Inklusiora bidean, korrika

Inklusiora bidean, korrika

Aitziber Arzallus

Kros mistoa udazkeneko klasikoetako bat da Azpeitian. Hamargarren aldia izango da biharkoa. Aurten, baina, berrikuntzekin dator proba, Azpeitia Herri Hezitzailea ereduaren filosofia oinarri hartuta antolatu baitute. Horrek esan nahi du kirol proba batek berezkoa duen lehiakortasuna alde batera utzi, eta beste balio batzuk sustatzeari eman diotela garrantzia. Biharko lasterketa beste urrats bat izango da inklusiorantz.

Azpeitiko Ikasberri ikastolak antolatzen du kros mistoa, eta haren kezketatik hasitako hausnarketen ondorio dira probak izango dituen aldaketak. “Ekinaldia egonkortuta zegoen, baina ohartu ginen ikastolaren jardunean ekinaldi bakan edo puntual baten moduan geratzeko arriskua zuela. Hor sortu zitzaigun halako nahi bat ekinaldia gure proiektuan eta aisia-kirol eskaintzan zuzenago txertatzeko”, diote probaren antolatzaileek. Herrian abian den herri hezitzailearen dinamikaren barruan lekua eta zentzua izan zezakeela pentsatu zuten, bi helbururekin: “Batetik, herri hezitzaileari berari ekarpen bat egitea ikastolatik; eta, bestetik, kros mistoak berak beste pisu bat hartzea, probari astinaldi bat ematea”.

Halaxe, kros mistoa herri hezitzailearen filosofian oinarrituta antolatzeko asmoa azaldu zieten dinamika horretan ari diren gainontzeko eragileei, eta denek begi onez ikusi zuten proposamena. Hori horrela, Ikasberriko kideek hainbat eragile izan dituzte bidelagun kros mistoaren bueltan egin duten hausnarketan: hala nola Azpeitia Herri Hezitzailea, Iraurgi ikastetxea, Karmelo Etxegarai ikastola, Urola Ikastola BHI, Eskola Kirol Kontseilua, Atzegi, Xeye, Raka, Marea Urdina eta Azpeitiko Udala.

Gorka Aranbarri Marea Urdineko kideak adierazi du “oso pozik” daudela lasterketaren filosofia aldaketagatik. “Lasterketa erabat inklusiboa antolatu nahi zutela esan ziguten, aniztasun funtzionala duten pertsonek parte har zezaketena, sailkapenik gabekoa eta bakoitzak nahi duen luzerako ibilbidea egiteko aukera izango zuena. Horrelako proposamen bati ezin diogu ezezkorik eman, azkenean horixe baita guk nahi duguna. Beraz, onartu egin genuen antolakuntzan laguntzea”.

Herri hezitzaileen filosofiaren barruan, hainbat neurri hartu dituzte herritar orok izan dezan proban parte hartzeko aukera: batetik, kronometroa kendu eta zozketa bidez banatuko dituzte sariak, lehiakortasunetik kooperaziora jauzi egiteko; bestetik, distantzia desberdineko ibilbideak prestatu dituzte —1,1 kilometrokoa, 3,3 kilometrokoa eta 6,7 kilometrokoa—, herritar denen parte hartzea sustatzeko; horrez gain, misto hitza bere zabalean hartuko dute generoaz harago, eta adin desberdineko bikoteek, adimen anitzeko bikoteek, ezaugarri fisiko desberdineko bikoteek eta abarrek egin ahal izango dute lasterka.

17:00etan hasiko da lasterketa, herriko plazan, baina girotzeko hainbat ekintza izango dira egun guztian. Goizean, 09:00etatik 12:00etara, eskola kirolaren barruko atletismo saioa egingo dute herriko neska-mutil gaztetxoek, plazan. 16:00etatik 17:00etara, berriz, sentsibilizazio jolasak antolatu dituzte Marea Urdineko kideek. “Gure lanik handienetakoa da herritarrak sentsibilizatzea; alegia, herritarrei ikusaraztea aniztasun funtzionala dutenek zer zailtasun dituzten egunerokoan, eta hori da antolatu ditugun jolasen helburua. Parte hartzaileek aukera izango dute une batez aniztasun funtzionala duten pertsonen tokian jartzeko”, azaldu du Aranbarrik.

Ondorengoak izango dira egingo dituzten jolasak: gurpil aulkiarekin eslaloma; esku bakarrarekin Nocilla ogitarteko bat prestatzea; keinu hizkuntzan telefonoaren jolasean aritzea; makuluekin oskol bilketa; hanka batekin edo ahoarekin marraztea; eta, itsututa, formen kaxan piezak sartzea. Aranbarrik nabarmendu du jolasak ez direla izango haurrentzat bakarrik. “Ahalik eta herritar gehienek jolasetan parte hartzea nahi dugu, izan haur, izan heldu, izan adineko”. Haren hitzetan, jolasak bide aproposak dira ondo pasatzeko, eta, aldi berean, elbarritasunen bat duten pertsonen errealitateaz jabetzeko. Horregatik, herritarrak jolasetan parte hartzera animatu ditu Marea Urdineko kideak.

Jolasek dirauten bitartean, musika egongo da plazan, eta jarraian, 17:00etan hasiko da kros mistoa. Probak bukatzean, oparien zozketa egiteaz gain, jan-edanerako aukera ere izango da.

Luzera begirako aldaketak

Krosaren izaera herrikoia bermatzeko, Azpeitiko Udalaren diru laguntza jasoko du probak, ez babesle pribatuena. Gainera, hartu dituzten neurriez gain, krosa egitasmo parekidea, euskalduna eta ingurumenarekiko errespetuzkoa izan dadin bermatuko dute haren sustatzaileek. Aldaketa horiek guztiak aurten egingo badituzte ere, esan dute luzera begirako aldaketa prozesu baten abiapuntua baino ez dela; izan ere, lanean jarraitzeko asmoa agertu dute. Probaren antolatzaileak kros mistoa “balioen hezkuntzarako tresna bikaina” delakoan daude, eta esan dute gustatuko litzaiekeela “herri mailako egitasmo plural eta parte hartzailea” izatea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.