Aurreiritziak argitzeko

Aurreiritziak argitzeko

Beñat Alberdi

Espainian, presidentegaien arteko eztabaidan, mintzagai izan da immigrazioaren gaiaren trataera; izan ere, hautagai batek handiak bota zituen gaiari buruz: zenbakiak, zurrumurruak, usteak… Baina inork ez zion erantzun. Beste kontu bat da hautagai ultraeskuindarrarekin eztabaidatu behar den edo ez. Hala ere, kontua Euskal Herrira ekarrita, bada behin eta berriz gertatzen den fenomeno bat: zurrumurruak egia gisa aurkezten dira askotan, eta bere horretan gelditzen dira gero. Horren jakitun, egoera horren aurkako sareak sortu dituzte hainbat herritan. Aretxabaletan, Zurrumurruen Aurkako Sarean eta udalak berak sustatuta, bukatu berri dute formakuntza. Praktikan jartzea tokatuko zaie orain.

“Gipuzkoako Foru Aldunditik deitu zidaten proposamena egiteko”, argitu du Karmele Uribarri Aretxabaletako Udaleko Gizartegintza zinegotziak. “Aukera polita iruditu zitzaigun”. Aldundia programa pilotu bat garatzen ari da zurrumurruen inguruan, eta, Aretxabaletan ez ezik, beste bost herritan ere landuko dute ideia.

Aretxabaleta ez dute aukeratu, espresuki, bertan immigrazioarekin arazoak dauzkatelako, hainbat ezaugarri berezi dauzkalako baizik: herri txikia da, herritarren arteko harremana estua da, elkarren artean eragiteko gaitasuna dago herrian… Azkenean, errazago antzeman ahal izango dute metodologia hori herri txiki batean eraginkorra den edo ez.

Proposamena talde txiki bat sortzea zen, hogei pertsona ingurukoa. Asmoa zen formakuntza saioak eskaintzea, Aretxabaletan zurrumurrurik ez sortzeko talde bat osatzeko helburuarekin; hau da, immigratzaileen aurkako ustezko esanak desmuntatzeko gaitasuna daukan pertsona talde bat sortzea zen erronka.

Eta, hasierako proposamenari erantzunda, egun osatuta daukate hamazazpi pertsonako talde bat. Hainbat profiletako jendea batu dute: eragileetako aktibistak, norbanakoak, erretiratuak, gazteak… Taldea osatzeaz harago, ordea, garrantzi handiagoa du formakuntzak berak. Baina hor sortzen da galdera: zer formakuntza jaso behar dute eragileek?

Bi saio egin dituzte Aretxabaletan. Xabier Aierdi kolektibo horretako kidearekin egin zuten lehenengoa, informazioa jasotzeko; eta Raquel Moreno D-Cas enpresako aktibistarekin bigarrena, gaitasunak garatzeko. Kataluniako enpresa da D-Cas, Col Lectiu d’Analistes Socials, eta, besteak beste, politika sozialak garatzeko aholkularitza eskaintzen die erakunde publikoei.

“Egungo egoeraren argazkia ikusi genuen lehen saioan”, azaldu du Uribarrik. Gaiaren oinarrira jo zuten: zer diren estereotipoak, zein den immigrazioaren egoera orokorrean eta Aretxabaletan zehazki, zeintzuk diren ahoz aho dabiltzan zurrumurruak… Zinegotziak gaineratu du baliagarria izan zitzaiola Aierdik azaldutakoa: “Oinarria da zurrumurrua zabaltzen ari den pertsona ez dela arrazista, nire moduko pertsona bat dela. Beldurra die kontu ezezagunei, eta horrelako gauzak saltzen dizkiete”. Bigarren saioan, berriz, ustezko esan horiei erantzuteko gaitasuna landu zuten: “Argumentuak ikasteak garrantzia du, baina garrantzitsuagoa da gaiari nola heldu definitzea”, zehaztu du Morenok.

Azkenean, eztabaidan tematzea ez dela ona gaineratu du ekintzaileak, eztabaida askok ez baitute balio bakoitza bere jarreran indartzeko baino. “Elkarrizketa lasai eta eraginkor bat izan behar da. Besteak zure iritzia entzun behar du, eztabaida berotuetan ez bezala”. D-Caseko kideak argi dauka informazio truke horretan gakoa ez dela bestea konbentzitzea, bere bertsioari buruzko dudak sorraraztea baizik. “Etxera doanean, esan duenari buruz ziur ez egotea”.

Helburu horiek lortzeko hainbat estrategia erabil daitezke; adibidez, galderak egitea: zergatik diozu hori? Horrelako egoera bat pasatu al duzu inoiz? “Egia absoluturik” ez daukala argitu du Morenok, eta hainbat faktorek eragiten dutela erantzunean; hala nola pertsonen gaitasunak. Haren hitzetan, ez da gauza bera pertsona umoretsu batek umorea bestearen argumentuak dudan jartzeko erabiltzea, edo pertsona arduratsu batek zentzuzko datuak mahaigaineratzea. “Parte hartzaileen estrategiei buruz hitz egiten dugu saioetan”, esan du ekintzaileak. “Sarri, asko ikasten dugu guk ere”.

Agenteen garapena

Finean, zurrumurruak sortzen diren egoeretan, izan taberna batean, supermerkatuan edo autoan, egoerei heltzeko moduak eta tresnak landu dituzte saioetan. Jaso dute informazioa, eta hitz egin dute gaia lantzeko moduei buruz; orain, norberak jakin beharko du, dauzkan gaitasunekin, egoera bakoitzari erantzuten. Oraingoz, ez dute zehaztu harremana nola mantenduko duten, baina badakite mantenduko dutela.

Komunitateen elkarbizitzarako hiru eredu daude munduan: frantsesa, ingelesa eta kanadarra. Frantzian, etorkinak atzean utzi behar izaten du bere iragana, eta bertako eredura moldatu behar izaten du. Eredu ingelesean, berriz, bere txokoa izaten du komunitate bakoitzak, baina elkarren arteko harremanik gabe. Kanadan, azkenik, jatorri ezberdinekoek elkarrekin eraiki dituzte komunitate berriak. “Kanadako eredua sustatu behar dugu”, nabarmendu du Morenok.

Leave a Reply

Your email address will not be published.