Konfiantza pedagogian

Konfiantza pedagogian

Beñat Alberdi

Oinarri hartuta dauka Arizmendi ikastolak gazteak prestatu behar dituztela geroz eta aldakorragoa den mundu honetarako. Horretarako hautatu zuten, duela urte batzuk, konfiantzaren pedagogia. Orain, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailan zein Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailan aplikatu nahi dute. Irailaren 3an aurkeztu zuten Ametsak betetzeko daudelako! liburua, nola egin eztabaidatzeko oinarriak jaso dituen dokumentua. Hezitzaileen lana zen liburua irakurri eta iritzi bat garatzea. Aste honetan eztabaidatu dute zer landuko duten ikasturtean.

Gaiak lehen galdera jartzen du, ordea, mahai gainean: zer da konfiantzaren pedagogia? Gakoa da pertsona batek konfiantzazko eremu batean garatzen dituela bere gaitasunak egokien, hau da, seguru sentitzen den eremu batek lagundu egingo diola bere onena aurkitzen. “Pertsonari bere hezkuntza ibilbidean laguntzea da”, azaldu du Amaia Anterok, Arizmendi ikastolako berrikuntza pedagogikoko zuzendariak. “Helburua da bere buruarengan, ingurukoengan eta testuinguruan konfiantza izatea. Hori nahitaezko baldintza da bere ikasprozesuan aurrera egiteko”.

Ondorio hori, dena den, ez dute egun bakarrean lortu. Egindako hausnarketa nabarmendu du Aritz Oianguren Lehen Hezkuntzako zuzendariak: “Hasieratik ikaslea ulertzea izan da helburua. Prozesu horretan konturatu gara noiz garatzen den egokien: lasai eta konfiantzaz dagoenean, babestua sentitzen denean”.

Nola eraman praktikara

Zer den erantzun ostean, beste galdera bat jarraian: nola aplikatzen da? “Ikaslea jarri nahi dugu erdigunean”, zehaztu du Jaione Uriarte DBHko Berrikuntzako arduradunak. “Horrek domino efektu bat sortzen du. Erdigunea ikaslearena bada, irakaslea kentzen du erdigunetik”. Ikasgeletan tradizionalki egon den hierarkia jartzen du ezbaian erdigunearen kontuak. Ohikoena izan ohi da irakaslea hizketan aritzea, eta ikaslea entzuten. “Gure lana jada ez da edukia ikasleari kosta ahala kosta sartzea, eroso sentiaraztea baizik”, gehitu du Oiangurenek.

Praktikan nola jarri azaltzeko, Uriartek “familiarizazioa” jarri du adibide gisa. Etapa guztietan, dakartzan aldaketak kontuan hartuta, egoera berrira egokitzeko dinamikak jartzen dituzte martxan; adibidez, gurasoek lehen aldiz haur eskolan utziko duten haurraren kasuan. “Orain ez zaigu buruan sartzen gurasoek haurra utzi eta alde egitea. Baina DBHko lehen urteko ikasle batek ere ikasgela berri bat izan dezake”. Anterok argitu du ikerketek zehaztua dutela nola erantzuten duen gizakiak nobedadeen aurrean: edo jakin-minez, edo beldurrez. “Beldurrez erantzuten bada, ikasketa prozesua blokeatu dezake; beraz, argi horrekin”.

Aurretiaz aipatu bezala, LHko azken bi urteetan eta DBHko lehen bietan jarriko dute martxan aurten. Irailean aurkeztutako liburuan prototipoa dago batuta, hots, planteamendu bat nola garatu ahal izango den. Azken finean, hutsetik hasi ordez, nahiago izan dute dokumentu baten gainean eztabaidatu. Berrikuntza Pedagogikoko taldea arduratu da parte hartzaileen proposamenak jasotzeaz eta libururako taxutzeaz. Bertako kide izan dira Antero, Oianguren eta Uriarte.

Lan saioa, eta aurrera begira

Joan den astearteko lan bilera izan zen azken-aurreko urratsa. Orain, jasotako proposamenekin, zirriborroari azken ukitua ematea falta zaie. “Helburua zen amaierako proiektua langile guztiena izatea”, argitu du Oiangurenek.

Arizmendiko 250 langile inguru elkartu zituzten pedagogiaren inguruan hausnartzeko, irakasleetatik hasi eta garbitzaileetaraino. Bi orduko lan saioan, liburuko bi atal jarri zituzten mahai gainean: hasierako kontakizuna eta pertsona ereduaren eranskina. Motzean esanda, pedagogia garatzeko esparru partikularra definitu zuten hasierako kontakizunean, eta pedagogiaren bitartez lortu nahi duten pertsona mota eranskinean. “Bi ataletan, ariketa berdina izan zen: zenbateraino zaude konforme idatzitakoarekin, zein da zure ekarpena, eta zeintzuk galderak edo kezkak”, esan du Anterok.

Lan saioaren balorazio ona egiten dute. Horrelako ariketa bat planteatzea “erronka” izan dela gaineratu du Anterok, baina erantzun ona izan dutela. “Horrelako praktikak eskertzen direla esan digute, eta liburua asko aberastuko dugu”.

Uriartek esan duenez, orain saioko ekarpenak gehituko dizkiote proiektuari, langile guztien iritzia ordezka dezan. “Prototipoa probatu egingo dugu LHn eta DBHn, eta, funtzionatzen badu, etapa guztietara zabalduko dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.