Geldialdia egiteko gune berria

Geldialdia egiteko gune berria

Imanol Saiz

Azken urtebetean milaka eta milaka migratzaile iritsi da Euskal Herrira. Horietako asko Europa iparralderako bidean sartu dira Gipuzkoan, eta gehienek Irunen egin dute geldialditxoa. Azken hilabeteetako fluxuaren igoerarekin, migratzaileek zenbait aterpetxe eskuragarri izan dituzte hirian. Bada, urritik aurrera, migratzaileentzako beste zentro bat izango du Irunek, eta, Gurutze Gorriko arduradunek zehaztu dutenez, “orain artekoak baino handiagoa eta erosoagoa”.

Eusko Jaurlaritzaren ekimenez zabalduko dute zentro berri hori. Joan den astean jakinarazi zuten albistea, zenbait ordezkarik gunera bertara egindako bisita bat probestuz. Gurutze Gorriak kudeatuko du zentro berria, eta ehun plaza eskainiko ditu orotara. Azken hilabeteotan Irungo Martindozeneko aterpetxean egin dute lo migratzaile horietako askok; hirurogei plaza izan dituzte eskura bertan.

Gurutze Gorriko Babes eta Arreta programen arduradun Nahia Diez de Corcuerak eman ditu zentro berriaren xehetasunak. Egungo aterpetxea udalak kudeatzen duenez, eta bereziki hiriko gazteei begirako jarduerak eskaintzeko gunea denez, “bestelako funtzioak berreskuratzeko apustua” egin du Eusko Jaurlaritzak. Fluxua iazkoa baino handiagoa izan zitekeela pentsatuta erabaki dute plaza kopurua handitzea. “Gorako joera nabaritu dugu hemen, Euskadira iristen diren migratzaile gehienek Irungo baliabideak erabiltzen dituztelako”.

Gune berria prestatzeko egokitu egin dute Belaskoenea auzoko auto kontzesionario zahar bat. Azken hilabetean obra ugari egin dituzte bertan, etorkizuneko harreraguneari itxura berria emateko asmoz. Komunak, dutxak, emakumezkoen eta gizonezkoen eremuak, soinean daramatena gordetzeko aretoa, aisialdi eremua… Prest dute ia dena, eta oheak eta altzariak eramatea soilik falta zaiela zehaztu du Diezek. Martindozenea aterpetxetik zazpiehun bat metrora dago zentro berria. “Espazio handia da, Martindozenea baino erosoagoa”.

Azken urtebetean egungo aterpetxean eskaini duten bezala, eguneko zein gaueko zentroa izango da Belaskoenea auzoko gunea. “Erosotasun guztiak eskaini nahi dizkiegu hona iristen direnei; hala nola atseden hartzeko, sakelakoak kargatzeko eta bestelako jarduerak egiteko aukera izan dezaten bertan”. Ia ehun boluntario ariko dira aterpetxean. “Egun, laurogei inguru aritzen gara Irungo zentroan; kide guztiok proiektu honetan bakarrik ari gara lanean”. Urrian zentro berriaren ateak zabaldu bezain laster, Martindozeneko aterpetxea betiko itxiko dute migratzaileen harrera gune bezala.

Azken hilabeteetako egunerokoa aztertuta, irundarren babesa eskertu nahi izan dute Gurutze Gorriko boluntarioek: “Eta herritarrek orain arte eman diguten babes hori guztia mantendu egingo dela uste dugu. Migratzaileen arreta da garrantzitsuena; berdin dio arreta hori non ematen den. Ahalik eta gizatasunik handienarekin erantzun behar diogu egoerari”.

Arazoa, “berbera”

Erabakiarekin oso pozik daude Gurutze Gorriko kideak, baina ez, ordea, Irungo Harrera Sareko kideak. Batetik, Irungo Udaletik eta Eusko Jaurlaritzatik deirik jaso ez izana salatu dute. “Inork ez digu abisatu; guri Ahal Dugu-ko zinegotzi baten bitartez iritsi zaigu albistea”, azaldu du Ruth Lopezek, sareko kideak. Bestetik, zalantzan jarri dute zentroaren eraginkortasuna, eta egoera iraultzeko ez dela “benetako tresna” salatu dute. Orain arte Martindozenean gertatzen den bezala, zentro berrian ere hirira iristen diren migratzaile guztien beharrek “kolokan” jarraituko dutela azaldu dute. “Arazoa berbera izango da aurrerantzean ere. Joan den neguan ez ziren betetzen Martindozeneako hirurogei plaza horiek, eta, ondorioz, aurrerantzean ere ez dira beteko gune berri horretako ehun plazak”.

Lopezen arabera, gunean lo egiteko jartzen dituzten baldintzen ondorioa da hainbeste ohe hutsik geratzea. Azken hilabeteotan erakundeek migratzaileei jarritako baldintzak “gogorregiak” izan direla salatu dute, behin eta berriro, sareko kideek, eta erakundeen jarrera aurrerantzean ere “berbera” izango dela azpimarratu dute. Hala, eskatutako baldintza guztiak betez gero, gehienez bost eguneko egonaldia egin dezakete hirira iritsitakoek. “Penintsulatik sartzeagatik kanporatzeko agindurik ez badago, migratzaile hori ez dute onartuko Irungo zentroan”, azaldu du sareko kideak.

Gauzak horrela, gazte askok egunak eta gauak kalean igaro behar izaten dituztela azaldu dute, haserre, eta urritik aurrera ere egoera berbera izango dela zehaztu dute: “Zer dago horren guztiaren atzean, batzuk soilik onartu ahal izateko? Ez dugu ezertxo ere ulertzen”. Irungo Harrera Sareko kideek, hamaikagarrenez, eskaera argia egin diete egungo errealitatearekin zerikusia daukaten erakunde guztiei: inor kalean gera ez dadin bertan lo egiteko baldintzak leuntzea. “Europako edozein herrialdetatik nahiz Espainiako hegoaldetik iritsita ere, denei lo egiteko eskubidea bermatzea exijitzen dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.