“Badirudi musikalki hilda nagoela, baina ez naiz gelditu”

“Badirudi musikalki hilda nagoela, baina ez naiz gelditu”

Beñat Alberdi

Nahitaez lotzen da Ines Osinaga (Arrasate, 1982) Gose taldearekin. Iruditegian, behintzat, erdietsita dauka bere tokia. Musikaria izan zen aurretik, eta taldea utzi eta gero ere musikari izaten jarraitzen du. Zaintza lanak jarri ditu erdigunean, eta hortik jaio da Alutik ikuskizuna. Azaroaren 30ean Oiartzunen eskainiko du emanaldia, Udalbatza aretoan, 22:30ean.

Arrasaten hazi zinen, 80ko eta 90eko hamarkadan. Garai mugituak izan ziren, bai musika arloan eta bai politikoki. Horrek eraginik izan al du zugan?

Nik herentziaz jaso ditut garai horiek. Gogoratzen naiz Arrasate punki horretaz, barrikadak zeuden Arrasate horretaz, kalean sua egoten zen Arrasate horretaz. Haurra nintzen, baina gogoratzen naiz. Herriko punk mugimenduak eta horrek guztiak markatu egin izan nau, baina ez hainbeste musika arloan. Egun batean konturatu nintzen ni ez nintzela ikusten nituen musikari horiek bezalakoa, beste zerbait nintzela nabaritzen nuen.

Kasualitatez bukatu zenuen trikiti munduan murgilduta, ezta? Punk musikarekin baino hobeto trikitiarekin?

Oso trikiti zaleak ziren lagun batzuk, eta eurekin batera bukatu nuen ikasten, kasualitatez. Neronenak izan dira nik entzun ditudan lehenengo fandangoak. Ez dut izan trikiti munduko halako sustarrik, eta horrek ere eragin dit gerora.

Zure ibilbidea ez da izan ohikoena. Interes faltagatik, akaso?

Gogoan daukat nerabezaroan trikitiaren zirkuituak ez ninduela asetzen, ez zidan lekurik eskaintzen. Egin genituen txapelketak eta gauza horiek guztiak; trikitilari batentzat horiek dira plaza naturalak, jendaurrera ateratzeko lehenengo lekuak. Baina bide horrekin aseta bezala bukatu nuen. Gogoan daukat, batez ere, musika jotzetik musika sortzera eraman ninduen gaztaroko klik hura; 15 edo 16 urte izango nituen. Gure kantuak sortzen hasi ginen, baina ez zegoen ez tokirik ez zirkuiturik gurea bezalako musika batentzat. Orduan bai, musikalki erbesteratuta sentitu nintzen orduan.

Rockaren munduan Ekon taldearekin egin zenituen lehen urratsak. Gerorako esperientzia baliagarria izan al zen hura?

Beste agertoki batzuk, beste plaza batzuk ezagutu genituen orduan; rock-and-rolla ezagutu genuen, musika bera eta inguruan dagoen ke hori guztia. Sekulako eskola izan zen hura; asko ikasi genuen. Soinu froga bat zer zen ikasi genuen, beste gauza asko konpartitzea zer zen ere bai, agertokian ezer egin gabe egotea… Koristak ginen gu eta oso gutxi kantatzen genuen kontzertuetan. Bestelako ikasketa batzuk izan genituen.

Baina bukatu zen etapa hura ere, eta horren ostean sortu zenuten Gose taldea, ezta?

Ekon bukatu zenean, halako gogo bat, behar bat, sentitu nuen musika arloan zerbait sortzeko, eta, trikitia hartuta, talde bat eratzeko. Trikitiari heltzeko gogoa sartu zitzaidan berriz; baina ez nuen jo nahi fandangorik, eta ez nuen bueltatu nahi txapelketetara edo erromerietara. Hortik sortu zen Gose. Ordurako ezagutzen nuen musika elektronikoa, eta presta nitzakeen pistak ordenagailuan.

Zuretzat erronka izan al zen trikitia eta musika elektronikoa batzea?

Ez. Ez zen erronka izan trikitia beste musika klase batekin nahastea. Nire barrutik ateratzen zena egin nahi nuen nik, eta nire barrutik ez ziren ateratzen fandangoak eta arin-arinak. Nahi nuen hori egitea erabaki nuen, momentu horretan barruan zirrara sortzen zidan hori egitea. Orduan ezagutu nuen Iñaki Bengoa [teklista]. Elkarrekin lanean hasi ginen eta hor sortu zen Gose.

Zer zeneukaten buruan Gose sortu zenutenean?

Musika egitea. Ez genuen esan “goazen hau sortzera”. Ez zen sortu ideia horretatik. Geneuzkan tresnekin musika egin nahi genuen; hau da, trikitiarekin eta musika elektronikoarekin. Gerora identitate horrek markatu du taldea. Aurretik inoiz trikitia ikusi ez den leku askotan jo izan dut Goserekin. Hori bada konkista txiki bat. Eta musika elektronikoa ere sartu zen inoiz heldu ez zen beste plaza batzuetara. Nolabaiteko bi ertz ginen, eta ez ginen inon kabitzen. Askotan esaten ziguten nahi zutela gu programatzea, baina ez zekitela zeinekin batera jarri. Ez zegoen antzekoa izan zitekeen ezer. Aurrekariak falta izan zaizkigu bide horretan.

Zuek sortu zenuten musika estilo baten aurrekaria?

Bai. Imajinarioan badaukagu leku bat. Iruditzen zait oso garrantzitsuak direla erreferentziak, eta elkarri erreferentzialtasun hori eskaintzea da egin dezakegun gauzarik onena. Horrela sor dezakegu sarea eta horrela alda ditzakegu iruditegiak. Bai noski. Heldu da momentua esaten dudana erreferente izan nahi dudala izan naitekeen jende guztiarentzat. Nire ibilbideak eta nire botek zapaldutako harriek balio badute beste neska gazte batek sentitzeko beretzat tokia badagoela, balio dezala, noski.

Oholtza gaineko Ines ere erreferentzia bihurtu al da?

Distantziatik maitatzera iritsi naizen pertsonaia bat izan da, baina, neurri berean, karga handia izan da. Pertsona aldatzen joan da, baina oso zaila da pertsonaia aldatzea. Errazago aldatzen da norbera, besteek zugandik daukaten irudia baino. Botak jantzita pixka bat lotsagabe hitz egin eta kantatzen zuen neska gazte haren irudiarekin gelditu naiz. Denborarekin konturatu naiz konkista asko egin zituela Ines horrek. Momentu hartan, agian, ez neukan horren kontzientziarik, baina denborarekin konturatu naiz benetan zenbat espazio konkistatu zituen Inesek, ni ez naizelako izan euskal musikari normatibo hori; arlo askotatik begiratuta, gainera. Instrumentua bera, neska gaztea nintzen orduan, euskaraz kantatzen nuen, trikitiarekin ez nuen jotzen espero zen musika… Era berean, trikitia hartu gabe ere, ez nuen egiten espero zutena.

Jarrera bera al zen espazioak konkistatzeko tresna bat?

Erotikarekin jolastu dut. Orain konturatu naiz iraultzailea dela emakume bat, neska gazte bat, agertokian agertzea desiragarri beharrean desiradun. Gosen ni neu agertzen nintzen desiradun eta hortik kantatzen nuen. Orain naizen honetatik errazagoa egiten zait nire desirei buruz kantatzea, baina balio handia aitortzen diot egindako horri.

Pertsonaia karga handia bihurtu al zen pertsonarentzat?

Goseko Inesek esaten zituen gauzak baziren nik esaten nituenak. Ni nintzen, baina ez nintzen ni bakarrik. Nik esango ez nituzkeen gauzak ere esaten zituen Ines hark, baina beste batek esateko ez zeukan aukera neukan nik. Momentu horretan jabetzen nintzen zenbateko boterea neukan eskuetan mikrofono bat hartuta eta plazaren erditik gauzak esanda. Ez da berdina gauzak izkina batetik edo plaza erditik esatea. Jabetzen nintzen horrek nola eragiten zuen eta nola asaldatzen zuen parean zegoena. Ikasketa garrantzitsua izan zen. Horren kontzientzia hartu nuenean, arma bezala erabiltzen nuen. Nire erotikaren gainean, beste gauza batzuk esateko, beste iruditegi batzuk performatzeko erabiltzen nuen.

Hausnarketa baten ondorio zen pertsonaia, edo pertsonaiak berak eragin du hausnarketa?

Pixkanaka irteten joan zen, eta gerora bihurtu zen kontziente, bizitzan gauza askotan gertatu izan zaidan bezala. Gorputza joan zen lehenengo eta burua gero.

Feminismoak izan zuen eraginik zuregan?

Feminismoak eman dizkit tresnak gertatu zaizkidan gauza asko ulertzeko eta gertatutako zapalkuntza eta biolentzia askori izena jartzeko. Konturatu naiz niri gertatzen zaizkidan gauzak ez zaizkidala gertatu Ines naizelako, baizik eta hori dena betikotzen duen sistema bat dagoelako. Ez daude hain urruti niri gertatzen zaidana eta Uxueri, Kattalini edo Joseberi gertatzen zaiena. Ez da kasualitatea, eta, kasualitatea ez denean, ardura ez da gurea. Askeagoa egin nau horrek.

Bukatu zen Gose taldearen aroa ere. Beste etapa batean al zaude orain?

Bai. Batez ere, gelditu egin naizelako. Bestela, abiadura handiko tren baten gainean jarrita nengokeelako, eta oso azkar zoazenean oso zaila delako pentsatzea, sentitzea, bizitzea eta edozer gauza egitea. Bizitza bera eta Goseko Ines izatea bateragarriak ez ziren momentu bat heldu zen, eta bizitzaren aldeko apustua egin nuen. Horrek eraman ninduen lehenengo gelditze handi batera, dolu handi batera, ordura arteko nire identitate horiek guztiek ez zidatela balio konturatzera.

Artistek ere beharrezkoa al dute atseden bat?

Aurreko batean Ipar Euskal Herriko artista kide batek kontatu zidan Frantzian dena ez dela txarra, badagoela ona den gauza bat: gelditzeko eskubide bat daukate, eta sistemak, gainera, ordaindu egiten dizu; artistentzako langabezia soldata baten parekoa da.

Ibilbide luzeko atsedengune baten antzekoa, alegia?

Nik, gelditu naizen arte, ez dut izan aukerarik nire buruari galdetzeko zer egin nahi dudan eta zer abestu nahi dudan; zeri abestu nahi diodan eta zer esan nahi dudan. Galdera eta zalantza gehiagotara eramaten zaituzte galdera horiek. Sikate handi baten modukoa etorri zen orduan. Prozesu eta bizitzako aldaketa garrantzitsuekin batera etorri zen prozesu hura. Hori dauka bizitza, zaintza, erdigunean jartzeak. Orain naizen honetatik esango nizuke bizitza erdigunean jarri dudanetik, ordura arteko guztia gelditu nuenetik, are musikari hobea naizela konturatu naizela.

Zaila al da kultur arloan lan egitea?

Oso prekarioa da sektorea. Kulturgile izatea da barneratzea sekulako prekaritatea dagoela gure ofizioan. Hala ere, inoiz baino gehiago begiratzen eta sentitzen dut zein den sortzeko daukadan barruko pultsu hori.

Gurpiletik irtenda, erraza al da berriz ere gurpil horretan sartzea?

Nahiz eta badirudien musikalki hilda nagoela eta ez dudala ezer egiten, azken bi urteetan ez naiz gelditu. Gauzak egiten hasi nintzen poliki-poliki: eman ditut kontzertuak, hitzaldiak, ahalduntze tailerrak, eskolak, irakasle izaten jarraitu dut, eskolako kudeaketa lanetan jardun naiz, egin ditut saioak espresuki haurrentzat, familientzat kontzertuak… Gauza pila bat egin ditut, enkargu pila bat: soinu banda bat dokumental batentzat, edo Uxue Alberdirekin poesia emanaldi musikatu bat.

Orduan, aldea al dago gurpiletik irtenez gero?

Konturatu naiz zenbat aberastu nauen monogamia musikal batean ez bizitzeak, eta horregatik esaten dizut, benetan, musikari hobea naizela sentitzen dudala. Musikak zenbat eman didan; zenbat saretu naizen; zenbat lan egiten dudan beste sortzaile batekin; nola deskubritu ditudan lan egiteko eta sortzeko bestelako plaza, ordu, aukera eta bidelagun desberdinak; bestelako entzule batzuk; bestelako musika batzuk…

Orain argiago daukazu zer esan nahi duzun eta zein musika sortu nahi duzun? Hausnarketa horretatik sortu da Alutik proiektua?

Bai. Hausnarketa horretatik sortu da Alutik, orain naizen Ines honetatik. Gorputzetik irteten zaidana da Alutik, orain kontatzeko daukadana. Badirudi gauza berriren bat aurkezten ari naizela, baina niretzat ez da ezer berria. Ia-ia bi urte daramatzat Alutik proiektuaren saioetan gertatzen diren gauzak gertarazten, kontatzen ari naizena kontarazten, eta kontatzen ari naizena abesten.

Zure kasa antolatu duzu azken ibilbide hori, ezta?

Gonbiteen zain ez, baina heltzen ziren gonbiteen arabera pentsatzen aritu naiz orain arte. Oraingoan nik neuk sortu nahi nituen aukerak, eta hamar kontzertu emango ditut udazkenetik urtarrilera arte, ez gehiago. Ez dut asko jo nahi; gustura jo nahi dut oraingoan.

Leave a Reply

Your email address will not be published.