Noraezean hegan jarraituz

Noraezean hegan jarraituz

Rebeka Ruiz

Hondarribiko aireportuko bidaiarien goranzko joera etengabea izaten ari da aurten. Aireportuak sasoi onean ekin zion 2019ari, eta AENA Espainiako Aireportuak eta Aireko Nabigazioak zabaldutako azken datuen arabera, irailean %12,9 hazi zen erabiltzaile kopurua. Are gehiago, 2019ko urtarriletik irailera 242.462 bidaiarik erabili dute azpiegitura hori, iaz epe berean baino %9,2 gehiagok.

Datu positiboak izanagatik, aireportuaren bideragarritasuna eztabaidagai da oraindik ere. Hala adierazten du urrian Vueling konpainiak egindako aurrerapenak: “Arrazoi komertzialak direla medio”, 2020ko urtarrilaren 8tik aurrera murriztu egingo dira Hondarribitik Bartzelonarako zerbitzuak.

Aireportua sustatzeko Ortzibia erakunde arteko elkarteak, hala ere, beste berri bat ere argitaratu zuen segidan: 2020ko otsailaren 13tik aurrera konpainia horrek zerbitzua berreskuratu egingo duela ziurtatu zuen. Eta ez hori bakarrik; A320neo hegazkinaren aldeko “apustu irmoa” egin zuten elkarteak eta konpainiak berak. Atzerapenak saihestea eta zailtasun teknikoak gainditzea da hegazkin berriaren helburua, eta, bide batez, bidaiarientzako leku gehiago eskaintzea. Gipuzkoako Mugikortasun eta Lurralde Antolaketarako diputatu eta Ortzibiako presidente Rafaela Romeroren hitzetan, “hegaldi gehiago eskaintzeko aukera” emango du A320neo hegazkinak. “Aireko hori erabiltzea segurua dela jakinik, helmuga berriak bilatu ahal izango ditugu”.

Orain arte, baina, erabiltzaileek ezinegona besterik ez dute agertu konpainiarekin. Desbideratze eta atzerapenengatik agertu dira kexu, batez ere. Eta erreklamazioak jartzeko garaian izan dituzten trabek ez dute lagundu egoera arintzen. Hala azaldu du Arantxa Olaizola hondarribiarrak, orain gutxi izandako egoeraren inguruan: “05:00 ziren, eta Vuelingeko aplikazioan irakurri nuen hegazkina matxuratuta zegoela. 08:30erako aurreikusia zegoen hegaldia hasiera batean”. Abisua jaso eta bi ordura iritsi zen aireportura, eta harridura eragin zion aire konpainiaren leihatila artean itxita egoteak.

Loiuko aireportura eramango zituztela jakinarazi zieten handik gutxira, baina, autobus bakarra zegoela eta, ez zeukatela bidaiari kopurua adina leku. Ondorioz, 08:00etan eramango zituztela bidaiarien erdiak Bilbora, eta 09:00etan beste erdiak. Atzerapenarekin iritsi zen, ordea, lehen autobusa. “Oso gaizki antolatuta zegoen dena. Ilaran zeuden bidaiariek kontatu zidaten, gainera, ez zela egoera hori jasan izan zuten lehen aldia. Iaz Florentziara joatekoak zirela Bartzelonan geldialdia eginda, baina, matxura argudiatuta, Bilbora eraman zituztela azkenean”, adierazi du Olaizolak.

Antzera mintzatu da Fernando Romero Bartzelonan bizi den irundarra ere. Zortzi bat aldiz egin du hegan Vueling konpainiarekin, eta Bartzelonatik Hondarribira bueltan hiru aldiz desbideratu zuten Loiura. “Esan ziguten eguraldi txarragatik zela, baina, Bilbora iritsita, ez zebilen haizerik eta euririk ere ez zuen ari. Eguneko azken hegaldiarekin gertatu izan zait hori beti. Kasu horietan, gainera, gero neure kabuz joan behar izan dut Donostiaraino”.

Romerorena eta Olaizolarena ez dira kasu bakanak. Bartzelonan bizi da Susana Fernandez bidasoarra ere. Fernandezek azaldu du eguraldi txarra dela medio hegaldi bat Bilbora desbideratu behar izan zutela, baina, Romerori gertatu bezala, Bilbora iristean ez zuen ari euririk eta ez zuen nabaritu haize bolada handirik ere: “Bidaiariek azaldu dute maiz gertatzen direla halakoak, pilotuek, itxuraz, ez dutelako Hondarribira joan nahi”.

Ibai Harris hondarribiarraren kasuan, Bartzelonatik Hondarribira joan nahi eta, “inongo azalpenik eman gabe”, bertan behera utzi zuten goizeko lehen orduan hartu behar zuen hegaldia: “Berehala etortzeko premia nuen, eta, beraz, autobus bat hartu behar izan nuen korrika eta presaka”.

Hobera egin du egoerak

Bartzelonan lan egiten du Hernan Ordoñezek, eta astero egiten du Hondarribitik Kataluniarako bidea. Komunikazioak eta konpentsazioek huts egiten dutela iritzi dio. “Twitter bidez eman izan digute aldaketen berri, eta lana galdu ere egin dut haien erruz”. Gaur egungo egoerarekin baikor dago, halere, “egoera hobetu egin baitute pistetan egindako lanek eta hegazkin aldaketek”. Halaber, hegazkinak desbideratzen dituzten kasuetan, Bilbora eraman beharrean Miarritzeko aireportura lekualdatzeko eskatu du Ordoñezek.

Konpentsazioez ere hitz egin du Olaizolak, haserre. Vuelingeko erabiltzaileei ordain ekonomikoa ote zegokien galdetuta, baietz erantzun zioten. “Baina horra hor nire ezustekoa: erreklamazioaren zergatia zehaztean, ohartu nintzen aukera bakarra hiru ordu baino gehiagoko atzerapena zela”. Aireportu aldaketagatik, berriz, ezin izan zuen kexarik jarri. “Nire hegaldia askoz garestiagoa zen, Hondarribitik ateratzen zelako”. Konpainiarekin harremanetan jarri arren, haren ustez agerian gelditu zen aireportu aldaketagatik konpentsazio ekonomikoa emateko prestutasunik eza. Aire segurtasuneko AESA agentziaren bitartez aurkeztu behar izan du erreklamazioa, azkenean.

Olaizolak ontzat jo du plataforma bat eratzea edo Change.org atarian sinadura bilketa abiatzea. “Ez da kontu bakan bat. Lagun bati gertatu zitzaion niri gertatu eta gutxira, eta argudio bera erabili zuten”. Vueling konpainiak ez du eman nahi izan gaiari buruzko azalpenik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.