eta, ondorioz, bikoiztu egingo da autobusen joan-etorria, Landaberrik eraikin horretan ez daukalako jangela zerbitzurik, eta haurrek beste egoitza batean bazkaltzen dutelako; hori da beste arazoetako bat.

Udaltzain lanak egiten

Donostiako Udalaren jabetzakoa da hipodromo ondoko errepidea, baina Lasarte-Oriako lurretan dago errepide horretatik ikastetxera arteko bidea, egoera txarrean dagoen errepide zatia. Bada, bi asteotan Lasarte-Oriako zinegotziak eta Jesus Zaballos alkatea bera aritu dira egunean bi aldiz errepidea mozten eta haurrei eskolara arteko bidea egiten laguntzen. “Behartuta sentitu gara neurri hori hartzera, Donostiako Udalak esan zigulako euren ikastetxeetako beharren eraginez, udaltzainik ez zeukatela libre guri bidaltzeko”, azaldu du Zaballosek. Zinegotziek gaur arte daukate errepidea moztera joateko asmoa.

Mariaje Idoeta Donostiako Udaleko Auzoei eta Zeharkako Proiektuei atxikitako zinegotziak argitu du Lasarte-Oriako Udalak maiatzaren 30erako esku artean zeukala lehen txosten geologikoa. “Eta guk irailaren 6an, ostiralean, jaso genuen ikastetxearen deia, 14:30ean, asteartean ikasturtea hasiko zela eta errepidea moztu behar zela esanez”. Idoetak argitu du Donostian bertan ez daukatela ikastetxe guztiei zerbitzua eskaintzeko adina udaltzain. “Eta ekainean egiten da plangintza hori. Lasarte-Oriako Udalak maiatzetik zeukan arazoaren berri, baina ez du ezer egin. Arazoa, gainera, ez da hipodromo ondoko errepidea, ikastetxera iristeko beste bidea baizik, eta Lasarte-Oriarena da hori. Zenbat denborarako nahi dute guk errepidea moztea? Eta zein plangintza dago obrak egiteko?”.

Errepidearena eta jangelarena ez da, gainera, Landaberrik daukan arazo bakarra, ikastetxearen estalkia ere ez dagoelako egoera onean eta ituteak izaten dituztelako euria egiten duenean. Alde horretatik, Zaballosek jakinarazi du arkitekto bat kontratatu zutela urte hasieran, estalkia berritzeko proiektuari ekiteko. “Baina, ikastetxera igotzeko aldapa zein egoeratan zegoen ikusita, orduan kontratatu behar izan genuen geologoa, eta hark zehaztu zuen luizia izateko arriskua dagoela”. Lasarte-Oriako Udalak ekainaren 7an bidali zion lehen txostena Hezkuntza Sailari. “Aldapa hori autoentzat eta autobusentzat itxita egongo zela azalduz, eta, ikasturtea irailean hastekoa zenez, neurriren bat hartu beharko zutela gaineratuz”. Hezkuntza Sailaren hitzetan, errepide horretan egin beharreko lanak ez dira bere eskumenak. “Lasarte-Oriako Udalari dagokio lan horiek egitea”.

Gurasoak, konponbide bila

Kaltetu nagusiak haurrak eta gurasoak direla ulertuta, alde guztiek behin-behineko neurri bat hartu dute gatazketako bati irtenbidea emateko, baina gurasoek bilera egin zuten astelehenean, eta, urte askoan izaten ari diren arazoak kontuan hartuta, “erabateko irtenbidea lortu arte” borrokan jarraitzeko asmo irmoa azaldu zuten. Hori bai, geologoek pare bat hilabete beharko dituzte, oraindik, txosten geoteknikoa amaitzeko eta ikastetxean egin beharreko lan guztiak nola desblokea daitezkeen aztertzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.