Gizartean kontzientzia sortzeko

Gizartean kontzientzia sortzeko

Unai Zubeldia

Talde baztertuen gizarteratzea, hirien kritika soziala, bortizkeria matxista, emakumeen salerosketak, immigrazioa, giza eskubideak… Gai horiek eta beste hainbat landuko dituzte, azaroaren 11tik 18ra, Donostian, Zinema eta Kultura Askeko Zinemaldian, CineccDonostia jaialdian. Oinarrizko ideia Bartzelonatik hartuta, proiektua 2013an iritsi zen Donostiara, eta zazpigarren urtea izango da jada aurtengoa. “Lekua egiten ari gara pixkanaka”, onartu du Juanjo Diaz jaialdiko zuzendariak. “Nolabaiteko sarea sortuta daukagu mundu osoko kultura askeko beste jaialdi batzuekin, filmen alorreko jaialdiekin bereziki”. Koldo Mitxelena kulturunean, Liburutegi Nagusian eta Izkali institutuan eskainiko dituzte emanaldi guztiak.

Donostiako Zinema eta Kultura Askeko Zinemaldiak Campo Creativo Cero elkartearen bidez ekin zion bideari, eta, Diazek azaldu duenez, gizarte alorreko gaiek toki berezia izaten dute urtero. “Gizarte psikologiaren alorretik gatoz zinemaldi honetan lanean ari garen guztiok, eta horregatik saiatzen gara gizarteko gaiak islatzen, gizarte gaien inguruko sentsibilizazioa sortzen. Zinema kritikoa da gure apustua”. Zirkuitu komertzialetik kanpoko lanei egiten diete tokia CineccDonostia jaialdian. “Lizentzia askeko lanak dira denak, interes komertzialik gabekoak”.

Bi multzotan banatu dute jaialdia. Bertako Sormenak izena jarri diote sail bati: bederatzi lan eskainiko dituzte bertan, eta Calcuta Ondoan eta Sorginlore elkarteek eta Donostiako Loiola auzoko sortzaileek parte hartuko dute tartean; eta Sail Ofiziala izango da beste saila —sei emanaldi izango dira—. Bertako Sormenak saileko lehen hiru filmak Malad, bizi ala ez, Itxaropen ozeanoa eta Argiko emakumea izango dira, astelehenean, eta Diom izango da sail ofizialeko lehen emanaldia, astelehenean bertan.

“Horrez gain, solasaldiak ere izango dira emanaldi gehienen amaieran. Gai jakin horiei buruz informazioa daukaten adituak gonbidatuko ditugu kasu bakoitzean”. Film eta dokumentaletako errealizadore eta produktoreak lotzen saiatu ziren proiektuari ekin berritan. “Baina gastu handia pilatzen ari ginela ikusi genuen berehala, eta ezinezkoa zen urte askoan bide horretatik jarraitzea”.

Filmekin eta solasaldiekin batera, bi tailer ere antolatu dituzte aurten. “Talde txikietan bilduko gara, film bakoitza sakonago aztertzeko”. Azaroaren 14an egingo dute lehenengoa, Donostiako Liburutegi Nagusiko jarduera aretoan, San Jeronimo kalean, ondasun komunalak lantzen dituen Commons filma proiektatu ondoren —Diaz bera izango da gidaria—; eta biharamunean egingo dute bigarrena, Izkali institutuak Donostian duen egoitzan, Askatasunaren hiribidean; bi egun lehenago Koldo Mitxelena kulturunean landuko dituzten genero gaiak izango dituzte hizketagai tailerrean, eta Ttala Lizarraga izango da gidaria.

Genero gaien lanketa

Diazek bereziki azpimarratu nahi izan du euren jaialdian genero berdintasunaren gaiei egiten dieten lekua. “Azaroaren 13an, asteazkenean, Eguneroko matxismoekin, zer? dokumentala eskainiko dugu lehenik eta behin, nolabaiteko fikziozko elkarrizketa bat”. Eta Sail Ofizialeko bi lan eskainiko dituzte jarraian: Lesbofobia. Dokumental bat eta hamar erantzun, eta 1 emakumea, 2 emakumea, 3 emakumea. “Gaur egun, oso zabalduta dago homofobiaren gaia, gizonezkoen arteko homofobia, eta kontzeptu berriagoa da lesbofobiarena”. Emakumeen salerosketa eta esplotazioa landuko ditu, berriz, bigarren lanak.

Ez da sarrerarik ordaindu beharko hamabost emanaldietako bakar bat ere ikusteko. Hori bai, leku arazoak tarteko, aurrez izena eman beharko da hilaren 15eko tailerrean parte hartzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.