Tabua lantzeko bitartekoak

Tabua lantzeko bitartekoak

Beñat Alberdi

Bi ezaugarri nabarmen ditu sexu dimentsioak: presentzia eta deserosotasuna. Batetik, ezin daiteke ukatu sexuak egunerokoan daukan presentzia, izan iragarkietan, izan pentsamenduetan. Baina, bestetik, ez da edozein momentutan mahaigaineratzen den gai bat. Ez du edonork edonorekin hitz egiten sexuari buruz, eta askotan ez da jakiten sexu dimentsioari nola heldu. Dimentsioa ez baitira sexu praktikak soilik, beste hainbat arlo ere bai baitauzka; hala nola identitatea eta sexu orientazioa.

Gai horiek lantzen laguntzeko asmoz, Sexu heziketan begiralea, hezkidetza eta aniztasuna ikastaroa antolatu dute Euskal Herriko Sexu Heziketa Eskolak eta Izanez elkarteak, Arrasaten. Bihar hasiko da ikastaroa, Etxaluze udal aretoan, eta 2020ko ekainaren 14an amaituko da. Hamar asteburu izango dira; presentzialak dira 120 ordu, eta online gainerako 30ak. Pertsonekin lan egiten dutenei bideratuta dago, eta sexu dimentsioari buruz hitz egiteko bitartekoak eskaintzea da gakoa.

Gaia lantzen urte asko daramatzatela nabarmendu du Izanez elkarteko kide Igor Nabarrok, bai eurek eta bai Sexu Heziketa Eskolak, baina hutsune nabarmena igarri dutela: “Gaia modu objektiboan lantzeko formakuntza falta nabaritu dugu”. Pertsonekin lan egiten duten gizarte eragile guztiekin aritu nahi dute, sexua eta haren aldaerak lantzeko. “Gure lana ez da hasten larrialdi bat dagoenean; ez gara suhiltzaileak. Gure lana da suak behar dituen osagaiak ez agertzea”.

Helburua ez da eragile guztietako pertsonak sexologo bihurtzea, horiei oinarrizko hezkuntza ematea baizik. “Edozein dela ere parte hartzailearen lan eremua, berdin dio medikua den edo gizarte langilea, sexuarekin lotutako gaiak lantzeko gaitasuna eman nahi diogu”. Eskaera langileen euren bidez iritsi zaiela azpimarratu du Izanez-eko kideak. Finean, askotan ez dutelako jakiten egoerari nola erantzun edo norengana joan.

“Sexu dimentsioaren barruan dauden arloei buruzko usteak deseraikitzea” izango dute oinarri ikastaroan. Bakoitzak badauzka bere mitoak, aurreiritziak eta mesfidantzak. “Baina lehenik norberak ulertu behar du nola eraiki duen sexuari buruzko iritzia”.

Askotariko sexualitateak

Ikastaroan bost arlo landuko dituzte guztira: sexologia, hezkidetza, sexualitate askotarikoak, gorputza eta emozioak, eta sexualitatea aro digitalean. Sexu dimentsioaren konplexutasuna azaltzeko, Nabarrok arreta berezia jarri du sexualitate askotarikoetan: “Sexualitate bakan batzuk daudela uste dugu, kolektibo bakoitzak berea daukala”. Hau da, ezintasuna daukaten pertsona guztiek bat eta bakarra daukatela uste izaten da, eta berdin gertatzen da atzerrian jaio diren guztien kasuan ere. “Hamaika sexualitate daude kolektibo bakoitzaren barruan, eta, noski, bere ezaugarriak eta baldintzak dauzka talde bakoitzak”.

Dena den, kolektibo edo norbanako bakoitzaren egoerak eragin zuzena dauka norberaren identitatea eta joera eraikitzeko momentuan, eta hainbat faktorek eragiten dute horretan; sexu hezkuntzaren nolakotasunak, esaterako.

Kulturartekotasuna da aniztasunaren barruan aztertuko dituzten gaietako bat, eta, kasu horretan ere, pertsonaren jaioterria edozein dela ere, hamaika sexualitate egongo dira atzean. Kasu guztietan, ordea, abiapuntua ez da bera: “Bere usteak dauzka kultura bakoitzak, eta batzuk errepikatuko dira, baina beste batzuk ez. Lanketarako kontuan hartu behar da hori”.

Nabarrok Afrikako ablazioaren kasua jarri du adibide gisa testuinguruaren jabe izateak esku hartzeko duen garrantzia azaltzeko. Zenbait herrialdek debekatu egin dute ablazioa, baina Nabarrok ez du uste horrek bide hori gelditzeko balioko duenik: “Ohituraren zergatia ulertu behar da. Ziurrenik, komunitatetik baztertuko dute aurka egiten duen emakumea, eta dena ulertu behar da esku hartzeko”.

Aniztasunaren barruan ertz bat da kulturartekotasuna, baina badaude deseraiki beharreko beste hamaika kontu ere; esaterako, sexu grina 65 urterekin desagertzen dela, ezgaitasunen bat daukaten pertsonak ez direla gizaki sexualak, eta Downen sindromea daukaten guzti-guztiek ez dutela sexu orientazio edo identitate zalantzarik.

Horrez gain, sare sozialetan sor litezkeen egoerei buruz nerabeekin nola hitz egin jakiteak ere badauzka bere ertzak. Ikastaroan hainbat azpisail landuko dituzte gai bakoitzaren barruan: sexu transmisioaren bidezko gaixotasunak, esaterako. Nabarrok nahiago du “eritasun” deitu beharrean “infekzio” deitzea, haren hitzetan sexu bidez transmititzen diren gaixotasunak ez baitira hain larriak: “Katarroa da sexu bidez gehien transmititzen den gaixotasuna, eta infekzioak dira larrienak”.

Sexuarekin zerikusia daukaten gaiei buruzko ikastaro trinkoa izango da Arrasatekoa. “Guk ez dugu eman nahi klase magistralik; ez dugu nahi monologorik. Oso interesgarria da elkarri entzutea eta guztien artean eztabaidatzea”, argitu du Izanez-eko kideak. Teoriak garrantzia izango du ikastaroan, baina baita praktikak ere. “Gure helburua ez da ‘hau edo hori egin behar dugu’ esatea; proba dezagun zer egin”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.