Ikusmina badago, eta hori ona da

Saroi Jauregi

Antolakuntza aldetik arazo nabarmenik gabe joan dira orain arteko saioak, eta entzuleek erantzun bikaina eman dute. Bertso mailari dagokionez ere, gogoan iltzatuta geratzeko moduko bertsoaldi bat baino gehiago entzun dugu. Zer gehiago eska dezakegu!

Duela lau urte finalean kantatu zuten zortzi bertsolarietatik seik hartu dute parte aurten final-laurdenetan, eta seiak sailkatu dira finalaurrekoetara. Denetik dago finalaurrekoetan kantatuko duten gainerako hamabien artean: txapelketetan urte asko daramatzatenak, lehen aldiz sailkatu direnak… Gipuzkoan bertso mugimendua bizirik eta indartsu dagoela erakusten du horrek. Sorpresa horiek mesede egiten diote bertsolaritzari. Batetik, bertsolariei erakusten diete ez dela amore eman behar, eta txapelketan edozer gerta daitekeela. Bestetik, entzuleak ezustean harrapatzen ditu batzuetan, gerta baitaiteke sekula entzun ez dugun bertsolari batek sekulako saioa egitea, adibidez.

Hemezortzirentzako tokia dago finalaurrekoetan, ez gehiago, ez gutxiago, eta horrek bietakoak eragiten ditu, sailkatu direnengatiko poza eta kanpoan geratu direnengatiko pena.

Seguru nago finalaurrekoetan ere bertsoaldi bikain bat baino gehiago entzungo dugula, eta entzule asko inguratuko dela hiru saioetara. Ikusmina badago, eta hori ona da; are gehiago jakinda duela lau urte finalean kantatu ez zuten bi bertsolari behintzat izango direla finalean. Ikusiko dugu nork egiten duen aurrera eta nor geratzen den atzean. Ni, behintzat, hiru saioak entzuteko gogoz nago, eta bertsolariek txundi nazaten prest!

Leave a Reply

Your email address will not be published.