Oroimenean manten dadin

Oroimenean manten dadin

Beñat Alberdi

Alzheimerra ez da hain gaixotasun ezezaguna. Jakina da zuzenean eragiten duela eriaren memorian. Beste kontu bat da, ordea, gaur egun zein den eritasunaren errealitatea. Alzheimerra edo beste dementziaren bat dutenen senitartekoen eta lagunen Gipuzkoako elkartea da Afagi, eta, haren arabera, gaur egun 12.000 gipuzkoarrek baino gehiagok dute alzheimerra. Eriei ez ezik, ingurukoei ere eragiten die gaixotasunak; hots, zaintza lanez arduratzen direnei. Egoeraren jakitun, ikus-entzunezko ikuskizun bat prestatu dute Oñatiko Ganbara Faktoriak eta Afagi elkarteak. Bihar estreinatuko dute, Alzheimerraren Nazioarteko Egunean, Oñatiko Zubikoa pilotalekuan, 22:00etan.

“Aspaldi neukan buruan gai horri lotutako lanen bat prestatu behar genuela”, azaldu du Aitor Biainek, Ganbara Faktoriako eta proiektuko zuzendariak. Oñatin dauka gunea Ganbara Faktoriak eta adin desberdineko hainbat taldez osatuta dago: Tailerrak, Ganbara Txikitxo, Ganbara Txiki, eta Hots eta Ganbara abesbatzak. Hots arduratuko da proiektuari ahotsa jartzeaz, emakumez osatutako abesbatza. “Urteko jardunean tarte bat daukagunean saiatzen gara beti elkartasunezko kontzerturen bat prestatzen”, nabarmendu du Biainek.

Arduradunei bi ezinegon sorrarazi dizkie alzheimerraren gaiak: batetik, gaixotasunak daukan garrantzia, eta, bestetik, gaia taularatzeko modua. “Badakigu gero eta pertsona gehiagok daukatela alzheimerra, eta prebentzioa eta detekzioa bultzatu nahiko genituzke”. Zati artistikotik harago, “gaixotasunen kontzientzia” bultzatu nahi dute, “ikusgarritasuna emateko eta gizartearen sentsibilitatea lantzeko”.

Taldearentzat ez da izan samurra taula gaineko ikuskizuna prestatzea. Gaia nola antzeztu pentsatzeak nahikoa lan eman diela azaldu du Biainek, eta, alde horretatik, baliagarria izan zaie Afagiren ekarpena: “Izugarria izan da euren esperientziak entzutea. Asko lagundu digute”.

Andoni Salamero poetak prestatu du ikuskizunerako testua, eta bera arduratuko da narratzaile lanaz. Ikuskizunaren hasieran alzheimerra diagnostikatuko diote protagonistari. Badaki momenturen batean oroitzapenak galduko dituela, eta Oroimenean izeneko testua idatziko du egoerari erantzuteko, oroitzapen horiei guztiei hitzak jartzeko eta guztiak gorde ahal izateko.

Musika, kantu eta dantza bidez antzeztuko dituzte protagonistaren bizitzako momenturik garrantzitsuenak. Hamar bloke prestatu dituzte. “Norberarentzako unerik garrantzitsuenak zeintzuk diren, horretaz hausnartu dugu: amak txikitan abesten zituen abestiak edo lehen maitasuna, adibidez”.

Baina, azken batean, momentu horiek guztiak pixkanaka ahantzarazten dituen gaitz batekin lotuta dago ikuskizuna. Margolanen markoak erabili dituzte ideia horiek guztiak taula gainean jartzeko. “Gaixotasunaren eraginez, kaos bat da norbere burua”, hasi du azalpena zuzendariak. “Baina kaos hori modu ordenatuan aurkez dezakegu horrela. Argazki bat gordetzen du marko batek. Hor dago. Beraz, ez du ihes egiten”. Agertoki guztia beteko dute markoekin. Azken batean, metaforikoki bada ere, eta barruko edukia galdu arren, hor jarraituko du markoak. Biainen hitzetan, alzheimerra jasaten dutenen bat-bateko egoera aldaketa da gakoa; hots, momentu batean zerbait oroitu arren, azkar batean desager daitekeela oroimen zehatz hori: “Markoa hustu egiten da momentu batean, eta barruan zerbait agertzen da handik gutxira. Jokoa ematen digu egitura horrek”.

Ikus-entzunezko lana izaki, garrantzi handia izango du musikak ere. Orkestra batekin jardungo du abesbatzak, eta Manex Alberdi dantzariak ere parte hartuko du. Guztira, 70 bat pertsona ariko dira lanean. Junkal Guerrero musikagilearekin prestatu dituzte egitasmorako abestiak.

Argiztapenak ere eragin nabarmena izango du ikuskizunean. “Bi planorekin jolastuko dugu: protagonista eta bere burua”, argitu du Ganbara Faktoriako kideak. “Argiztapena oso baliagarria izango da bi mundu horien arteko harremana ikusarazteko”. Funtsean, “ikusleengan eragitea” da erronketako bat, ikuskizunean sartu nahi dute ikuslea bera ere. “Eriaren inguruan dauden guztiek pairatzen dituzte gaixotasun honen eragin latzak. Beraz, gure elkartasun eta babes guztia helarazi nahi diegu saio honekin”.

Atzera eta aurrera begira

Bihar da Alzheimerraren Nazioarteko Eguna, baina egitasmoa ez da bihar hasi eta bukatuko. Hilabete honetan markoak jarri dituzte herriko hainbat dendaren erakusleihoetan, eta alzheimerrarekin zerikusia daukaten esaldiak ageri dira horietan. Bestalde, Afagik hitzaldi bat eman zuen joan den asteazkenean. Aurrera begira, berriz, proiektua ez dute mugatu nahi egun bakarreko ekitaldi batera. Zabalik dauzkate ateak beste herriren baten deia jasoz gero, eta disko bat ere plazaratu nahiko lukete: “Denboran gorde nahiko genuke ikuskizuna, eta aukera ona da diskoarena”.

Sarrerak salgai daude jada www.oñati.eus webgunean, Oñatiko Foruen Enparantzako txarteldegi digitalean eta Txokolateixa saltokian.

Leave a Reply

Your email address will not be published.