‘Felixiano’ izatera atrebitu artean

Danel Agirre

Zu asteburuko poteoan zabiltzan bitartean, Urtzi Urkizu lankide txit arduratsua BERRIAko kontrol postuan eseri ohi da, kronometroa eskuan duela pantailari so. Teleberri eta Gaur Egun doi neurtzen ditu, eta ETB2ko albistegia nabarmen luzeagoa den bakoitzean, datuok notario baten diligentziaz sarean erregistratu. Suminduraren gimnastek betiko letaniari ekiten diote orduan, euskarazko saioaren laburraz kexu. Gero eta ulertezinagoa zait niri. Bibaka behar lukete: hamar minutuko albistegia ordubetekoa baino askoz osasuntsuagoa da.

Gaurkotasuna, definizioz, atzemanezina eta ezin besarkatuzkoa da, zerumuga bezala. Garrantzizkoak zaizkigun nobedade guztiak atxiki izanaren ilusioa elikatzeko, filtroak erabiltzea beste erremediorik ez dugu, geografikoak, tematikoak, denborazkoak. Azken iragazki hau da funtsezkoena: ziklo motzegia ezarriz gero, erotzeko bidean ipini ahal gaitu. Gertakarien zurrunbiloak eragindako estresagatik bezainbeste, inguruko hedabideek modu arduragabean zabaldu ohi duten —dugun— spam politikoak eragiten duen frustrazioagatik burua galduta.

Idaztera noanak boutade-a dirudi, adibidez, baina Garcia Ferrerasen akelarrea egunero jarraitu beharrak gure aitaren ongizatea zeharo baldintzatu du. Antzina katagorri batek penintsula osoa zuhaitzez zuhaitz lurrik zapaldu gabe gurutzatu ahal zuenaren kondaira hura egia ote zen ez dakit, baina alderdien antzerki jasanezinari buruzko solasaldiak bata bestearekin katigatu ahal dira egun, segundo bat libre laga gabe. Drogek ez dute aparteko kalitaterik behar izaten menpekotasuna sortzeko, eta etxean kaka merkeenarekin harrapatuta geratu den jonki bat dugu. Saiatu izan gara: altxa besaulkitik eta segi pasieran, aita, bigarren tunelera besterik ez bada. Alfer-alferrik.

Berripaper hau libratu nahi nuke zaborra barreiatzearen arduratik, baina ezin dut. Argitaratu ohi ditugun pieza gehiegik agintarien aholkularien bulegoetan markatutako agenda bati baino ez diote jarraitzen, eta zarata hutsa dira. Eskerrak, behintzat, sektorearen beste hainbat miseriatan (zulo batean erori den haurraren kasuaren minutueroko jarraipena, “Instagram sutan jarri duen” azken purtzilkeria) jausi gabe tinko eusten diogun.

Nabarmen zoriontsu denaren izaera deskribatzea tokatzen zaigun bakoitzean, arduragabetasuna izan ohi da gehien errepikatzen den ezaugarria: “Bere munduan lasai zebilek hori, ezerekin kezkatu gabe”. Felixianoek ez dituzte albistegiak ikusten, Twitterreko liskarrak guztiz arrotzak zaizkie, Denis Itxaso zein alderditakoa den ere ez dakite. Zoritxarrez, demokraziak hiritar erne eta eguneratuak behar dituena sinetsarazi digute. Komunikabide itxurosoak topatu, hondakin guztiak apartatu eta benetako informazioa destilatzea izugarri nekosoa da, ordea, eta nik neuk ez dakit lan hori hartzen jarraitzeko gogorik geratzen zaidan.

Benetako felixiano izatera —oraingoz— atrebitu gabe, dieta mediatikoa ezarri diot neure buruari. Sare sozial publikorik gabe, munduari buruzkoak —saskibaloia salbu— erreportaje eta elkarrizketa formatuan bakarrik kontsumitzen saiatzen ari naiz, asteburuetan. Familiarteko bati lagundu omen ziolako makrobiotiko bihurtu edo emazteari botikak kentzen dizkion horietakoa bazara, eta ni imitatzea erabakitzen baduzu, erregu bat: ostiraleko egunkaria erosteari ez laga zuk behintzat.

Leave a Reply

Your email address will not be published.