“Eskola gutxitxo izan genuela, horixe da nire bizitzako akatsa”

“Eskola gutxitxo izan genuela, horixe da nire bizitzako akatsa”

Unai Zubeldia

Endoiako Beliosorogoikoa baserrian jaioa da Joxe Landa (Itziar, Deba, 1929), eta 11 anai-arrebatan bigarrena da. Manuel Olaizola Uztapide bertsolariaren lehengusu propioa zuen aita, eta haren itzalean ondu zuen hitz jarioa. “Baserriaren talaia paregabearekin”, ia oharkabean hasi zen eguraldi kontuak aztertzen, eta “etiketa horrekin” egin ditu azken urteak. Gaur egun, bost irrati katetan egiten du eguraldi iragarpena, eta baita Gara egunkarian ere. Landak bide luzea egina dauka kooperatibismoan ere; 28 urte egin zituen Itziarko Nekazari Kooperatibako zuzendari karguan. Irakurtzea eta politika ditu zaletasunetako beste bi.

Martxa honetan, euritan itoko da lurra. Ez al daukazue eguraldi onik iragartzeko asmorik?

Hau ez da euria; lanbroa da. Baina igandetik aurrera etorriko da onalditxoa, benetakoa.

Gaur egun klima aldaketari leporatzen zaio eguraldiaren aldaketarik txikiena ere, baina horren eraginak al dira muturreko egoera gehienak?

Horrek ez dauka zerikusirik. Epe laburreko estatistikak hartzen dituzte kontuan askok, azken hogei urteetakoak-edo, eta, eguraldi kontuetan, hogei urte ez da ezer. Azken 60-80 urteko kontuak dauzkat nik gogoan, eta galantak izan dira aurretik ere: hilabeteko izozteak, Zestoan autobusa eraman zueneko uholde handia, haizeak trena bota zuenekoa… Historia luzatuta, aurretik ere izan dira horrelako fenomenoak.

Ez udaberririk eta ez udazkenik; udatik negura eta negutik udara, horrela dabiltza urtaroak azkenaldian.

Asmakeriak dira horiek ere; eguraldiak ez dauka pauta jakinik. Garaian garaikoa egin behar du, eta neguak eta udazkenak badauzkate berezko joera batzuk, baina horren barruan ez dago pauta jakin bat.

Nolako negua ikusten da?

Oso suabeak izan dira azkenak, eta aurtengoa gogorxeagoa izango den errezeloa daukat. Elur gehiago egingo du aurten.

Baieztapen hori ez duzu egin tenporak aztertuta, ezta?

Ez, ez. Nire ustez, txorakeria da tenporen kontu hori. Ez du merezi aipatzea ere; ez dauka inolako oinarririk. Pello Zabalak gehiegi mantendu du tenporen kontua.

Borraska muturra, euri lardatsa, haize sastarra… Hiztegi aberatsa erabiltzen duzu gehienean. Nondik ikasitakoa da?

Bertatik bertara ikasitakoak dira hitz guztiak, aitari-eta baserri giroan entzundakoak. Horrelako hitzak erabiltzeko joera zuen aitak, eta arreta pizten zigun guri. Itsasora begira, izugarrizko talaia da Beliosorogoikoa baserria, eta anai-arrebon eguraldi kontuetarako afizioak badauka zerikusirik kokapen horrekin. Kanpoan egin behar izaten ziren baserriko lan asko, eta eguraldiak eragin handia izaten zuen lanak antolatzeko garaian. Goizean jaiki eta eguraldiari begiratzen genion beti, premiagatik; oso gaztetan hasi nintzen neure kasa iragarpenak egiten. Fama pixka bat hartu nuen, eta Endoiako baserritarrek ere neuri galdetzen zidaten belarra noiz ebaki behar zuten-eta.

Gaur egun “lainoa” izaten da dena, baina makina bat laino mota sailkatuta dauzkazu zuk, ezta?

Guk behekoari esaten diogu lainoa, eta hodeiak dira goikoak. Bitxia da kontua, baina udan bi pisu izaten ditu eguratsak: laino baxuak eta narratsak izaten dira behekoak, eta trumoi lainoak goikoak. Udazkenean, berriz, batu egiten dira denak, garapen bertikala gertatzen delako. Beste adibide bat jarrita, eguraldi oso onetik oso txarrera hamabi graduazio dauzkat nik. “Makurra” izan daiteke eguraldirik txarrena, eta “bikaina” onena, baina kolore asko daude tartean.

Zuek, baserrian, informazio asko jasotzen zenuten animalien ibiliak aztertuta, ezta?

Oiloek, adibidez, informazio asko ematen ziguten beti. Aske ibiltzen ziren gurean, eta goizean belardira joaten baziren, arratsalderako euria zetorren seinale izaten zen.

Galtzen ari al da jakintza hori?

Baliteke, bai.

Gaur egun, nola antolatzen duzu eguna?

06:30 aldera jaikitzen naiz, eta Interneteko sei-zazpi orritan begiratzen ditut eguraldi kontuak. Euskalmetekin eta Aemetekin hasten naiz beti, eta gero begiratzen ditut Alemania eta Suitza inguruko beste batzuk. Informazioa biltzen dut Interneten, baina horrekin bakarrik ez da nahikoa izaten. Balkoira aterata egiten dut lehenengo azterketa: haizea, hezetasuna, presioa… Garai batean, tximiniako keari ere begiratzen genion guk; kea zuzen-zuzen gora joaten bazen, antizikloa eta giro ona zen seinale. Lertxunaren hostoa geldi-geldi bazegoen ere, eguraldi ona izaten zen.

Klimaz gain, mikroklima ere aztertzen saiatzen naiz, tokian tokiko ezaugarriak kontuan hartzen. 08:30ean hitz egiten dut Elizondoko Xorroxin irratikoekin, Leitzatik deitzen didate gero, Oiartzundik, Seguratik, Arrasatetik… Onda Cero irrati katetik ere bai, astean behin. Eta Gara-ra, berriz, 08:00etarako bidaltzen dut iragarpena. 1980an hasi nintzen Egin-en, Joxean Agirrek zirikatuta. Lan horiek inoiz ez ditut utzi egin gabe, ezta ospitalean egon nintzen astebetean ere.

“Hemendik aurrera, eguraldi kontuak eta beste zenbait ixkirimiri jakin nahi duenak, hemen izango du irakurgai”. Blog bat ere badaukazu.

Bai, bai. Egunero idazten dut hor, eta artikuluak ere gehitzen ditut. Eguraldi gizon izendapena jarri didate niri, baina eguraldi kontuez baino gehiago idatzi izan dut nik beste hainbat konturi buruz.

Zer moduz moldatzen zara teknologia berriekin?

Niri asko lagundu izan dit Internetek, asko. Itziarren, gainera, nik neuk jarri nuen lehenengo antena parabolikoa, Meteosaten satelitearekin konexioa lortzeko. Ondo ordainduta, gainera! Orain jada badaukat informazioa biltzeko estazio meteorologiko txiki bat etxe atarian; baserrian ere jarri nahi izan nuen, baina ezetz esaten zidan aitak.

11 anai-arrebatan bigarrena zara zu. Nolako bizimodua izan zenuten umetan?

Gazte denbora hartako oso oroitzapen onak dauzkat. Eskola gutxitxo izan genuela, horixe da nire bizitzako akatsa. Guk inguruko baserrietan jaso genituen lehenengo eskolak, eta Zestoako fraide eskolan aritu nintzen gero, pare bat urtez. Baina 14 bat urterekin eskola utzi eta baserrian hasi nintzen buru-belarri. Autodidakta izan naiz, alde horretatik. Oso gaztetan hasi nintzen Zestoan liburuak-eta erosten, eta horrekin osatu nintzen. Irakurle ona nintzen. Joxepa izebarekin ikasi genuen guk erdaraz; Bilbon bizi zen, eta asko lagundu zigun hark. Arazorik ez genuen izaten erdaraz irakurtzeko.

Irratia entzutera ere joaten zinen zu inguruko baserrietara, ezta?

Bai. Gurean baino lehenago jarri zuten irratia auzoan; haiek harreman estua zuten Arroako apaizarekin. Gure etxera 1941ean iritsi zen irratia; bitartean, inguruko baserrietan albisteak entzunez edo elkarrekin hizketan lortzen genuen informazioa.

Ordubeteko ibilia zenuten etxetik Zestoaraino, ezta? Eta orduan ez zen izango errepiderik eta asfaltorik, noski…

Erreka zulo zahar bat zen hura. Ene! Sastarraindik barrena, errekatik gora joanda, hori zen gure etxera iristeko bideetako bat; ama-eta astoan ibiltzen ziren, eta isatsetik helduta joaten ginen gu. Askotan, ijitoekin topo egiten genuen Zestoara bidean, eta abentura asko izan genuen haiekin ere.

Baserriko lanean buru-belarri ari zinela, berrogei bat urterekin hasi zinen koinatuek sortutako baserri elkartean lanean, ezta?

Gu Martin Aranberrirekin hasi ginen, Itziarren, kooperatibismoaren munduan sartzen. Laguntza behar zuten baserritarrek, eta horrela hasi ginen mugitzen. Kooperatibismorako pauso horretan garrantzi handia eduki zuen Endoiako auzolanak; hortik datorkigu joera hori. Bertakotasun sentimendu handia geneukan Endoian, eta Uztapide baserria zen bilgune nagusia. Erabat auzolanean eraiki ziren gaur egungo eliza eta errepidea.

Itziarko Nekazari Kooperatiban sartu zinen gero, Inekon, eta zuzendari izan zinen 28 urtez.

Kasik geuk sortu genuen mugimendu hori. Harremana-edo izango zen garai hartan, eta Israelgo kibbutz antolaketatik [Israelgo nekazaritza etxalde kolektiboa] etorri zen kooperatiben kontua; baserri elkarte dezente sortu ziren gurean. Lau baserri elkartu ginen hemen, eta ukuilu bat egin genuen Itziarren. Baliabideak elkartzea zen garrantzitsuena; lursailak eta makineria. Ukuilua jaitsiz joan zen pixkanaka, baina pentsu fabrikak indarra hartu zuen gero, eta fabrika hori bihurtu zen Itziarko Nekazari Kooperatiba. Kooperatiba hark Gipuzkoako baserritar gehienak hornitu zituen.

Kontuak zer diren, baserritik kalerako bidea egin zenuen zuk, Ixabel arrebarekin, eta haren alabak, berriz, kaletik baserrirako bidea egin zuen; zuen jaiotetxean bizi da egun. Poza ematen al du jarraipen horrek?

Baserritar mundua beste modu batera antolatzeko etorri ginen gu kalera; gurea ez zen izan baserritik kalerako pausoa. Helburu praktiko bat geneukan buruan. Baina, tira, bai, poztekoa da Ixabelen alaba bere bikotekidearekin eta bi umeekin gaur egun baserrian bizi dela ikustea.

Hauteskunde giroan sartuta, Espainia aldean trumoi erauntsiak izaten ari dira azken aldian. Begiratzen al diezu batere politika kontuei?

Nire zaletasunetako bat da politika, eta arduratzekoak dira ultraeskuinaren emaitzak. Ez zait batere gustatzen eskubikeria hori, eta beldur pixka bat ematen dit. Elkarren begirunea askoz gehiago errespetatu beharko litzateke. Besteei kalte egiteak geure burua hobetuko duela pentsatzen dugu, eta hori ez da hala; besteei on egitea da geure buruari mesede egiteko modurik onena. Kapitalismoa dago batetik, eta lurraldetasuna bestetik, gutasuna. Eta hori ere errespetatu egin behar da, bai hemen, eta bai Andaluzian.

Nortasun kontuak aintzat hartuta, Deban eta Itziarren ere badakizue zerbait kontu horiei buruz. Azken hilabeteotan ez da sumatzen lehen bezalako ika-mikarik.

Bai, zalaparta galanta eragin zuen Itziarko Auzo Udalaren sorrerak, baina hasierako mamuak uxatuta egoera normalizatuz doa pixkanaka. Legegintzaldi berrian ematen du elkarlana hobetuz joango dela Debako Udalarekin. Orain arte mehatxua eta blokeoa izan dira nagusi, aurrekontuekin batez ere. Dagozkigun baliabideak geure esku jartzea oso garrantzitsua da itziartarrontzat. Betidanik izaera eta funtzionamendu propioa izan du Itziarrek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.