Bala zuloen atzeko duintasuna

Bala zuloen atzeko duintasuna

Unai Zubeldia

Itzali zen 36ko gerra, zorionez, baina itzaltzen ari dira gerrako oroitzapenetako asko ere, tamalez. “Horregatik, belaunaldien arteko hesi hori apurtzeko ariketa egiten saiatu gara gu”, azaldu du Aitor Azurki kazetariak, Gerra Zibila Gipuzkoan; erresistentzia eta duintasuna erakusketaren sortzaileetako batek. “Donostian, Koldo Mitxelena kulturunetik oso gertu, badaude, oraindik ere, 36ko gerra oso latza izan zela erakusten diguten ikur batzuk, eta horiek erakustea da gerraren erantzuna erresistentzia eta duintasuna izan zela azaltzeko bideetako bat”.

Azurkik Donostiako Larramendi kaleko 19. zenbakian eman ditu azalpen horiek, parez pare dagoen paretari begira. “Bala zuloak dira horiek guztiak. Loiolako kuarteletik atera eta militarrak hiria hartzera sartu zirenean, lehen aldiz hemen topo egin zuten errepublikanoekin, eta borrokaldi latzak izan zituzten. Militarrek errepublikanoei jaurtitako balak dira horiek, eta erresistentzia eta duintasun horren sinbolo ere bada pareta hau, fronteak ez zirelako egon mendian eta lubakietan bakarrik”. Urrutira joan gabe, beste hainbat bala zulo daude Donostiako udaletxearen eta Maria Cristina hotelaren paretetan ere.

Azurkik eta Aitzol Arroyo historialariak kazetari eta historialari lanak uztartu dituzte ikerketa lana eta erakusketa bera gorpuzteko. “Gerra zibila Gipuzkoan bi hilabeteko garaipen ibilaldi bat izan zela zabaldu dute batean eta bestean”, hasi du azalpena Arroyok. “Eta hori ez da erabat zuzena. Horregatik, duintasun eta erresistentzia ariketa horretan sakontzen saiatu gara gu”. Nola? “Errealitate horien zuzeneko nahiz zeharkako lekukoen testigantzak bilduta”. Azurki eta Arroyoren hasierako ideia biribilduta, Antoni Nicolau aritu da komisario lanetan —”gure ideia gorpuzten lagundu digu”, aitortu du Azurkik—, eta joan den irailaren 10ean zabaldu zuten erakusketa Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean; abenduaren 28ra arte egongo da ikusgai.

Ainara Martin erakusketaren koordinatzaileak aitortu du ez dela 36ko gerraren inguruan egin den proiektu bakarra. “Askotan landu izan da gai hau; ikuspegi historikotik, batez ere. Baina pertsonak zituen oinarri proiektu honek, eta interesgarria iruditu zitzaigun. Guretzat, ukitu ezin den hori ere bada kultur ondarea”.

Historiari ekarpena eginez

Koldo Mitxelena kulturunearen atarian jarri duten argazkitik hasita egin nahi izan dute ekarpena bi sortzaileek. “Informazio berriaren alde borrokan ibili gara ikerketan”, aitortu du Azurkik. “Txikia bada ere, historiari ekarpena egiteko. Alde horretatik, guretzat garrantzitsua zen irudien lanketa; zer argazki lortu, nola lortu…”. Erakusketaren atarian dagoen argazkia, berez ez da argazki bat. “Guk sortu dugu irudia, bideo zati batetik hartuta, eta ez dakigu zehatz nor den emakume hori. Baina badakigu Irun inguruan grabatutakoa dela, eta, itxuragatik, atzerritarra da. Pistola metrailadore bat dauka eskuan, gainera, eta horri esker dakigu emakume garrantzitsua zela”.

80 urte atzera egiten laguntzen duen lehen pausoa besterik ez da argazki hori, bisitariari hausnartzeko gonbita egingo baitiote sarreran bertan, besteak beste Dolores Ibarruri Pasionaria buruzagi komunistaren esaldi batekin: “Behin, hain gogor kolpatu ninduen bizitzak, aurka egiten irakatsi baitzidan”. Arroyok gaineratu du Ruben semea Stalingradeko guduan hil ondorengoak izango direla, ziurrenik, hitz horiek. Emilio Mola militar kolpistak 1936ko uztailaren 19an, gerra hasi ondorengo egunean, aldarrikatutakoa ere islatu dute sala horretan bertan: “Beldurra erein… gu bezala pentsatzen ez duten guztiak eskrupulurik eta zalantzarik gabe paretik kenduta”.

Elgeta da 36ko gerra; Eibar ere bada; Donostia, Irun… “Baina, urteekin, gauzak ez dira asko aldatu. Zer irudi daukagu hor parean?”, bota du galdera Arroyok. Gazako eta Siriako sarraskien bi argazki ageri dira. “Baina gauza bera da azkenean. Zuri-beltzeko argazkia balitz, lasai asko izan zitekeen duela laurogei urtekoa. Beste erresistentzia batzuk dira, baina duintasun bera da”. Jendeari pentsarazten eta sentimenduren bat sortzen saiatu dira gaur egungo gerrako irudiak duela laurogei urtekoen parean jarrita.

Euskadiko Alderdi Komunistaren Herri aldizkarian frontera doazen zibilekin ateratako argazkia, alpargata eta kartutxera eta guzti frontearen lehen lerroan ageri den emakumea… Gerraren gordintasunean murgiltzeko etengabeko gonbita da erakusketa. “Gertakariak kontatu izan dizkigute beti, une jakin batean zer gertatu zen, baina ez horiek nork gauzatu zituen”. Horregatik, gerrako gertakarien kronologia bat jarri dute ezkerraldeko paretan, “ahalik eta sintetizazio lanik handiena eginda”. Eta eskuinaldean ageri dira gertakari horiek gauzatu zituzten pertsonen izen-abizenak, panel handi batean —Irungo lubaki baten argazkia ikus daiteke izen-abizenen atzean—.

Gipuzkoako Gerra Komisarian egiten zuten erregistrotik atera dituzte 12.000 izen-abizen horiek; Salamancako artxibategian (Espainia) daude gaur egun. “Baina kontuan hartu behar dugu ez direla guztiak, borrokalari asko ez baitziren pasatu erregistrotik, eta beste hainbaten kasuan dokumentu guztiak suntsitu egin baitzituzten. Orain arte ez zegoen horrelako zerrendarik”. Ordenagailu bat ere badago erakusketan, eta bertan egin daiteke 36ko gerran parte hartu zutenen bilaketa zehatza. Martinen hitzetan, helburua ez baita erakusketa itxi bat, ikerketa txosten bat edo ondorio itxi bat aurkeztea. “Herritarren ekarpenari atea zabaltzea baizik. Ideia, bizipen eta bando ezberdinak elkarren ondoan jartzeko espazio bat ahalbidetu nahi genuen”.

Erakundeekin elkarlanean

Aniztasunari heldu diote proiektua gauzatzeko ere. Aldundiak antolatu du erakusketa, eta Donostia Kulturarekin izan duten elkarlanari esker, adibidez, Viktoria Eugenia antzokiko butaka originalak berreskuratu dituzte erakusketan —bi dokumental ematen ari dira—; altzariekin, salei 1930-1950eko urteetako irudia ematen lagundu die Emausek; lubakietako zakuetarako birziklatutako plastikozko botilak tratatu eta osagarri bat sortu du Ecorek birziklatze enpresak; Espainiako Kultura Ministerioak eskura jarri dizkie Salamancako Artxibategia eta Espainiako Liburutegi Nazionala —anarkisten, komunisten, jeltzaleen, frankisten… hainbat kartel daude ikusgai—; Kutxa Fototekak ere egin du irudien ekarpena; eta KMKren artxibategia ere baliatu dute irudiak lortzeko.

“Berriki, emakume bat etorri zaigu esanez argazki honetan ageri den gizonezkoa bere aita dela”, azaldu du Azurkik, argazkiari begira. “Emakume hori hainbat aldiz etorri da erakusketara, bere lagunekin. Kasu hori ikertzen ari gara; beste hainbatek ere eman dizkigute euren datuak… Eta horixe lortu nahi genuen azken batean, nolabaiteko feedback hori”. Alde horretatik, testigantzetan lortutako dokumentuak eta objektuak ere ikusgai jarri dituzte erakusketan, Edurne alabaren bidez Victor Zelaia milizianoari besotik ateratako bala bat, edo Jose Arandia Saseta batailoiko gudariaren gudari txartela, esaterako.

Eta baita 11 bizitza historia edo zuzeneko testigantza, eta alde bakoitzak gerrari buruz egindako kontakizuna edo ikuspegi kontrajarria ere. Erakusketa 36ko gerrari buruzko historia liburu soil bat izan gabe, “herritarrak testuekin edo dokumentuekin mozkortu gabe”, barruak mugitzea eta orain arte kontatu gabeko hori sentiaraztea, sentitzen laguntzea da erronka. “Probokatzea, eta, gertakariei izen-abizenak jarrita, sentsazioak eta sentimenduak sortzen laguntzea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.