Tenperatura, epeletik berora

Tenperatura, epeletik berora

Unai Zubeldia

Arnas pixka bat hartzekoa izan zen joan den astea”. Hala aitortu du Iker Iriartek, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Sustapen arduradunak. Urriaren 5ean amaitu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako lehia, Lasarte-Orian. “Eta laburpenak egiteko astea, balorazio bilerak egitekoa, sentsazioak trukatzekoa, formakuntza saioekin jarraitzekoa… izan da igaro berri duguna”.

Atseden hartzeko denbora askorik gabe, ordea, asteburu honetan bertan jokatuko dituzte final-laurdenetako bost saioetatik lehenengo biak. Andoaingo Bastero kulturgunean hasiko da lehia, bihar, 17:00etan, eta Irungo Amaia kultur zentroan izango da etziko saioa, ordu berean. Eibarren, Azpeitian eta Azkoitian jokatuko dituzte beste hiru saioak, azaroaren 2an azkena. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurrekoetara, eta fase horretan ariko dira final-laurdenetan puntu gehien pilatzen duten gainerako hamahiru bertsolariak ere.

Ondorioz, hemezortzi bertsolarik egin beharko diote aurre, azaroaren 9tik aurrera, txapelketako azken galbaheari. Arrasaten, Oiartzunen eta Tolosan jokatuko dituzte finalaren atariko hiru saio horiek, eta finalaurreko bakoitzeko irabazleak eta puntu gehien pilatzen duten gainerako bost bertsolariak sailkatuko dira abenduaren 14ko final handirako. Donostian jokatuko dute finala, Illunbeko zezen plazan, 17:00etan.

Orain artekoak eman duena hizketagai hartuta, “saioen kalitatea” goratu du Iriartek. “Oso bertso saio onak entzun ditugu, eta asko gozatu dute bertsolariek eurek eta entzuleek”. Puntuak aintzat hartuta, bertsolariek Elgoibarren jo zuten goia, final-laurdenetarako sailkatu direlako irailaren 29an saio hartan kantuan aritu ziren sei bertsolarietatik bost: Ane Labaka, Jokin Uranga, Eñaut Martikorena, Iñaki Gurrutxaga eta Unai Gaztelumendi. Aitzitik, Mikel Artolak bakarrik egin zuen aurrera final-laurdenetako azken saioan, Lasarte-Orian.

Amaitu berri den fasean “ezustekoren bat edo beste” izan dela onartu du Sustapen arduradunak. “Bidean gelditu dira espero ez genuen bertsolari batzuk, baina ezusteko politak eman dituzte beste batzuek”. Sailkapena aztertuta, Mikel Tapia (1996), Amaia Iturriotz (1993) eta Ane Zuazubiskar (1997) dira langatik gora gelditu diren azken hiru bertsolariak, eta final-laurdenetatik kanpo gelditu dira, adibidez, Manex Mujika (1976), Iñaki Zelaia (1973) eta Ainhoa Agirreazaldegi (1978).

Iriartek azpimarratu egin nahi izan du azken txapelketetan oholtzan izan ez diren bertsolariek final-zortzirenetan eman duten maila. “Zentzu horretan, oso aberasgarria da belaunaldi ezberdineko bertsolarien arteko elkarreragitea, bai oholtza gainean eta bai oholtzatik kanpo ere. Sekula elkarrekin bertsotan aritu ez diren bertsolari asko aritu dira elkarren ondoan kantuan. Eta hori, noski, oso baliagarria izango da etorkizun hurbilean”.

Bihartik aurrera, 30 bertsolari ariko dira lehian final-laurdenetan, baina, Iriarteren hitzetan, “sailkapen hutsa baino askoz gehiago” da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. “Tokian tokiko entzuleak, bertso eskolak, epaileak, gai jartzaileak eta gainerakoak aktibatzen laguntzen du horrelako txapelketa batek”. Horren erakusle, ia areto guztiak bete dira final-zortzirenetako zazpi saioetan, “eta, adibide moduan, bost gai jartzaile berri ari dira aurtengo txapelketan”. Iriartek azpimarratu du “batez ere bertso eskoletan egiten den lanari esker” lortzen direla horrelako emaitzak.

2015eko sei finalista

Beñat Gaztelumendi, Alaia Martin, Agin Laburu, Iñaki Apalategi, Unai Agirre, Oihana Iguaran, Jon Maia eta Arkaitz Oiartzabal Xamoa aritu ziren kantuan duela lau urteko txapelketako finalean, eta final-laurdenetan sartuko dira lehian aurtengo txapelketan izena eman duten finalista haietatik sei; Agirrek eta Oiartzabalek ez zuten eman izenik txapelketan parte hartzeko. “Logikoa den bezala, gero eta areto handiagoak aukeratzen ditugu txapelketak aurrera egin ahala, eta argi dago pixkanaka are gehiago berotzen joango dela giroa”.

Horregatik, saioetara joan nahi duten bertso zaleei sarrerak lehenbailehen erosteko aholkua eman die Iriartek, “aste hasieran, jada, Interneten salduta zeudelako sarreren erdiak”. Atzo goizean oraindik baziren sarrerak salgai biharko saiorako.

Leave a Reply

Your email address will not be published.