Prostituzioa, lehen pertsonan azalduta

Prostituzioa, lehen pertsonan azalduta

Asier Zaldua

Amelia Tiganus, Conxa Borrell eta Peter Szil adituak hizlari direla, Gipuzkoako Jabetze Eskolen Sareak prostituzioari buruzko jardunaldiak antolatu ditu Gipuzkoako bost herritan: Arrasate, Azpeitia, Eibar, Hernani eta Legazpin. Eztabaida feministak: prostituzioa eta sexu lana auzitan izenburupean emango dituzte hitzaldi horiek, datorren astelehenetik urriaren 25era.

Aktibista feminista eta emakumeen salerosketaren biktima ohia da Tiganus, eta Emakumeak eta neskak: prostituzio salgaiak, nola egiten da puta bat? hitzaldia emango du Eibarren, Hernanin eta Legazpin. Errumanian jaio zen Tiganus eta oso bizimodu gogorra izan du. “Bortxaketa askotarikoa pairatu nuen 13 urterekin, eta nire komunitatean baztertu egin ninduten, gainera”, azaldu du. “Proxenetek zaurgarritasun egoera horiek baliatzen dituzte emakumeak engainatzeko: denbora gutxian diru asko irabaziko dugula, nahi bezala biziko garela… Prostituzioak osasun fisiko eta mentalean duen eragina ezkutatzen dute”. Eta gogoeta bat egin du: “Ezezagunek zakila toki guztietatik sartzea derrigor da osasunarentzat kaltegarria, duintasunaren aurkako erasoa baita”.

Prostituta izan zen 18 urtetik 23ra. “Fisikoki eta emozionalki kolapsatu egin nintzen, eta ez nintzen gai prostituta zoriontsuaren performancea egiteko. Ondorioz, eurentzat jada ez nintzen baliagarria, eta alde egiten utzi zidaten”. Tiganusek gaineratu du prostituzio sareetan dabiltzanek badakitela ez dituztela salatuko. “Isiltasunean erretiratzen baikara, erruak, lotsak eta beldurrak jota. 18 urteko neska gehiago dituzte, gainera, erraz aberasteko zain”.

Prostitutak biktima gisa aitortzea da Tiganusen helburua. “Laguntza eskaini behar zaie prostituzioa utzi nahi duten emakumeei”. Prostituzioaren abolizioaren alde dago, gainera. “Proxenetismoa zigortzea nahi dugu”. Gizarteak heziketa sexuala eta afektiboa behar duela ere azpimarratu du. “Umeak 8 urterekin hasten dira pornografia kontsumitzen, eta, sexu esplotazioaren industriaren interesen ondorioz, ez gara gai desioa eta plazera ondo bideratzeko. Sexualitatearekin eta plazerarekin zerikusia duten gauza zoragarri asko galtzen ari dira”.

Abolizioaren alde dago Peter Szil hungariarra ere. Psikoterapeuta, formatzailea eta indarkeria patriarkalari buruzko gaietan aktibista da. Gizonak, pornografia eta prostituzioa hitzaldia emango du bost herri horietan.

Prostituten lan eskubideak onartzea da, berriz, Conxa Borrell kataluniarraren helburua. Sexu lana: lan eskubideak, sindikatzea eta esplotazioa hitzaldia emango du Arrasaten, Eibarren, Hernanin eta Legazpin. Kontabilitate arloan lanean aritutakoa da, eta sexu langilea da duela hamahiru urtetik; Otras sexu langileen sindikatuaren idazkari orokorra eta Aprosex gobernuz kanpoko erakundearen lehendakaria da. “Sexu langileen eskubideen alde gaude gu. Enpresariek utz diezaiotela, behingoz, klubetan lan egiten dugun emakumeok euren hoteletako apopilo garela esateari: lan harremana dugu”.

Zeelanda Berriko eredua

Enpresariek gizarte segurantza ordain dezaten exijitu du Borrellek. “Ez zaizkigu gustatzen Alemaniako eta Herbehereetako arautegiak eta Ciudadanos alderdiak Espainian proposatu duena, eredu horretan autonomo faltsuak baitira sexu langileak”. Kataluniarrak nahiago du Zeelanda Berriko eredua. “Eskubideak ematen baitizkie sexu langileei eta enpresariak kontratuak egitera behartzen baititu. Gainontzeko langileen eskubide berberak nahi ditugu guk”.

Hori bai, sexu langile guztiak ez direla esklaboak zehaztu du. “Ez dira gauza bera bortxaketa bat eta diru trukean adostutako sexu harreman bat. Ni dirua behar nuelako hasi nintzen lanbide honetan, eta niri ez dit inolako traumarik eragiten ezezagunekin sexu harremanak edukitzeak. Nire bizitza ez-profesionalean ezezagun batekin Tinder bidez gelditzeko gai banaiz, zergatik ezin dut egin hori bera diru truke? Sexuaren ikuskera liberala dut nik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.