Irudi bidezko indusketak

Irudi bidezko indusketak

Unai Zubeldia

Arkeologiari buruzko kontuak gizarteari ezagutaraztea eta hurbiltzea: erronka horrekin ekin zion bere bideari Bidasoko Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren Jaialdiak (FICAB) 2001ean, eta, Aizpea Goenaga jaialdiko zuzendariaren eta Irungo Oiasso museoko koordinatzaile orokorraren hitzetan, proiektua “oso sendotuta” iritsi da 19. ekitaldira —Oiasso museoa da antolatzailea—. Astelehenean hasiko da jaialdia, azaroaren 18an, eta larunbatean amaituko da, azaroaren 23an. Arkeologiari eta ondare arkeologikoari buruzko 24 film dokumentalekin gozatu ahal izango da aurten, Irungo Amaia kultur zentroko auditoriumean, Irungo CBA udal liburutegian, Orona Fundazioaren egoitzan —Hernanin— eta Donostiako Aquariumean. Ez da sarrerarik ordaindu beharko.

“Mertxe Urteagaren apustua dago jaialdi honen atzean. Hark ekin zion bideari, arkeologiaren inguruko gaiak ikus-entzunezkoen bidez zabaltzeko erronkarekin”, azaldu du Goenagak. “Mertxek ikusi zuen inguruan arkeologiari buruzko oso produkzio onak zeudela, eta horiek baliatzea erabaki zuen, Euskal Herrian ez zegoelako biderik horrelako lanek aurrera egin zezaten”. Jaialdiak dibulgaziotik asko daukala azpimarratu du zuzendariak. “Gazteei bideratutako hezkuntza sekzio bat daukagu, adibidez, gure helburua ez baita ikusleak etortzea, filma ikustea eta joatea bakarrik”.

Hezkuntza arloko lanketa

Aurten indartu egin nahi izan dute, gainera, hezkuntza arloko lan hori. “Eta genero ikuspegitik aztertu dugu Emakumea Cartago Novan filma. Proiektu pedagogiko bat garatu dugu film horrekin. Eskolan gai hori landuta etorriko dira gazteak; erromatarren garaiko gizarte hartan emakumeek zer leku zuten aztertuta iritsiko dira ikasleak, eta, gurekin filma ikusi ondoren, eskolan bertan lanketarekin jarraitzeko aukera izango dute”. Elena Torregarai eta Mertxe Urteaga doktoreek gidatuko dituzte Hezkuntza saileko eztabaidak, “azken batean, hausnartzea, pentsaraztea eta sor litezkeen galderei erantzutea ere badelako gure erronketako bat”, laburbildu du Goenagak. “Garrantzitsua da jakinduria trukatzea, eta ez filmen bidez bakarrik, baita filmen ondorengo eztabaiden bidez ere”.

Orona Fundazioak ere ekarpen bat egin du aurtengo jaialdian, eta lau film emango ditu Hernanin daukan egoitzan: Elxeko Dama, Pasio amerindioa, Arkeomania: Boabdilen hilobia eta Indusketak ikastetxean. “Jaialdia Irunera mugatu beharrean, Donostia, Andoain, Hernani eta Lasarte-Oriako eskoletan ere landu ahal izango dituzte gai horiek, Oronaz gain Donostiako Aquariumak ere apustua egin baitu itsasoko arkeologiarekin zerikusia daukaten lanak bistaratzeko”. Irungo udal liburutegiari dagokionez, Gure Jatorriak saila landuko dute bertan. “Historiaurreko hainbat gai jorratzen dituzten dokumentalak bildu ditugu saio horretarako. Xabier Peñalver historialari eta doktoreak egingo ditu aurkezpen lanak, eta hark sustatuko du eztabaida, jendearen jakin-minari erantzun ahal izateko”.

Sail Ofizialean, berriz, film luzeagoak, film laburrak eta serie baten kapituluak uztartuko dituzte, eta bost epaimahaikidek emango dute azken epaia: Mikel Olaziregi Donostiako Zinemaldiko zuzendari izandakoak, Mertxe Urteaga FICABen sortzaileak, Jaione Agirre Arabako Arkeologia Museoko teknikari arduradunak, Eneko Hiriart Bordeleko Unibertsitateko ikerlariak eta numismatikan adituak, eta Ana Perez Irungo aktore eta antzerki zuzendariak. “Sona handiko taldea da, oso orekatua”, azpimarratu du jaialdiko zuzendariak.

Jatorrizko hizkuntzan eskainiko dituzte lan guztiak: gaztelaniaz, frantsesez, ingelesez, alemanez, katalanez, grezieraz, arabieraz, eslovakieraz eta portugesez. Eta azpidatziak izango dituzte lan guztiek. “Euskarazkoak Hezkuntza sailekoek, eta gaztelaniazkoak gainerakoek, gaztelaniaz aritzen delako gure publikoaren zatirik handiena”. Jaialdiak lan handia egiten du filmak azpidatziekin prestatzen. “Eta kultur etxeek, ikastetxeek edo beste edozein jaialdik nahi izanez gero, eskuragarri jartzen ditugu gero. Oso ariketa interesgarria da, egindako lana ez delako bukatzen jaialdiarekin; sare bat sortzen da”.

Azaroaren 23an, jaialdiaren azken egunean, ekitaldi berezi bat egingo dute aurten: Juan Miguel Gutierrez Guti zuzendaria omenduko du FICABek. “Dokumentalen munduan bada nor Guti, eta FICABeko epaimahaikidea izan zen iazko azaroan. Otsailean zendu zen, eta oso urte egokia zen omenaldi goxo bat egiteko”. Paseko txoriak Gutiren azken dokumentala proiektatuko dute tartean, Irunen Afrikatik etorritako migratzaile taldeen errealitatearekin osatutako lana. “Familia bertan izango da, eta amaieran nolabaiteko eztabaida bat sustatuko dugu dokumentalean agertzen diren gobernuz kanpoko erakundeetako kideekin”.

Aurreko urteetako datuak aintzat hartuta, Goenagak aitortu du jaialdiak “jende asko” mugitzen duela. Oiasso museoak gonbita egin dio, aurten ere, eskaintza jaso nahi duenari, zinemaren bidez gizartearekin historia partekatzeko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.