“Artea ideia bat da; eta traste pila bat dago orain, baina ideia gutxi”

“Artea ideia bat da; eta traste pila bat dago orain, baina ideia gutxi”

Eider Goenaga Lizaso

“Kasualitatez” jaio zen Mikel Campo Burgosen (Miranda Ebro, Espainia, 1957). Araban bizi ziren gurasoak, baina Miranda Ebroko ospitalea zuten gertuen ama erditu zenean. Hori argituz hasi du elkarrizketa. Gipuzkoan egin zituen bere bizitzako urte gehienak —Deban eta Zarautzen—, eta Iruñean bizi da egun. Unibertsitatera itzuli da: Esperientzia Gela batean ari da, besteen esperientzietatik ikasi eta “lagun berriak” egiten: “Nire adinarekin, hori ez da erraza”.

Debako Arte Eskolan zuzendari izandakoak Oteiza, 50 urte Deban hitzaldia emango du gaur, Debako kultur elkartean. Aurten bete baitira 50 urte Oteizak Debako Arte Esperimentalen Eskola sortu zuela. Hitzaldiaren izen bera daraman erakusketa ere antolatu du kultur elkarteak, eta, besteak beste, Jorge Oteizak Arantzazuko apostoluak egiteko erabilitako moldeak daude ikusgai.

Pertsonalki ezagutu zenuen Oteiza?

Bai, Zarautzen, Xabier Lizardiren omenezko eskultura egiten ari ginela hurbildu zitzaigun. Harritu egin zen ikustean eskultura kalean egiten ari ginela. Hor sortu zen harremana, eta gerora askotan izan nintzen haren etxean. Eztabaida luze eta sakonak izaten genituen. Hari buruz beti esaten dut ez dagoela Oteiza bakarra, hiru daudela. Bat Oteiza eskultorea da; bestea, idazlea, poeta; eta, azkenik, haren irudi publikoa, gizon erretxinarena.

Hitz egiten al zenuten Debako Arte Eskolari buruz?

Ez, eskolan beti izan zen nabarmena Oteizaren itzala, baina berak ez zuen galdetzen eskolari buruz; ez zen gehiago bertan izan.

Debako Arte Eskolan aurten ez dago ikaslerik. Itxi egin dute. Zer sentimendu eragiten dizu?

Badira hiru urte eskola utzi nuela, eta kanpotik ari naiz bizitzen. Baina aurreikustekoa zen; ikasleak gero eta gutxiago ziren, egungo garai eta beharretara egokitzeko proiektu bat falta zen, eta erakundeek ere ez zuten benetako apusturik egiten. Pena ematen dit, batez ere, han transmititzen ziren balioak galtzeak: batetik, esfortzua, gauzak lortzeko egin beharreko ahalegina; eta, bestetik, prozesuaren garrantzia. Emaitzari baino gehiago, prozesuari ematen genion garrantzia, egungo bat-batekotasunetik urrun.

Ofizioak irakasteko eskola zen, baina zuetako batzuk arte sortzaile ere bazineten, ezta?

Bai, ofizioa erakusten genuen guk, eta tresna bat da ofizioa. Harria lantzen erakusten nuen nik, eta harri hori zutabe bat edo eskultura bat egiteko landu daiteke. Materiala ezagutu, lantzen ikasi, zer tresna eta zer teknika erabili behar den jakin… Ezagutza horrekin, bere bidea egiten du ikasle bakoitzak. Lanbide gisa hartzen zuten batzuek; beste batzuek arte sorkuntzatik egiten zuten bidea. Ofizioa ikasi ostean, bakoitzaren aukera zen ibilbidea.

Artista batentzat ezinbesteko ikusten duzu materiala eta ofizioa ezagutzea?

Bueno, lehen hala zen, baina orain ez du halako pisurik prozesuak eta materialak ezagutzeak. Egun, eskultura asko ez dira eskuz egiten. Teknologia berriekin, makinek egiten dituzte. Dena mekanizatuta dago, dena berdindu egin da; eta horrek galera dakar prozesuan eta materialen ezagutzan. Galduz joan da artisauaren espiritua eta lanketa.

Debako Arte Eskolak garrantzi handia izan zuen bere garaian.

Bai. 1969an, Oteizak Debako Arte Esperimentalen Eskola sortu zuenean, euskal kulturaren pizkundea ari zen gertatzen. Hainbat artista pasatu ziren handik, eta eztabaida sakonen lekuko izan zen. Teknikak ere lantzen ziren, baina pentsamendua zen nagusi.

Garai horri buruz hitz egingo duzu ostiralean [gaur] eskainiko duzun hitzaldian?

Bai. Aurten justu 50 urte bete dira, eta sorreraz hitz egingo dut. Oteizak hitzaldi bat egin zuen Pasaian, eta artistentzat eskola bat sortzeaz aritu zen. Debako orduko alkateak, Joaquin Aperribaik, hitzaldia entzun eta aukera ikusi zuen Oteizak nahi zuen hori Deban gauzatzeko. Debako Ostolaza anaiek dirutza egin zuten Ameriketan, eta diru bat utzi zuten Deban euskal kultura eta artea suspertzeko. Aperribaik Oteizari eskaini zion aukera, eta horrela iritsi zen Oteiza Debara.

Eskolak ez zuen asko iraun.

Ez, gehiago nahi zuen Oteizak, eta eskolak ez zituen asetzen bere nahiak. Eta pena izan zen, jende handia pasatu baitzen handik: [Agustin] Ibarrola, [Remigio] Mendiburu, Oteiza bera… Akademiaren ikuspegia zuen: eztabaida, filosofia, antropologia… Hamar hilabeteren buruan utzi zuen Oteizak proiektua, eta bi urtez jarraitu zuen eskolak. 1981ean jarri zuten berriro martxan. Baina Debako Arte Eskola beste gauza bat zen jada: askoz ere finkatuagoa, eskola ordutegiekin, egitura batekin… Eskola gisa ezagutzen duguna zen ordurako, ofizio artistikoetan zentratua, eta ez artean.

Garai hartan sortu zen Leioan Arte Ederren Fakultatea ere.

Bai, baina oso gauza ezberdina zen. Ofizioak ikastera zuzendua zegoen gurea, eta oso markatuta zegoen hori. Egia da hainbat ikaslek Deban ofizioa ikasi ostean Arte Ederrak ikasten zutela. Nik ere bai, 90eko hamarkadan.

Debako Arte Eskola itxita, nora joan daiteke pertsona bat ofizio horietako bat ikastera?

Espainiako Estatuan erkidego guztiek dute arte aplikatuen eskola bat; Nafarroan ere badago, baina Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ez dago aukerarik. Pena handia da, baina ez da egin ofizio tradizionalen aldeko apusturik. Egia da, halere, eskolan gauza asko aldatu beharko liratekeela aurrera jarraitzeko; garai eta teknologia berrietara egokitu, eta, batez ere, ikasketak homologatu, zentro ofizial gisa tituluak eman ahal izateko. Guk bere garaian egin genuen proiektu bat lanbide eskola ofizial bihurtzeko, baina Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren eskumena zen hori. Tamalez, galdu egin da aukera hori, eta zerbait egitekotan, hutsetik hasi beharko da; eta hori zailagoa da.

Zure kasuan, Gasteizko katedral berrian lanean ari zirenak ikustean erabaki omen zenuen harria landu nahi zenuela.

Gasteizen bizi nintzen, eta, egunero, katedraletik pasatzean, harria lantzen ikusten nituen. Gustatu egiten zitzaidan. Sartu, eta Aurelio Rivas maisu hargina zegoen bertan, galiziarra bera, eta lanean hasi nahi nuela esan nion. “Hasi, bada”, esan zidan. Eta, halaxe, mailua hartu eta harriari joka hasi nintzen. Hiruzpalau egunen buruan, Rivasek nire gogoa benetakoa zela ikusi zuenean, irakasten hasi zitzaidan.

Jardunean ikasi zenuen, beraz.

Bai, baina denbora gutxi egin nuen han, soldaduskara joan behar izan nuelako. Urte tonto hori bukatu zenean, Aiako Tailerrari buruz irakurri nuen. Pil-pilean zegoen. Harria lantzen zuten artistak biltzen ziren han, eta bertan hasi nintzen. Han ikasi nuen benetan harria lantzen.

Ofizioa ikasteko espazio bat topatu zenuen Aiako Tailerrean.

Bai. Lagun talde aparta ginen; ez zen komuna bat, baina ia-ia. Hiru urte egin nituen han. 1981ean, San Telmon erakusketa kolektibo bat antolatu genuen Aiako Tailerreko kideek egindako lanekin [120 bat eskultura], eta orduan pentsatu nuen beste bide batetik jarraitu behar nuela.

Orduan erabaki zenuen Italiara joatea, eskultura monumentala lantzera?

Carrarara joan nintzen. Mundu osoan ziren ezagunak hango eskultura tailerrak, eta Pizkundean bezala lantzen zuten harria, teknika zaharrak erabiliz. Arte ikuspegia baino gehiago, ofizioaren ikuspegia lantzen zen han, eta asko ikasi nuen; ez bakarrik harria lantzeaz: bizitzaz ere bai. Aldameneko tailerrean zegoen, adibidez, Louise Bourgeois, Botero ere ezagutu nuen han… 20 urte pasatxo nituen, eta ikasteko leku paregabea izan zen niretzat.

Eta zer ikasi zenuen bizitzaz?

Oso berezia zen harginen mundua; anarkistak ziren gehienak, eta, lan eskubideei zegokienez, kontzientzia handikoak… Baina gogorra ere izan zen, lan istripu pila bat gertatzen baitzen. Harrobietatik, menditik, sirena hotsa entzuten zen, eta kezka zabaltzen zen herrian gelditu ziren emakumeen artean: kezka, negarra, oihuak… Oroitzen dut istripu bat; sirena hotsen ondorengo isiltasun izugarri hori. Jende guztia kalean, hildakoa nor zen galdezka, eta hurrengo egunean, hiletara. Laneko arropak kendu, eta denak ondo jantzita, baina bakoitzak bere zapia lepoan: arrosa alderdi sozialistakoek, berdea errepublikanoek, gorria beste batzuek, edo urdina; eta gehienek, katxemira, anarkistena. Ofizio gogorra eta arriskutsua zen harginena.

Hiru urteren ondoren itzuli zinen Euskal Herrira.

Jugoslavian izan nintzen aurretik, hango eskultore batekin proiektu bat egiten, eta Euskal Herrira itzuli nintzen gero, Zarautzera. Xabier Lizardiren omenez eskultura bat egiteko lehiaketa antolatu zuten herrian, eta nire bikotekideak eta biok irabazi genuen. Imanol Murua alkateari proposatu nion eskultura hori kalean bertan lantzeko, eta ideia ona iruditu zitzaion hari. Eskerrak, ez baikenuen ez tailerrik eta ez ezer, eta ez baikenuen beste modurik eskultura hori egiteko. Polita izan zen. Harri handi batekin hasi ginen, eta, gutxika-gutxika, forma eman genion. Jendeak prozesu osoa ikusi zuen, beraz. Balio izan zuen, besteak beste, jendeak baloratzeko zenbateko lana dagoen halako obra baten atzean.

Zarauzkoaren ondoren hasi zinen lanean Debako Arte Eskolan, 1985ean.

Bai, Debako eskolako hainbat irakasle Arte Ederren Fakultate sortu berrira joan ziren lanera. Lekua sortu zen, eta niri eskaini zidaten. Harri lanketa irakasten nuen. Irakasle aritu nintzen lehenik, eta zuzendari gero, 1997an. Zuzendari bat behar zen, eta ni jarri nintzen, baina denen artean gidatzen genuen Debako Arte Eskola: zuzendaritza kolegiatua zen.

Arte Ederrak ikasi zenituen lanean zinela. Nolatan?

Ondo kontrolatzen nuen harriaren ofizioa, baina banuen hutsune bat: artearen inguruan oinarri bat falta nuen. Pizkunde garaia, adibidez, nire kontu ikasi nuen, baina Mesopotamiako arteaz ez nekien ezer. Dena den, oso arraroak dira Arte Ederren ikasketak. Ez dute ezertarako balio. Filosofia, historia, artearen historia… ikastea ondo dago, baina subjektiboegia da artea.

Lehen esan duzu emaitza baino garrantzitsuagoa dela prozesua. Hala bizi duzu zuk?

Bai, ibilbide moduan ulertzen dut nire obra. Tartean badaude enkarguz-eta eginiko lanak, baina, hori kenduta, prozesu baten parte gisa ikusten ditut nire obra guztiak. Eta bidaia da nire lana bateratzen duen ideia: bada harrizko maletekin egin nuen eskultura bat, Más pesan los recuerdos izenekoa (Pisuagoak dira oroitzapenak); edo bidaia argitzen laguntzen digun linterna bat, edo bidaiaren jomuga erakusten digun faroa… Nire gaia beti izan da bidaia.

Jada ez duzu harria lantzen. Horren falta sumatzen duzu?

Ez. Espazio bat behar duzu horretarako, eta baita sasoia ere, eta nik ez dut gogorik. Gainera, mundua, kaleak, trastez beteta daude; hainbeste eskultura, hainbeste farola, edukiontzi, bizikletak jartzeko euskarri… Gauza gehiegi dago, eta maiz artea egoten da sobran. Beraz, nik buruan dauzkat nire proiektuak, eta idatzi egiten dut batzuetan. Artea, azkenean, ideia bat da, eta traste pila bat dago orain, baina ideia gutxi. Ideia hori da, ordea, garrantzitsua.

Ez dituzu gustuko gaur egun egiten diren artelanak?

Ez da hori, baina asko galdu da prozesuan. Garai batean, eskultura bat egiten zenean, txikian egiten zen, eta gero joaten zen eskalan handituz, pixkanaka. Bilakaera bat zegoen prozesu horretan, txikian edo handian egin aldatu egiten baitira proportzioak, hutsuneak, perspektiba… Horrek obran aldatzera behartzen du artista: hasierako ideiaren bilakaera bat dago, prozesu bat, eta eskultoreak gainean egon behar du beti. Teknologia berriekin, galdu egin da hori; ordenagailuan diseinatutakoa zuzenean eskalan egiten dute makinek. Askotan, eskultura bat paretaren kontra jarri behar bada, atzeko aldea landu ere ez da egiten; eta lehen ez zen gertatzen hori. Emaitzari erreparatzen zaio orain, ondo gelditzeari, itxura polita izateari… Dena da itxura.

Arte sorkuntza prozesu bat bada, nola ikusten dituzu zuk zure ibilbide hasierako obrak?

Ez dit ezer berezirik eragiten. Ideia bat objektu bihurtzea da artea, eta, behin eskultura bat amaitu ondoren firma jartzen diozunean, eskultura hori jada ez da zurea, eta interesatu ere ez zaizu egiten. Hurrengoa da beti eskultura hobea, bestea berehala gelditzen da atzean, eta zure proiektua eraikitzen jarraitu behar duzu. Azkenean, zu obra bat egiten ari zarenean, zu ere haziz zoaz, ikasten zoaz, hobetuz zoaz, eta harriarekin duzun harremana aldatuz joaten da, aberastuz joaten da; hurrengo obra, beraz, beti izaten da hobea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.