Txikitik erreferentziak sortuz

Txikitik erreferentziak sortuz

Unai Zubeldia

“Betidanik izan da zaila kazetaritza independentearen bidean irmo jokatzea, komunikabideek ia beti ondoan izan dituztelako bankuak, alderdi politikoak edo finantza bazkide handiak”. Estitxu Eizagirre kazetariak azpimarratu duen moduan, ordea, saiakera horretan, jada, ehun urte bete ditu Argia astekariak, eta, ospakizun giroan, bihar egingo dute mendeurren festa, Donostian. 11:00etan hasiko da lehen ekitaldia, Trinitate plazan —adituen laguntzarekin, zomorro bila joango dira Urgull mendira—, eta iluntzean amaituko da jaia, Trinitate plazan bertan, Amaren Alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niña Coyote eta Chico Tornado taldeen kontzertuekin. Doakoak izango dira ekintza guztiak.

Argia-ko kideak “eguraldi ona egiten duen udazkeneko larunbat baten bila” hasi ziren egutegira begira, eta ia oharkabean iritsi ziren urriaren 12ra. “Berehala jabetu ginen, ordea, aukeratutako egunak pisu handia zeukala”. Hispanitatearen Eguna da bihar. “Eta aukera baliatzea erabaki genuen aurtengo urriaren 12a desberdina izan zedin”. Deskoloniza gaitezen! leloa aukeratu dute mendeurren festarako. “Eta egitarauan eta gauzak egiteko moduan bertan espiritu hori islatzen saiatu gara; bertako edariak zerbitzatzen, argindarra Goienerrekin kudeatzen…”. Eizagirrek azpimarratu du Euskal Herriak “bere gaiak eta erreferenteak izan ditzan” saiatzen direla eguneroko lanean. “Independentzia eta burujabetza oinarri hartuta. Eta helburu hori bera daukagu mendeurren festarako ere”.

Argia-ko kideek argi zeukaten kalera eraman nahi zutela festa. “Donostiako Parte Zaharreko ospakizuna kalekoa eta parte hartzailea izan zedin nahi genuen, gaur egun hiriak, zoritxarrez, galtzen ari direlako espiritu hori; azkenaldian, enpresen izenak daramatzaten jaialdientzat gordetzen ari dira hiriko plazarik gehienak”. Horregatik, Argia-ko kazetaria pozik dago “harreman luze baten ondoren” Donostiako Udalarekin baimen kontuak desblokeatu dituztelako. “Eta plazak hartzeko deia egin nahi dugu orain”.

Horretarako hamaika aukera izango da bihar, kalez kale ibilbide historikoa egingo dutelako 12:00etan; sokadantza eta herri bazkaria ondoren; Aimar Uribesalgoren Pobresiak emanaldia izango delako 16:00etan; Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak segidan; nortasun agiri arrotzen jaurtiketa txapelketa eta kalejira dantzaria kontzertuen aurretik… “Adin tarte guztiak kontuan hartzen saiatu gara, eta oso egun polita pasa dezakete umeek, gazteek eta helduek. Bere festa egingo du bakoitzak, baina komunitatean elkartuko gara. Deskolonizatzeko ideia horri lotuta daude ekitaldirik gehienak”.

Alde horretatik, Eizagirrek azaldu du proiektu batzuek, hasieratik, “herritar kontzienteak” izan dituztela atzean. “Komunikabide euskaldun eta independenteak izateko ahalegina egin dute herritar horiek guztiek, eta gero eta nabarmenago gelditzen ari da zein garrantzitsua den burujabetza; elikaduran, informazioan…”.

Euskararen eta euskal abertzaletasunaren pizkunde garai betean sortu zen egungo astekariaren aurrekaria: Zeruko Argia hilabetekaria, Iruñean, fraide kaputxinoen eskutik. “1919an eta Iruñean sortu zuten, euskaraz eta Euskal Herri osorako; gaur egungo eskemetako batzuk hausten ditu horrek”. Proiektuak aldaketa handi bat izan zuen 1980an, fraide kaputxinoek langileen esku utzi zutelako aldizkaria. “Eta Zeruko izaera hori galduta, orduan sortu zen gaur egungo Argia; ordutik, langileok gara enpresaren jabeak, eta horrek markatzen du gure izaera”.

Lurraldetasunari begira

Argia-ren proiektuari dagokionez, horizontaltasunaren bidean langileen artean soldatak berdintzea, ardurak banatzea eta enpresari eragiten dioten gaiekin lan taldeak osatzea izan dira azken urteotako pausoetako batzuk. “Eta lurraldetasunari ere garrantzi handia ematen ari gara”, zehaztu du Eizagirrek. “Zentzu horretan, Zuberoa bakarrik falta zaigu Euskal Herriko zazpi probintzietan kazetari taldea izateko”. Argia-ko kazetariak argi utzi du biharkoa ez dela izango ospakizun egun soil bat. “Aurrera begira pausoak ematen lagundu digu mendeurreneko dinamika honek; jauzi kualitatiboa eman dugu digitalizazioan, kazetaritza multimedian, lantaldean…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.