“Jolas moduan hartu genuen dena; ondo pasatzea zen kontua”

“Jolas moduan hartu genuen dena; ondo pasatzea zen kontua”

Beñat Alberdi

Aitor Gorosabeli (Eibar, 1970) familiatik datorkio musikazaletasuna. Bitxia bada ere, Su Ta Gar taldeko abeslari eta gitarra jotzaileak pianoarekin egin zituen lehen urratsak musikaren munduan, eta solfeo ikasketak ere egin zituen gero. Pertsonaiak pertsona itzalean uzten du askotan, baina Aitor Gorosabel pertsonak berak asko dauka kontatzeko.

Eibarren hazitakoa eta hezitakoa zara, eta bertan bizi zara gaur egun ere, inguru ez erabat euskaldunean. Su Ta Garrek, ordea, euskaraz sortzen ditu abesti guztiak.

Orokorrean, herri euskalduna da Eibar. Tradizio sozialista dauka, eta betidanik oso euskaldunak izan dira sozialista horiek guztiak. Industriaren eraginez, jende asko etorri zen Espainiatik, eta askok ikasi zuten euskaraz. Etorkinen seme-alabak, ordea, erdaldunak dira, agian, eta, lagunak ditugunez, eragina dauka gugan.

Fama txarra besterik ez al da, orduan, Eibarrena?

Bai. Eibarko euskara zatarra dela ere entzuten da batean eta bestean. Baina oso aberatsa da; hika, batez ere. Hori bai, galtzera doa. Ez dakit arlo horretan zergatik ez den egon transmisiorik.

Abertzalea, hori da Su Ta Gar taldearen beste ezaugarrietako bat. Zuri gaztetatik al datorkizu abertzale izaera hori?

Abertzaletasun hori transmititu ziguten guri, eta betidanik bizi izan dugu. Ez dut uste ezer asmatu dugunik; gizartearen ispilu gara, azken batean. Gu sortu ginen garaian protestarako kantua zegoen bogan. Pentsa, Pantxoa eta Peioren garaikoak gara gu.

Piano baten bueltan hasi zenuen musika ibilbidea. Nolatan aukeratu zenuen pianoa?

Gurasoen etxean beti egon izan da piano zahar bat. Harekin jolasean hasi nintzen, kantu ezagunak jotzen; hala nola Itoiz taldearenak. Kantuak entzun eta jotzen saiatzen nintzen beti, eta beste batzuk asmatzen ere bai. Gure etxean, musika beti izan da jolasa.

Solfeo ikasketak ere egin zenituen haurra zinela. Gerora baliagarria izan al zaizu zure musika ibilbidean?

Kontzeptu orokorrak, bai; hau da, musika eskalak eta denborak. Baina solfeoan asko sakontzen da gero. Gaur egun, oraindik, buruan sartuta dauzkat piano pieza batzuk, eta bitxia da hatzak bakarrik nola mugitzen diren ikustea.

Noiz iritsi zen gitarra zure bizitzara?

Arrebari oparitu zioten. Guk euskaraz eta horrelakoak ikasi nituen hasieran, 13 urteren bueltan. Gero, ia 15 urterekin-edo hasiko nintzen berriz. Mikel anaia ordurako hasia zen gitarra jotzen, punk kantuak-eta, eta antzera hasi nintzen ni ere La Pollaren Salve diskoko kantuak ateratzen.

Euskal rock erradikalaren garaiak harrapatu zintuen gaztetan. Horrek eraginik izan al du zugan?

Erabatekoa. La Pollarekin hasi nintzen ni. Iker Rocandio —gure letra egileetako bat— eta Xabi Bastida taldekidea heavyak ziren nerabezarotik. Euren laguna nintzen ni, eta nolabaiteko lehia izaten genuen. Ezjakintasunez sortutakoa zen lehia. Etxean bageneukan Scorpions taldearen CD bat, baina ezkutuan entzuten nuen beti. Euskal Herrian kanpotarren gauza baten modukoa zen heavya izatea; gaizki ikusia zegoen. Baina Judas Priest ezagutu nuenean, jada… “Punk musika ondo dago, baina hauxe da nirea”, pentsatu nuen.

Nola ikasi zenuten gitarrarekin kantu horiek jotzen?

Imitatuz edo ez dakit nola ikasi genuen. Modu naturalean bizi izan genuen dena. Hasieran, buruan ez geneukan euskaraz abestea ere. Garai hartan musika mota hori erdal giroko jendearekin lotzen zenez, erdaraz hasi ginen gu ere. Erdaraz abesten zuten guk jarraitzen genituen talde guztiek, eta lehen letra gaztelaniaz idatzi zuen Ikerrek. Gu arraro sentitzen ginen, ordea, letra horrekin, eta orduan hasi ginen gaiari bueltaka. Gure ezjakintasuna kontuan hartuta, nola egingo dugu heavya euskaraz? Hori zen gure ardura.

Baina euskaraz abestea hautatu zenuten azkenean.

Jo ta Ke kantuaren eta oroitzen ez dudan beste abesti baten letrak ekarri zituen Ikerrek, eta orduan bai, orduan jada zentzua aurkitu genion euskaraz abesteari. Natural atera zitzaigun dena. Euskara, heavya eta euskal rock erradikalaren mezuak nahastu genituen.

Umetatik ezagutzen al zenuten elkar taldekideek?

Klasekideak ziren eurak, eta urtebete gazteagoa nintzen ni. Asier Osorok ikasturte bat errepikatu zuen, ordea, eta lagun min bihurtu ginen klase berean. Zubi antzeko bat sortu zen hor.

Noiz hasi zineten elkarrekin jotzen?

Ondo pasatzea zen hasierako helburua, asteburuetan beste zerbait egitea. Elgoibarrera poteoan ibiltzera joateko ohitura zegoen 15-16 urte genituela, eta gu ere hara joaten ginen. Baina, plan horren alternatiba moduan, Asierren aitaren lantegian gelditzen ginen tarteka. Gitarra eta anplifikadore txiki bat zeuzkan Asierrek, eta rock musikagileak imitatzen ibiltzen ginen. Elgoibarko lagun batzuk etortzen hasi ziren gero, eta kontzertua eskaintzen genien.

Nork esan zuen: “Osa dezagun talde bat”?

Modu naturalean sortu zen hori ere. Xabi eta biok euskal udalekuetan hasi ginen gure kantuak sortzen, eta, gero, besteei esatea zen kontua. Hasieran, bateria jotzailea izan behar zuen Asierrek; hor ibiltzen zen aitaren tailerreko baldekin. Gero enteratu ginen Borxa Arrillaga Delirium Tremens taldekoen lokalean egon zela bateria jotzen, eta ondo moldatzen zela. Jolas moduan hartu genuen dena; ondo pasatzea zen kontua. “Talde bat egin behar dugu”. Ez genuen pentsatzen halakorik.

1989an grabatu zenuten lehen maketa. Hura izan zen lehen saltoa, ezta?

Eibarko talde batek lokalean bazeukan grabatzeko txoko txiki bat, eta zuzenean grabatu genuen maketa hura. Orain, lehen disko hura entzuten dugunean, ez gara gogoratzen gauza askorekin, eta belarrian min ere egiten digute hainbat xehetasunek. Xabik bromatan esaten du horixe dela gure altxorra.

Arrakasta izan al zuen lehen maketa horrek?

Askotan, ondo egoten da nahigabe egindako hori, eta kontzertuetarako deiak jaso genituen berehala. Lehenengoa, Ondarroan (Bizkaia), eta bigarrena, Narbonan (Okzitania). Elgoibarren izan zen hirugarrena, poteo orduan, eta bete egin genuen gaztetxea. Horren ostean iritsi zen gaztetxeetako etapa. Jendea harritu egiten zen gure musikarekin: euskaraz, aldarrikatzailea, heavya. Zirkuitulabur baten gisakoa sortzen zitzaien buruan.

Heavya, euskaraz eta aldarrikatzailea. Formatu egokia aurkitu zenuten, ezta?

Bai, eta 18-19 urte geneuzkan orduan. Pentsa zer-nolako gogoa geneukan. Ile luze-luzearekin, desberdin sentitzen ginen; estilo batekoa da mundu guztia, eta ezberdinak gara gu. Oso harro geunden, oso pozik.

Publizitate ikasketak egiten hasi zinen urte haietan, ezta?

Hiru urteko ikasketak egin behar izaten ziren lehen, eta gero espezializatu zintezkeen publizitatean edo kazetaritzan. Berez, ikus-entzunezkoen bidea hartu nahi nuen nik; gu hirugarren mailara iristerako martxan jarriko zutela esaten ziguten, baina ez zen hala izan.

Ba al zeneukan denborarik gauza guztiak egiteko?

Eskuetatik joan zitzaidan hirugarren eta laugarren mailan. Gutxi joaten nintzen klasera, eta bosgarren urtean espezializatu nintzen publizitatean. Gainera, lehenengo aldiz neuzkan ikasgaiak gaztelaniaz. Gogoan daukat azterketa lehen aldiz gaztelaniaz egin behar izan nuenean, hamar minutuz geldirik egon nintzela idazten hasi aurretik, pentsatzen.

Amaitu zenituen ikasketa haiek ere. Gaur egun zertan jardungo zenukeen musikaria ez bazina?

Ez dakit. Herriko aldizkarian ibili nintzen kazetari eta maketatzaile gisa. Talderik gabe, aldizkarian jarraituko nukeen, ziurrenik, edo alor horretan, behintzat.

Ikasketen erdian kaleratu zenuten Jaiotze basatia lehen diskoa, 1992an. Igarri al zenuten aldaketa?

Bai; izugarria izan zen. Estudio profesional batean grabatu genuen diskoa, eta diskoa oso ona dela uste dut. Lehen aipatu moduan, zirkuitulabur baten gisakoa izan zen jendearentzat. Modan jarri ginen, eta tabernetan ere entzuten genituen gure kantuak.

Artista batek nola bizi du taberna batera sartu eta bere abestiren bat entzutea?

Arraroa zen, eta da; horretara ez zara guztiz ohitzen. Izugarri pozten zara batzuetan, eta lotsatu egiten zara beste batzuetan. Pozgarria da taberna batera sartu eta gure abestiren bat jarrita daukatela ikustea. Hori bai, barruan zaudela ipiniz gero, ez dakizu zu sartu zarelako jarri duten edo ez.

Sentimenak jarraituz proiektua gauzatu zenuten 1996an, baina ezbeharra gertatu zen diskoa argitaratu aurretik: istripua izan zuen Borxa Arrillaga bateriak.

Guztiz desegituratuta gelditu zen taldea. Galder bere anaiarekin hasi ginen orduan, baina izugarria zen Borxa; oso ona zen. Borxarekin ez genuen pentsatzen jotzeko garaian, bloke baten moduan moldatzen ginen denok. Lan egiteko modua aldatu genuen gerora, eta urteak ere aurrera zihoazen. Uste dut asko kostatu zaigula gertaera hartatik altxatzea eta aurrera egitea.

Aurten 30 urte bete dira lehen maketa grabatu zenutenetik. Asko aldatu al da musika kontsumitzeko modua?

Baietz uste dut. Lehen, taberna askotan entzuten zen rock-and-rolla, eta gutxi batzuetan bakarrik entzuten da orain. Musika globala jartzen dute orain, Spotify aplikaziotik; zerrendako lehen postuetan daudenak jartzen dituzte beti. Jada ez dago musika dendarik ere; galdu egin da kultura hori. Gaur egun ez dira saltzen CDak. Durangon erosten ditu jendeak, baina gero, urte osoan, ez dira egoten eskura.

Eta kontzertuetan igarri al duzue aldaketarik?

Ez hainbeste; antzekoak dira gazteak. Aldarrikatzeko behar handiagoa zegoen lehen, nahiz eta orain ere aldarrikatzen den. Lehen, talde guztiak ziren aldarrikatzaileak eta esplosiboak. Esango nuke jendea ez dela hainbeste aldatu, egoera aldatu da.

Estilo lasaiagoa dauka azken diskoak. Aurrerantzean hori izango da Su Ta Garren bidea?

Nahita egin dugu. Askotan eskatzen ziguten akustikoan edo bakarrik jotzeko. Bide horrek ez gintuen erakartzen, baina ‘zergatik ez?’ galdetu genion geure buruari.

Izango al da disko berririk?

Saiakerak badaude, baina denborak esango du hori. Derrigorrez ez dugu egin nahi diskorik, baina ongi etorria izango da sortzen bada; izan aurten, hurrengo urtean edo hemendik bi urtera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.