Argazkia osatu aurreko argazkiak

Argazkia osatu aurreko argazkiak

Unai Zubeldia

“Oso garrantzitsua da zero unearen analisia egitea; errepikaezina da momentu hau”. Maider Usabiaga Zubieta Lantzen elkarteko kideak behin eta berriz azpimarratu du esan hori. “Zubietako erraustegia martxan jarri aurretik, ikusi genuen beharrezkoa zela lurreko metal astunen jarraipena egitea”. Eta Hernaniko Zero Zabor taldeak gonbidatuta Herbehereetako ToxicoWatch fundazioko kideek eman zuten hitzaldi bat baliatu zuten haiekin harremanetan jartzeko. “Ez metal astunen kontrola bakarrik, dioxinaren, furanoaren eta beste hainbat elementuren jarraipena egitea ere komenigarria zela azaldu ziguten”.

Horrela ekin zioten balizko kutsaduraren kontrol independenteari, erraustegiaren inguruko hainbat herritan —Andoainen, Añorgan, Hernanin, Lasarte-Orian, Urnietan, Usurbilen eta Zubietan—, eta eragin eremutik kanpoko herri batean: Zaldibian, Goierrin. Herri horietan guztietan oilategietako kanpoko arrautza, goroldio, lur, landare eta lurpeko uren laginak hartzea izan zen lehen pausoa. “Eta, ondoren, ama esnearen laginak hartzea ere interesgarria izan zitekeela aipatu zieten laborategiko kideek ToxicoWatcheko langileei”, zehaztu du Usabiagak.

Eta horretan ere ez zuten izan zalantzarik. Gehienbat dioxinak aztertzen ari da ToxicoWatch, eta Eusko Jaurlaritzak akreditatutako enpresa bat ere ari da laginak hartzen: Geyser. “Bereziki metal astunen neurketak egiten ari da enpresa pribatu hori”.

Balizko kutsaduraren kontrol independentea finantzatzeko, noski, ezinbestekoa da sustengu ekonomikoa, eta Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak horregatik ekin zion finantzaketa kolektibo bidez dirua biltzeari. Laginen azterketan laguntzeko, 13.000 euro biltzea zen erronka, eta gaur amaituko da epea. Atzo eguerdian, jada, 13.280 euro zeuzkaten bilduta. Aurrekontu horretatik kanpo leudeke ama esnearen laginak. “Eta horregatik komeni zaigu ahalik eta gehien lortzea”. Hamabi lagin bildu dituzte Usurbilen, hamabost Lasarte-Orian, eta lau Andoainen. Usabiagak azpimarratu duenez, erraustegia martxan jarri aurretik hartutako laginen “lehen kasuetako bat” da Zubietakoa, “lehenengoa ez bada, eta oso garrantzitsua da hori”.

Lide Arriaga usurbildarra bi umeren ama da; bi urte eta erdi dauzka zaharrenak, eta lau hilabete gazteenak. Ez zuen izan zalantzarik entzun zuenean Erraustegiaren Aurkako Mugimendua hainbat neurketa egiten hasi zela eta ama esnearen laginak ere hartuko zituztela. “Hilabetean behin, edoskitzearen aldeko bilera bat egiten dugu herrian, eta Zubieta Lantzen elkarteak bilera horietako batean eman zigun egitasmoaren berri. Berehala eman nuen baiezkoa”.

Arriagak gogoan dauka duela hamar bat urte nola iritsi zitzaizkion erraustegiari buruzko lehen albisteak. “Arduraz bizi izan dugu prozesu guztia, eta umeekin areagotu egin da sentsazio hori. Umea haur eskolara eraman, aldapa jaisten hasi, eta parez pare ikusten da erraustegia. Piztekotan direla jakinda, gainera, kerik ikusten ote den begira ibiltzen gara beti. Oso kezkatuta gaude”.

Jendea animatzeko deia

Behin errauste planta eraikita, etorkizunerako lagungarri izan nahiko luke Arriagak. “Erraustegia benetan kaltegarria dela frogatzeko balio badezake, nola ez dugu lagunduko? Gizartean eragin handiagoa izan dezake, gainera, tartean haurrak egoteak”.

Esne laginak emateko ez dutela zailtasun handirik izan zehaztu du Arriagak. “Lanak erraztu egin dizkigute etengabe”. Azalpenak entzun eta esne laginak gordetzeko potetxoak jaso zituzten Potxoenea kultur etxean egindako lehen bileran. “Etxean atera genezakeen esnea, eskuz edo esnea ateratzeko gailuarekin; esnea izozkailuan sartu beharra geneukan gero, eta hurrengo egunean eraman behar genuen Potxoenera”. Inkesta txiki bat bete behar izan zuten gero, adina, bizitokia, elikadura ohiturak eta beste hainbat kontu zehaztuta.

Arriagak berehala erabaki zuen pausoa ematea, eta ingurukoak ere animatu egin nahiko lituzke etorkizun hurbilean, beharrik egongo balitz eurek ere antzeko jarrera izan dezaten. “Agintariek esan zuten kontrolak egingo zituztela, baina alde handia dago esan zutenetik egingo dutenera, proiektuarekin aurrera egitea komeni zaielako haiei”. Arriagak azpimarratu du Euskal Herria ohituta dagoela herri mugimenduari babesa ematen. “Eta, gure umeak aintzat hartuta, beste ahalegin txiki bat egin beharra daukagu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.