Aniztasunaren neurrira josten

Aniztasunaren neurrira josten

Ikerne Zarate

E hunka puntada eta askotariko begiradak jantzi bakarra osatzeko. Hori da Emausen Nongoa naiz? Del mundo proiektuak duen helburua; elkarren ondoan bizi diren pertsonak, bizilagunak, ezkaratzean edo espaloietan gurutzatzen direnak, baina elkarren berri ez dutenak, harremanetan jartzea. Kulturak elkarrengana gerturatzea bilatzen du, finean, eta, gaitasun, ezagutza eta esperientziak trukatzea oinarri hartuta, elkar aberastea.

Hiru jantzi tradizional sortzea izango da hori lortzeko bitartekoa, eta gaur bertan sortuko dute lehena. Hiru hilabeteko iraupena izango du topaguneak, eta parte hartzaileek jantzi tradizional bat sortuko dute hilabete bakoitzean, bi saiotan. Euskal jantzi tradizionala sortzea izango da lehena. Joan den ostiralean egin zuten plangintza, eta gaur josiko dute, bi orduko saioan, 17:00etatik 19:00etara, Errenteriako udal euskaltegiaren egoitzan (Migel Zabaleta, 14). Azaroan eta abenduan egingo dituzte hurrengo bi topaketak: Ukrainako jantzi tradizionala egingo dute batean, eta Arabiako jantzi tradizionala bestean.

Aizpea Arregi Sarasola Emaus Taldearen Etic saileko teknikarietako batek azaldu duenez, azken lau urteotan Gipuzkoan garatzen ari diren Besarkadak egitasmoaren barruan sartuta dago proiektua. Eraldaketarako hezkuntzan parte hartzea eta antolatzen dituzten proiektuak kudeatzea da haren funtzioa.

Lantzen ari diren egitasmoa berria dela azaldu du Arregik: “Proiektuak gaitasuna, esperientzia eta bizipenen trukea dauzka oinarrian. Elkarrekin bizi garen pertsona guztiak askotarikoak gara gure osotasunean, eta errefuxiatuen edo migratzaileen mugimenduarekin, batez ere, areagotu egin da aniztasun hori. Guztiok elkarrekin bizi gara Gipuzkoan, baina ez dugu elkar ezagutzen”. Elkarrekin bizi diren pertsonak harremanetan jarri nahi ditu Besarkadak egitasmoak, eta hari horri tiraka egokitu dute proiektua Errenterian.

Bederatzi lagunek parte hartu zuten urriaren 18ko lehen topaketan; arabiarrak eta ukrainarrak ziren gehienak, eta gizonezko bakarra zegoen tartean: “Euskaldunen parte hartzearen falta sumatu dugu, bertakoen inplikazioa”, adierazi du Arregik. Hala ere, ontzat jo du. Elkar ezagutzen zuten parte hartzaile gehienek, baina Emauseko teknikariak azaldu du euren artean inoiz hitz egin gabeak zirela gehienak. “Bitxia izan zen egoera. Ezagunak ziren asko, bizilagunak dira batzuk, baina haietako inor inoiz ez da ausartu bestearekin hitz egiten. Izugarria da hori, haiek uste duten eta guk uste dugun baino askoz ere gauza komun gehiago ditugulako”.

Beharrezko proiektuak

Parte hartzaileak orain artean elkarri kontatu ez dizkioten gauzak kontatzen hasi ziren ostiraleko saioan. “Hainbat bitxikeria kontatzen hasi ziren elkarri, eta horri esker ekin genion elkar ezagutzeko erronkari”. Bataren eta bestearen errealitateak bertatik bertara ezagutuz, parte hartzaileak orduan jabetu ziren dezenteko antzekotasunak daudela, esaterako, euskal jantzi tradizionalen eta arabiarren artean; zapien kasuan, adibidez”.

Arregik aitortu digu ez dela ausazkoa Errenteria aukeratu izana proiektuari ekiteko. “Emausek bertan izan dituen eta egun oraindik ere badituen proiektuen harira, ezaguna zaigu Errenteriaren errealitatea”. Horrez gain, aitortu du “oso herri interesgarria” dela, “daukan aniztasunagatik, eta gai horren inguruan dagoen sentsibilizazioagatik”.

Arregik ez dauka zalantzarik: “Beharrezkoak dira horrelako proiektuak”. Eta haren ustez, “oso aberasgarria” da ezberdinen arteko topaguneak sortzea. “Aberastasun handia da buruarentzat, eta mundura irekitzen laguntzen du. Horrelakoetan ohartzen gara errealitate ezberdin horiek aldi berean zein urrun eta zein gertu gauden. Niretzat, aberastasun hori da garrantzitsuena”. Beste kultura eta ohitura batzuetara gerturatzeak, ateak zabaltzeak, “aurreiritziak hausten” laguntzen duela gaineratu du Arregik. “Beldurra da jendearengana ez gerturatzeko arrazoietako bat. Beldur horrek blokeatu egiten gaitu, eta esperientzia ugari bizi izatea eragozten digu”. Beldurra “ezezagunari, aurreiritziei eta usteei” izaten zaiela azpimarratu du teknikariak. “Eta beldur handia daukagu oraindik. Aurrerapausoak eman baditugu ere, ezabatzeko aurreiritzi asko dauzkagu oraindik”. Arregiren ustez, “elkar ezagutza” da gakoa bidean aurrera egiten jarraitzeko, eta, horren harira, gaurko saiora zein azaroan eta abenduan egingo dituzten beste lauretara agertzeko dei egin die bertakoei. “Ditugun aurreiritziak apurtu, eta, izaera kritikoa oinarri hartuta, barruraino sartuta dauzkagun egiturak eraldatzen eta eraikitzen hasi behar dugu”.

Bi bide daude izena emateko: besarkada@emaus.com posta elektronikoa, edo 943-36 75 34 eta 648-12 27 83 telefono zenbakiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.