Musika eta letrak, transmisiorako tresna

Musika eta letrak, transmisiorako tresna

Beñat Alberdi

Orreagako guduaren berri emateko, Xabier Iratzederrek jarri zituen hitzak, eta Benito Lertxundik musika; Gabriel Arestik idatzi zituen oinaztarrei eta ganboarrei buruzko poesiak, eta Oskorrik gehitu zien musika; Esteban Urkiaga Basaraz Lauaxeta-ren hitzei musika jarri zien Eñaut Elorrietak… Hainbat kantuk lortu dute euren txokoa euskal imajinarioan. Orain, ordea, beste begirada bat gehitu nahi dute Gotzon Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak, Hitzen ahairea ikastaroarekin: nork, noiz eta zergatik idatzi zituen hitz horiek? Eta nork, noiz eta zergatik jarri die musika? Euskal Herriko historiaren eta kantagintzaren errepasoa egingo dute bi artistek, eurek egin nahi duten transmisio lana bermatu dadin, gehienbat. Atzo eskaini zuten lehen saioa, Bergarako Errotalde jauregian, Jardun euskara elkarteak eta udalak antolatuta, eta beste bi egingo dituzte azaroaren 7an eta 28an.

“Kulturgintzaren transmisioan eten handi bat zegoela ondorioztatu genuen Rafak eta biok”, azaldu du Barandiaranek. Elkartzen zirenean, kulturaren egungo egoera izaten zuten mintzagai gehienetan; jendeak nolatan erosten dituen liburu gutxiago edo zer dela-eta joaten den jende gutxiago kontzertuetara. Diagnostikoak diagnostiko, euren alea jartzea erabaki zuten: “Bion jakintza eta esperientzia uztartuta, idazleen eta musikarien arteko kantagintza aztertu eta gure herrikideekin banatu genezakeela pentsatu genuen”.

Bera “idazlea eta musikazalea” dela argitu du Barandiaranek, eta Rueda, “musikaria eta literaturazalea”. Eta, azken finean, bi arloak hartu dituzte ardatz musikagintza aztertzeko; musika eta literatura uztartuta, letra bidez landu izan diren gertaerak ikertu dituzte, batetik, eta doinua jarri zaien letrak aztertu dituzte, bestetik. Betiere, idazleen testuak dauzkaten abestiak hartu dituzte kontuan. “Iraganari buruz ikas daiteke historiako edo kazetaritzako liburuekin, baina guk kantagintza hartu dugu tresna gisa”.

Bitxia bada ere, aitortu dute ikuskizuna prestatzeko inoiz ere ez dutela ardatz izan historia, “letren esanahia” baizik. Baina ikerketa lanean sakondu ahala ohartu ziren Euskal Herriaren historia konta daitekeela abestien hitzei erreparatuz gero.

Testuinguruari begira

Nola balia daitezke, ordea, abestiak iraganera begira jartzeko? “Egilea nor den aztertzen dugu guk, zer helbururekin eta zein abiapunturekin idatzi duen letra hori, eta zer lortu nahi zuen. Gero letra hori zein musikarik hartu zuen ere ikertzen dugu eta gerora zein eragin eduki duen”. Azken batean, hitz horien testuingurua ulertzea beharrezko ikusi dute letra bera ulertu ahal izateko; esaterako, Joseba Tapiaren Agur, Intxorta maite albumari buruz jarduteko nahitaezko jo dute aldez aurretik 36ko gerran kokatzea.

Abestiak zein eragin izan zuen aztertzea izaten da bigarren pausoa, eta, alde horretatik, kantagintzaren garrantzia azpimarratu dute biek.”Frogatutako gertakariei buruz hitz egiten da historia eta kazetaritza lanetan”, gaineratu du Barandiaranek. “Baina guk gure kantagintzaren eta sormen lanen bidez kontatu dugu gure historia”.

Abestiak aukeratzeko orduan ez dute izan lan erraza, hamaika gairi buruz aritu baita euskal musikagintza. Ondorioz, “gehien errepikatutako gaiak eta ezagunenak” hautatu dituzte. “Kantu bazkari eta afarietan banatzen diren liburuxka horietan errepikatzen direnak”, aipatu du idazleak, bromatan. “Abesti horiek oso txertatuta daude milaka euskaldunen buruetan, diskurtsoa eraikitzen lagundu dute kantu horiek, eta, afektiboki, nolabaiteko babes izan dira askorentzat”.

Bigarren hausnarketa bat gehitu diete kantu ezagunei; hots, hitz horietako bakoitzaren zergatia eta hitz horiei musika jarri izanaren arrazoia zein den argitzea. Hausnarketa bultzatu nahi dute proiektuaren egileek, nabarmendu baitute askok aitortu izan dutela abesti bat sarritan kantatu arren, jabetu gabe zeudela hitzen esanahiaz.

Ez da gauza bera, ordea, kantu bakoitzak izan duen eragin kolektiboa eta norberaren bizipena, eta Barandiaranek eta Ruedak norbanakoen esperientziei eman diete ahotsa: “Eragin kolektibo horretan, norberak modu jakin batean jaso eta bizi izan du kantu bakoitza: zein sasoitan jaso duen, zein egoera emozionaletan zegoen, zerekin lotu izan duen…”. Ikastaroan parte hartuko dutenek horri buruzko iritzia ematea da helburuetako bat.

Izena emateko aukera

Kantu bakoitzak ez du izaten esanahi edo transmisio helburu zehatzik. Badaude erronka nabarmena aldarria zabaltzea den kasuak. “Eusko Gudariak, esaterako”. Beste abesti askok, ordea, “gaur egungoek gehienbat”, zehaztu gabe izaten dute zentzua. “Eta horrelako kantuekin ederra da hogei bat interpretazio ezberdin jasotzea”. Hausnarketarako bide izaten dira ekarpen horiek guztiak. Zabalotegi aretoan izango dira azaroaren 7ko eta 28ko saioak, eta zabalik dago izena emateko aukera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.