Maria Jesus Etxeberria: “Iraileko egun hauek ematen digute urteari eusteko modua”

Maria Jesus Etxeberria: “Iraileko egun hauek ematen digute urteari eusteko modua”

Eider Goenaga Lizaso

Bederatzi urte daramatza Maria Jesus Etxeberriak (Urrestilla, Azpeitia, 1965) Zelatungo Antonioren Bordaren kargu. Iraileko igandeak iristeko zain egiten dute urtea, eta erromeria egun horiei esker lortzen dute urte osoan bizibidea ateratzea. Zelatunen dauden bi borden artean antolatzen dituzte iraileko erromeriak.

Pasatu dira jada hiru igande. Zer moduz joan dira?

Triste samarrak izan ziren aurreneko biak; eguraldiak ez zuen lagundu. Baina ederra izan zen azken igandea. Arratsaldean zaparrada bota zuen, baina ordura arte gustura eta giro ederrean aritu zen jendea. Orain, ea zer gertatzen den hurrengo bietan; gu lepo ari gara hori prestatzeko lanean.

Aurten bost igande ditu irailak. Lan gehiago emango dizue horrek, ezta?

Bueno, iaz ere bost izan ziren, baina eguraldiaren araberakoa izaten da lana. Iaz, bai, giro ona egin zuen, eta lan asko egin genuen. Dena den, esan beharra dago Zelatungo erromeriei hasiera jartzen diena San Juan Txiki eguna dela, abuztuaren 29a. Seigarren festa eguna izaten da. Eta aurten, osteguna izan arren, eguraldi bikaina egin zuenez, jende pila bat etorri zen.

Noiztik egiten da San Juan Txiki eguna?

Lehen-lehen, ospatzen zen, baina urte askoan galduta egon da ohitura; San Juan Txiki beti ospatzen delako abuztuaren 29an, eta, agian, asteguna bazen, txabolak itxita egoten ziren… Eta, noski, txabolak itxita, girorik ez, eta girorik ez bazen, jendea ez zen igotzen. Kontua da duela zortzi urte berreskuratu egin genuela, adineko jendeak kontatutakoari jarraituz; haiek esaten zigutenez, garai batean, irailekoen aurretik, San Juan Txiki eguneko erromeria egiten zuten, Iturriotzen dagoen San Juanen ermitatik abiatuta.

Alegia, San Juan Txiki egunak ematen zien hasiera iraileko erromeriei?

Bai. San Juan Txiki eguna ospatu, eta, jarraian, lau igandeetan izaten zen erromeria Zelatunen. Lau izaten ziren beti, inoiz ez bost.

Zuek hasi zineten berriro San Juan Txiki ospatzen; baina baita borda egunero irekitzen ere.

Hala da. Asteburuetan soilik irekitzen zuten aurrekoek, baina duela bederatzi urtetik, gu hasi ginenetik, egunero irekitzen dugu maiatzaren 1etik azaroaren 1era; eta baita Aste Santuan eta Eguberrietan ere. Gainerakoan, ostiral, larunbat eta igandeetan irekitzen dugu.

Ibiltzen da jende nahikoa egunero irekitzeko?

Udan egunero ibiltzen da jendea, beti izaten da lana. Agian, ez dira bazkaltzera etorriko, baina beti egoten da txorizo pintxoa edo salda bat hartzera etortzen den norbait. Jende askok pentsatzen du borda hauek udalen batenak edo diputazioarenak direla. Baina ez; pribatuak dira. Alokairuan daukagu, beste edozein negozio bezala. Lehen, asteburuetan bakarrik irekitzen zuten, baina hemendik bizi bazara, zergak ordaindu behar badituzu, ezinezkoa da asteburuetan soilik irekiz eustea.

Udan, turistak ere igotzen dira, eta karta ingelesez ere baduzue.

Bai, turista asko igotzen da uda partean-eta. Nekazaritza turismoko etxe ugari daude inguruko herrietan; Errezilen bakarrik, jada hiru badira, eta horietatik jende asko igotzen da Herniora. Gero, astean bizpahirutan, Donostian ostatu hartzen duten turistak ere etortzen dira; aste barruan autoz igo daitekeenez, furgonetetan-eta etortzen dira.

Dena den, ez da izango iraileko igandeetan adinako lan egunik, ezta?

Ez, ez. Iraileko egun hauek ematen digute urteari eusteko modua; beste tabernentzat herriko festak bezala dira guretzat iraileko erromeria egunak. Atzo bertan [joan den igandean], 28 senitarteko eta lagun aritu ziren guri laguntzen. Ostiral Santua da urteko beste egun garrantzitsu bat; gurutze bidea egiten da, eta jende asko etortzen da.

Garai batean, bijilia egunak egiten ziren Zelatungo bordetan, eta ez zen haragirik zerbitzatzen. Orain ere egiten da?

Gurean, urte osoan ez dugu arrainik ipintzen, baina Ostiral Santuan, bai. Egun horretan, txorizo pintxoaz eta saldaz gain, arrain salda, arrain paella eta legatz pintxoa egoten da; nahi duenak bijilia egiten du, eta nahi ez duenak, ez.

Ohiturak aldatu dira; Zelatungo erromeriak ere bai?

Ezetz esango nuke; beti izaten da giro euskalduneko jendea, familia giroa, erromeriaren inguruan biltzen dena… Bere izaerari eusten diola esango nuke. Nik, behintzat, horrelaxe gogoratzen ditut txikitatik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.