“10.000 bat martetar datoz”

“10.000 bat martetar datoz”

Eneritz Maiz Etxarri

Bide luzea egin du Euskaldun bat Marten ipuinak, eta oraindik ere bidea egiten ari da. 50 urte dira Iñaki Zubeldia idazle ikaztegietarrak lehen ipuin hura idatzi zuenetik, eta, 50. urteurrena aitzakia hartuta, trilogia bat osatu du. Duela lau urte idatzi zuen Martetarrak Zarautzen, eta aurten Zertara datoz martetarrak?.

“Aspaldiko kontuak” direla dio idazleak. 1969an, Zarautzen aritu zen irakasle lanetan, eta urte hartako udan iritsi zen Apolo 11 AEBetako espaziontzia ilargira; hark piztu zion ideia Zubeldiari: “24 urte nituen orduan, eta oso oroimen politak dauzkat. Asko eman dit liburu horrek. Irakurleei dagokienez, batetik, eta, horrez gain, idazle izateko nolabaiteko gogoa piztu zidan”. Ikaztegietarraren lehen ipuina izan zen, eta Irun saria eskuratu zuen. “Oso sari garrantzitsua zen garai hartan, eta hark bultzatu ninduen gehiago idaztera”. Lehenengo saria eskuratu bazuen ere, liburua ez zen publikatu. “Garai hartan, ez nuen ezagutzen argitaletxeen mundua. Frankismo garaia zen, gainera, eta nahiko zail zeuden gauzak. Beraz, ikastoletan zabaltzen hasi nintzen batez ere, eta gogoan dut, esaterako, Joxerra Gartziak eskatu zidala Arrasatetik”. Donostiatik ere iritsi zitzaizkion eskaerak. “Eta beste leku batzuetara ere iritsi zen. Horrela ibili zen urte mordo batean”, gogoratu du idazleak. Joxe Antonio Ormazabalen bultzadarekin, azkenik, 1982an publikatu zuten Euskaldun bat Marten.

“Ez horixe”, erantzun du idazle izan nahi ote zuen galdetuta. “Garai hartan, euskaraz ez zegoen ia ezer, eta gure ikasleek gazteleraz irakurri behar izaten zuten. Ez nuen izan idazle mentalitaterik. Euskal eskola aurrera atera behar zen lehendabizi; ez zegoen materialik, eta euskaraz sortzen hastea izan zen lehen eginkizuna”.

Lehen liburuak hamar bat edizio izan zituen Elkarren, eta Ibaizabal argitaletxean sei izan ditu gerora. “45.000 ale inguru salduko ziren guztira”, nabarmendu du: “Haurrei barru-barruraino iritsi zaie liburua, asko gustatu zaie, eta horregatik izan du hedapen hori”. Bitxikeriak ere gertatzen zaizkio eskoletara joaten denean: “Liburu zahar-zaharrekin etortzen zaizkit umeak, ‘ez dut erosi’ esanez. Amak edo aitak gordeta zeukatelako, ez dute erosi beharrik izan”.

Behin ipuina idatzita, Zubeldiak inoiz ez zuen pentsatu jarraipena ematerik: “Niretzat istorio itxia zen hura, baina Imanol Agirre Zarauzko Garoa liburu dendaren jabeak animatu ninduen pausoa ematera”. Haurra zela liburu harekin “asko” gozatu zuela esan zion Agirrek, eta bigarren zatia egin beharra zeukala. “‘Hori duk hire libururik onena, eta noiz idatzi behar duk martetarren bigarren zatia?’, esaten zidan. Nik beti erantzuten nion aspaldiko kontuak zirela eta ez zela egongo bigarren zatirik”.

Orain sei bat urte, ordea, Agirrek berriz ere gaia atera zionean konturatu zen istorio hura idatzi zuenetik 50 urte beteko zirela laster: “Egun batean, Zarauzko malekoian paseoan nenbilela, ‘laster 2019a’ etorri zitzaidan burura. 50 urte martetarrak etorri zirela! Horixe izan da idazteko motiboa eta helduleku bakarra: 50. urteurrena ospatzeko martetar pila bat ekarri nahi dutela Zarautzera”.

Ideia garatzen hasi zen berehala. “10.000 bat martetar txiki, bostehun bat espaziontzitan…”. Baina ideia hori ezin zen landu besterik gabe. “Eta aurretik bigarren liburu bat egitea pentsatu nuen, prestakuntzak egitera nola etortzen ziren kontatuz; martetarrek Zarauzko Udalarekin adostuko dute etorrera”. 2015ean argitaratu zuen Martetarrak Zarautzen liburua, eta aurtengo abuztuan Zertara datoz martetarrak?, lehen ipuina idatzi zuenetik 50 urte bete direla.

Lur hartzeko, marea baxua

Idazleek gauza arraroak egiten dituztela aitortu du ikaztegietarrak: “Abuztuaren 1ean iritsi behar zuten martetarrek Zarautzera. Ni kanpoan nenbilen erosketetan, eta 11:30erako, martetarrek iritsi behar zuten ordurako, hondartzan egotea zen nire obsesioa. Banekien ez zirela etorriko, baina…”. Bostehun espaziontziak Zarauzko hondartzan lurreratu ahal izateko, Zubeldia, urtebete lehenago, harremanetan jarri zen Azti-Tecnaliarekin: “Marea baxua zehazki noiz izango zen jakin nahi nuen, eta txintxo-txintxo erantzun zidaten; 11:20an izango zela esan zidaten. Ni 11:30erako iritsi nintzen, eta berrehun metro jaitsita zegoen marea; izugarri baxu zegoen”. Gustura geratu zen ikaztegietarra, liburuan idatzi bezala martetar guztiek lur hartzea posible izan zutelako.

Zubeldia eskolaz eskola ibiltzen da egun, eta martetarrei buruzko istorioek haurrak erakartzen dituztela azaldu du. “Baina asko ari da jaisten irakurzaletasuna. Eskoletan ibiltzen garen idazleok oso argi ikusten dugu hori”. Alde batetik, eskolek “askoz eskaera gutxiago” egiten dutela azaldu du. “Eta, bestetik, tabletek eta sakelakoek irakurtzeko gogoa eta denbora jaten diete haurrei; gauza azkarragoetara ohitu dira. Oso azkarrak dira irudiak eta mugimenduak, eta modu pausatua eskatzen du irakurketak”. Alde horretatik, “etsai handi samarra” sortu zaiela uste du. “Baina irakurketa beti izango da disfrutatuz eta patxadan egin beharrekoa”.

Berrogei liburu baino gehiago ditu argitaratuak Zubeldiak, eta behin Unai izeneko haur euskaldun bat Martera bidali zuen idazleari ez zaizkio bukatu idazten jarraitzeko gaiak eta ideiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.