Beste lau kasu

Deban Itziar bezala, Gipuzkoako beste hainbat herritan ere badira udalerrietatik bereizi nahi duten edo nahi izan duten auzoen adibideak.

Igeldo

2013an desanexioari buruzko galdeketa egin ostean, Igeldo herri bihurtu eta Donostiatik bereizteko dekretua onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Baina Donostiako Udalak salaketa aurkeztu zuen, eta, 2016an, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen dekretu hura, argudiatuz udalerri bat sortzeko gutxienez 2.500 biztanle izan behar dituela (1.100 ditu Igeldok) eta herri galdeketan desanexioak ez zuela aski babes izan. Gorenak epai hura berretsi du aurten. 2016an, Donostiako Udalak auzo udala sortzea eskaini zien Igeldoko Herri Kontseiluari eta Itsas Aurre plataformari.

Ezkio-Itsaso

Itsaso Ezkiotik banatzeko erabakia Espainiako Gobernuak baliogabetu zuen 2017ko martxoan. 2011n hasi zuten Itsasoko biztanleek desanexiorako prozesua. Ezkio-Itsasoko Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa izan dute beti. 2016ko irailean, herri galdeketan parte hartu zuten boto eskubidea zuten 140 herritarretatik 119k; 88k egin zuten desanexioaren alde. Madrilek, baina, ez zuen onartu Espainiako Tokiko Entitateen Erregistroan izena emateko eginiko eskaera.

Ereñotzu

Gipuzkoako lehen tokiko administrazio txikia edo auzo udala bihurtu zen Ereñotzu 2010ean. 2011ko udal hauteskundeak iritsi arte, behin-behineko ordezkariak izan zituzten Hernaniko auzoan, eta, ordutik, bi agintaldi egin dituzte hainbat udal eskumen eta aurrekontu propioa kudeatuz.

Zubieta

Bi udalerritan ditu lurrak Zubieta auzoak —Usurbilen eta Donostian—; ondorioz, ezin du tokiko administrazio txikiaren izaera izan. Herri Batzarrak ordezkatzen ditu zubietarrak, eta Donostiako eta Usurbilgo ordezkariak aukeratzen dituzte udal hauteskundeetan: hiru Usurbilgoak eta hiru Donostiakoak. Donostian boto gehien lortu zituen hautagaiak bi urte egiten ditu alkate, eta Usurbilgoak beste bi. 1992tik funtzionatzen dute horrela.

Leave a Reply

Your email address will not be published.