Bat bera ere ez zen libratzen

Danel Agirre

Iragan igandean bozkatu gabe geratu nintzen berriro: izan ere, aurkeztutako alderdi guztiak faxistak ziren. Hilabeteak pasatu ditut nire botoarekin armagedoia oztopatzeko mentalizatzen, akziorako prest nengoen. Baina H egunerako, nora apuntatu edo nondik jo asmatu ezinik ikusi nuen neure burua, mareatu samar, aukera onargarririk gabe.

Trilioi bat boto paper ezberdin, eta ez zen bat bera ere libratzen. Voxek zirudien neutralizatu beharreko arerio lehentasunezkoa, La Escopeta Nacional-eko ehizaldiaren plano sekuentzia miresgarri hartako estrak diruditen hautagai horiekin. Kanpainan telebistan muntatu zieten eszena teatrala lekuko, Aitor Estebanek ere trilogia ikusia izango du akaso, antzezlanak maite ditu behintzat. Alboan zuen Ortega Smith izeneko tipo txit ilunari faxista deitu zionean, hala eta guztiz ere, kalkulatu gabeko marabunta eragin zuen. Madrilgo agerkariak EAJrekin pipertu, eta urte gutxian behin artxibotik erreskatatu ohi dituzten erreportajeekin itzuli dira asteotan: Santoñako paktua, jeltzaleen eta Hitlerren arteko hartu-eman sekretuak, Aranaren hit-parade xenofoboa… Material gastatu samarra, baina betiere efikaza. Jaurlaritzaren obra publikoetan ia esklabo hildako etorkinen zenbaketa eguneratu zezaketen, bidenabar, baina ez dirudi ankerkeria zehatz hori gehiegi interesatzen zaienik.

EAJren iragan susmagarriaz ABC oroitu ohi da sarrien: pieza historikoekiko atxikimendu berezia du berripaper horrek. Egunotan, urrutira joan gabe, Wehrmachtaren txapel bat zozkatu berri du Erwin Rommel “idolo eta mito apolitiko”-ari buruzko lehiaketa batean (hau ez naiz asmatzen ari, zin dagit). Nazi porrokatuak detektatzeko radarra egoki kalibratua du egunkariak, bistakoa denez. Eta pasa den domekako gainontzeko aukeren errepasoari jarraituz, Quim Torrari egunero lauzpabost bider “buruzagi supremazista” deitzen badio, zerbaitegatik izango da. Ez dakit presidentearen duela bospasei urteko txio arrazistak irakurri dituzun: harro erakusteko modukoak ere ez dira.

Ezker abertzale guztiz eta osoro antifaxista botatu ahalko nukeela esango didazu. Baina zer esango dizut ba: inori galdetu gabe herriaren izenean hitz egin, eta egitasmo totalitario bat tiroka inposatu nahian berrogei urte eman zituen jendea da hori. PSOEri darion kiratsa are beldurgarriagoa da; eskuin muturreko talde terrorista bat sortzeraino iritsi zen. PPk Franco Fundazioa sos publikoekin babesten zuen; kaudilloaren ministro batek sortutako alderdia da. Podemos diktadura krudel askoak justifikatzen dituzten militantez josia dago. Ah, eta ahaztu gabe, Ciudadanos da guztietan arriskutsuena: frankisten seme-alaba tontoenek sortu zuten; eskerrak guztia alde zutenean harakiri politikoa egin duten.

Esan dizut hasterako, bat bera ez da libratzen. Hauteskundeei izkin eginda hanka barru-barruraino sartu dudanaz jabetu berri naiz ordea. Egin kontu: faxismoari arnasarik ez ematea zen nire hasierako plana, baina Extremaduratik etorritako langileei “kolono” deitu eta hagin bat anestesiarik gabe kentzea bezainbeste estimatzen ditudan nabarristen alboan bukatu dut azkenean. Voxekoena baino erresuma are ultramontanoagoekin amesten dutenen zaku berean. Abstentzioarenean, hain zuzen ere. Marka da gero, baina demokraziaren kontu honi ez diot neurririk hartzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.