“Arraunak baldintzatu ditu nire bizitzako erabaki guztiak”

“Arraunak baldintzatu ditu nire bizitzako erabaki guztiak”

Aitziber Arzallus

Eguneroko kirol saioa eginez, lasterka iritsi da Jon Salsamendi (Orio, 1970), Orioko gizonezkoen lehen traineruko entrenatzailea, Orioko Arraunetxera. Arnasari buelta eman, eta hizketan hasi da. Azaldu du 17 urterekin ez zela gai bi hitz jarraian egiteko, baina hitz jario ederra dauka gaur egun.

Nolako familian jaio zinen?

Familia ugari batean. Nire etxean beti egon da jende asko, eta, batez ere, emakume asko. Bost anai-arreba gara, hiru neska eta bi mutil, eta, gurasoez gain, amona ere gure etxean bizi izan da beti. Eta orain ere bi alaba eta semea ditugu etxean.

Umetako oroitzapen onak al dituzu?

Oso onak. Ume asko ginen auzoan, eta asteburuetan eta oporretan kalean pasatzen genuen egun guztia. Asko gozatutako haurtzaroa eta gaztaroa izan ditut.

Beti izan zara kirolzalea?

Nire aita sekula ez da izan kirolaria, baina bai kirolzalea. Beti ibiltzen zen zerbaitetan: lasterketak antolatzen, arraun klubeko zuzendaritzan, arrauneko epaile… Neguan, asteburuero, krosa edo ziklo-krosa ikustera joaten ginen. Kirola egiten, berriz, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan hasi nintzen, eta, nola ez, orduan ere futbola zen kirol nagusia. Nire kasuan ere futbola izan zen federatuta egin nuen lehen kirola. Atletismoa ere asko gustatzen zitzaidan, eta inguruan antolatzen zituzten proba motzetan parte hartzen nuen. Horrez gain, euskal dantzetan ere aritzen nintzen.

Noiz heldu zenion arraunari?

Betidanik ikusi izan ditut estropadak, eta arraunketa ikastaroak egiten nituen udan, baina 16 urtera arte ez nintzen hasi serio arraunean. Jaio nintzen egunean, erregistro zibilean izena eman baino lehen, klubeko bazkide egin ninduen aitak, baina, kontraesana badirudi ere, sekula ez zidan galdetu noiz hasi behar nuen arraunean. Sekula ez ninduen frenatu, baina ezta bultzatu ere.

Hainbeste kirolen artean, zergatik aukeratu zenuen arrauna?

Prozesu bat izan zen. Zelebre samarra nintzen orduan ere, eta Donostian ostalaritza ikasten hasi nintzen, 14 urterekin. Bost urte egin nituen han. Donostiara joatea New Yorkera joatea bezala izan zen niretzat; mareatu egiten nintzen autobusean, oso umea nintzen ikaskideen ondoan, eta erdaraz egiten genuen dena. Ikasketak eta futbola uztartu nituen lehen urtean, baina arraunean hasi nintzen gero, eta utzi egin nuen futbola.

Zer zeukan arraunak hainbeste lotzeko?

Ez dakit. Egin gabeko gorputza neukan, gainera, eta ez nintzen sartzen garai hartako arraunlari prototipoan. Baina barruan baneukan arraunera bultzatzen ninduen gauza indartsuren bat. Ez zetozen bat nire itxura eta barruan sentitzen nuena. Lehen hiruzpalau urtean emaitzak ez ziren onak izan, baina oso argi neukan nik arraunean segitu nahi nuela. Zaila zen ostalaritza eta arrauna bateratzea, eta sekulako astakeriak egiten nituen bietara iritsi ahal izateko.

Ikasketak bukatu, eta soldadutzara joatea egokitu zitzaizun.

19 urte egin nituen egunean sartu nintzen Gasteizko militarren basean. Danborra jotzen pasatu nituen bederatzi hilabete, eta ondo baino hobeto pasatu nuen. Arraunean ez nuen egin, baina asko entrenatu nintzen. Denbora librea nuenean, porroak erre beharrean, ariketa fisikoa egiten nuen, eta egundoko aldea egin nuen.

Oriora bueltatu, eta bizitza berrantolatu behar gero?

Orion jatetxe bat irekitzera zihoazen orduantxe, eta nigatik galdezka ari zirela esan zidan arrebak. Baina izan genuen beste albiste bat ere: Oriok Jose Luis Korta fitxatu zuela. Orio penagarri zebilen urte haietan, Kontxarako sailkatu ere egin gabe, eta urteren batean gelditu zen txaluparik atera ere egin gabe. Soldaduskan nengoen artean, eta ez dakit nola moldatu nintzen, baina agertu egin nintzen Kortak deitu zuen lehen batzarrera. Harekin entrenatzen hasi nintzen soldaduskatik bueltan, baina jatetxea ere inauguratu zuten abenduan, eta han hasi nintzen lanean.

Nola uztartu zenituen bi arloak?

Libre izaten nituen orduak entrenatzen pasatzen nituen, baina bakarrik beti. Kortari atentzioa emango nion, nonbait, eta galdetu zidan ea berekin eta beste birekin Astillerora joango ote nintzen, sanjoseetako proba lehiatzera. Pentsatu gabe esan nion baietz, baina, jatetxean lan eginda, egundokoak egin behar izan nituen larunbat arratsaldean proba hartan lehiatzeko eta iluntzerako lanera bueltatzeko. Uda bazetorren, ordea, eta ikusten nuen bi gauzak ezingo nituela egin. Gurasoek ordaindu zizkidaten ikasketak, eta onartua nuen arrauna utzi beharko nuela. Amak bultzatu ninduen arrauna aukeratzera. Urte hartan, 1991n, Orio B-ko arraunlari izan nintzen, baina 1992an Kontxa irabazi nuen, eta 1993an aulki mugikorrean Munduko Txapelketa jokatu nuen. Nire arraun ibilbidean Korta izan zen gakoa; ez zuen ezer oparitzen, baina, inor izan gabe ere, aukera ematen zuen.

Baina sukaldeak bizitzeko lain ematen zizun, eta arraunak ez.

Arraunean ibiltzeko aukera ematen zidaten lanak bilatzen nituen, eta berdin zitzaidan zertan jardun. Ogi partitzen eta etxeko dendan laguntzen pasatu nituen bi uda horiek; horrekin bizi nintzen. 1993an, Ibon Urbieta olinpiar kirolariak proposatu zidan nazioarteko arraun lehiaketetan parte hartzeko berekin entrenatzeko, eta Espainiako selekzioak deitu zidan urte hartan bertan; Munduko Txapelketan parte hartu nuen. Horri esker, goi mailako kirolarien beka bat eman zidaten, eta beka hari esker jarraitu ahal izan nuen 1999ra arte.

Kontxako bandera batzuk irabazitakoa zara…

Kontxako hiru garaipen dauzkat arraunlari gisa, eta beste sei edo zazpi aldiz gelditu izan naiz bigarren; entrenatzaile gisa, berriz, beste lau bandera dauzkat.

2005era arte jarraitu zenuen Orion.

Bai, eta tarte horretan ere arraunarekin bateragarriak ziren lanetan aritu behar izan nuen: zerbitzari, sorosle, haragi banatzen, ardo banatzen… Ez ziren nire ametsetako lanak, baina oso gustura egiten nituen, arraunean aritzeko ahalbidetzen zidatelako. 2005ean eman zidaten aukera Orion, arraunlari izateaz gain, entrenatzaile ere izateko. Soldata ere bazuen horrek, eta orduan izan nuen lehen aldiz arraunetik bizitzeko aukera. Baina, eman bezala, laster kendu zidaten aukera hura, urtebeteren buruan bota egin baininduten; kendu egin zidaten arraunlari gisa Orion segitzeko aukera ere. Kiroltasunez hartu nuen nik, baina dezente sufritu zuten etxean.

Astillerora joan zinen gero eta 2013ra arte egon zinen han. Gero, berriz, Bermeora joan zinen, 2016ra arte. Zer moduzko urteak izan ziren?

Oso onak; zentzu guztietan, sekula ahaztuko ez ditudanak. Arrazoi pertsonalengatik utzi behar izan nuen Bermeo, baina, bestela, luzatzeko moduko proiektua zen hangoa.

Estrobo auzia zela-eta, garai zailak pasatu zenituen Bermeon…

Bai, aurpegia guk eman behar izan genuelako eta zigorrak ere guk jasan behar izan genituelako. Baina oso harro nago urte haietako lanaz, ni ailegatu nintzeneko Bermeok eta alde egin nuenekoak ez zutelako zerikusirik.

2016 bukaeran itzuli zinen, atzera, Oriora. Ez zen erabaki erraza izango, ezta?

Ez zen batere erraza izan, ez. Ni babestearren, familiak, eta, batez ere, aitak, ez zuten nahi ni hona etortzerik. Baina nik banekien euren benetako desioa zela ni hona etortzea eta gauzak ondo ateratzea. Nahiz eta ez zidaten esan, horrexegatik etorri nintzen, aitari hori emateagatik; neuregatik ez nintzen etorriko. Dena dela, klubekoei ez nien batere erraz jarri, asko exijitu nien, ez alde ekonomikotik, diru galtzen etorri naizelako Oriora. Baina oso tratu profesionala egin genuen, eta eskatutako dena onartu zidaten. Urte borobila atera zitzaigun.

Psikologo ona zarela diote…

Ez dakit zergatik esaten duten hori. Egiten dudanari kutsu humanoa ematen diot nik, sentimenduei garrantzi handia ematen diet, saiatzen naiz nerekin lanean ari direnengana gerturatzen eta daukaten onena ateratzen, baina nire izaeraren parte da hori. Eta ez dakit hori ona edo txarra den, batzuei gustatuko zaie, eta besteei ez, baina horrelakoa naiz ni; ez dut antzerkirik egiten.

Kirol arloan gero eta garrantzi handiagoa ematen zaio alor psikologikoari, ezta?

Bai. Zientziari garrantzi handia ematen diogu hemen, eta neur daitekeen guztia neurtzen dut nik, baina pertsonak garela sekula ahaztu gabe.

Azkenaldian kirolari batek baino gehiagok aitortu dute goi-goian zeudenean depresioa eta antsietatea izan dituztela. Zeuk ere badakizu zer den hori.

Lanik ez egiteko aitzakiak zirela uste nuen orain dela hamar urte, baina orain oso erraz ulertzen ditut entzuten ditudan testigantzarik gogorrenak ere. Asko beldurtzen zara zeuri gertatzen zaizunean; hil egingo zarela pentsatzen duzu. Ospitalera joan eta zer gertatzen zaizun azaltzen dizutenean, orduan ohartzen zara antsietate krisi bat izan duzula eta depresio baten atarian zaudela. Nik segituan kontatu nuen, eta ondo ikusten ninduela esan zidan taldeko medikuak, baina, badaezpada ere, psikiatra batengana joateko aholkua eman zidan, eta halaxe egin nuen. Behin joan nintzen, eta oso kontuan izan ditut hark esandakoak. Ez dut izan botiken beharrik, baina beharko banitu, hartuko nituzke. Egoera horiei aurre egiten ikasi nuen, eta, zorionez, urte batzuk badaramatzat inolako sintomarik gabe; baina oso kontuan izateko gauzak dira. Psikiatrak esan zidan ez traiziorik egiteko neure buruari; alegia, kalte egiten zidaten gauzak saihesteko, eta horretan saiatzen naiz. Zoritxarrez, inguruan nahi baino gehiagotan izaten ditugu horrelako kasuak; abandonatutako txakur bat bezala iristen zaizkigu kirolariak, eta, haien errendimenduan pentsatzen jarri aurretik, sendatzen laguntzea da gure eginbeharra.

Asko prestatu zara azken urteotan. Zer ikasten ari zara orain?

Talde baten liderra izan behar badut, nire lana ahalik eta ondoena egin nahi dut, eta urte hauetan asko ikasi dut horretarako. Mondragon Unibertsitateak eta Watts taldeak eskaintzen duten graduondoko bat egiten ari naiz, balioetan oinarrituta kirol esparruan egin daitezkeen berrikuntzen ingurukoa. Bi saio egin ditugu, eta oso identifikatuta sentitu naiz guztiarekin; oso bat dator nire lan egiteko moduarekin.

Arraunlaria duzu emaztea ere, baina etxean ez omen duzue arraunaz hitz egiten.

Hiru umerekin izaten dugu beste zertaz hitz egin, eta umerik ez genuenean ere nire emazteak oso ondo bereizi izan ditu etxe barruko kontuak eta kanpokoak; niri ere mesede handia egin zidan horrek. Entrenatzaile hobea izaten eta arraunetik kanpoko gauzei balioa ematen lagundu dit.

Seme-alabek arraunlari izan nahi dutela esaten badizuete?

Guk ez ditugu horretara bideratuko, baina izaten badira, lagunduko diegu. Zorionez edo zoritxarrez, oso erakargarria da Orioko Arraunetxea, eta asko gustatzen zaie hona etortzea. Txikienari ikaragarri gustatzen zaio musika ere, eta melomano hutsa naiz neu ere; bateria jotzea gustatzen zait, eta ez legoke gaizki etxean musikari bat izatea.

Kontzerturen bat ere emandakoa omen zara…

1999an, hiru lagunek kontzertu bat eman genuen Orioko taberna batean, Nirvanaren akustiko bat imitatuz, baina hura izan zen nire debuta eta erretiroa. Erabat aseta sentitu nintzen.

Zer eman eta kendu dizu arraunak?

Arraunak baldintzatuta hartu izan ditut nire bizitzako erabaki guztiak. Gauza txiki asko galdu ditut, baina beti jakin izan dut zein norabide hartu.

Leave a Reply

Your email address will not be published.