Lorena Valera: “Adinekoek indarkeria matxistaren presentzia barneratuagoa dute”

Lorena Valera: “Adinekoek indarkeria matxistaren presentzia barneratuagoa dute”

Urko Etxebeste

Pasai Antxoko EMSO gimnasioko arduraduna da Lorena Valera (Donostia, 1981). Arte martzialekin harremana izan du 7 urte zituenetik, eta karateko gerriko beltza du, bi danekin. Pasai Antxon bakarrik ez, Gipuzkoako hainbat tokitan lan egindakoa da, kirolaren esparruan beti. Azaroaren 25aren harira, Pasaian Bekoz Beko elkarteak antolatu dituen autodefentsa ikastaroen arduraduna izango da. Autodefentsa feministarena esparru zabala da, ordea. Erasoak izaten diren unean arlo fisiko eta psikologikotik nola jokatu irakasten die emakumeei.

Autodefentsa ikastaroa hasteko, zer esaten diezu partaideei?

Partaideek ez badute behin ere autodefentsa edo defentsa pertsonaleko ikastarorik egin, argia izaten naiz: esaten diet ahazteko Interneten ikusten diren irudi horiek. Hau da, ahatz dezatela erasotzailea labana batekin datorrela eta emakumeak heldu eta labana ez dakit zer karate mugimenduren bidez kentzen diola eta jo egiten duela. Hori ez da errealitatea.

Baina emakumeek zer egin behar dute erasoa jasan behar dutela ikusten dutenean?

Lehenik eta behin, garrasi egin behar dute; eta “sua!” oihukatzen badute, hobeto. Zergatik? Frogatua dago erasoa jasaten ari denak “laguntza!” oihukatzen badu, pertsonak egoistak direla eta gehienak ezikusiarena egiten saiatzen direla, tokitik alde egiten. Ondoren, erasoa jasaten ari denak laguntzarik jasotzen ez badu eta erasotzaileak gai materialak kendu nahi badizkio, horiek ematea da onena. Autodefentsarako irizpideak eta jakituria izanda ere, ez da egokia erasotzaileari zuzenean aurre egitea: normalean, emakumeak baino handiagoak eta indartsuagoak izaten dira erasotzaileak, gizonak direlako gehienetan. Gauza materialek ez dute inporta une horretan. Erasorik ez jasatea, segurtasuna da lehentasuna une horretan. Beraz, ematen ditudan ikastaroen ardatza izaten da oinarrizko ezagutza lortzea, ikastaroak, normalean, ez direlako izaten oso luzeak. Lau saiotan, adibidez, oinarrizko gauzak azaltzen saiatzen naiz, eta shock egoeran nola jokatu irakasten.

Shock egoera aipatu duzu. Nola egin behar zaio aurre horri?

Ezustean gertatzen diren jazoeretan, shock egoeran sartzen gara maiz: auto istripuetan, gure aurrean norbait erortzen denean… Kosta egiten zaigu erreakzionatzea. Horri deitzen diot nik shock egoeran egotea. Norbere kontua da hori; denok ez dugu berdin erreakzionatzen egoera horietan. Horrelakoetan, adrenalina itsaso bihurtzen da gorputza; batzuetan, gorputzak ez daki hori nola kudeatu, eta shock edo blokeo egoeran erortzen gara. Garrantzitsua da horri aurre egitea.

Baina erasotzaileak berean jarraitzen badu? Hau da: oihu egin ondoren, balio materialeko ondasunak eman ondoren, erasoarekin segitzen badu?

Autodefentsa ikastaroan jasotakoa aplikatzen hasi beharko luke hor. Ikasi den hori erabiltzen, ahal den neurrian, ahal bezala. Borroka fisikoan sartuko ginateke. Baina berriz diot: emakumeek kalterik ez izatea da nik ikastaroetan transmititzen ditudan irizpideen oinarria.

Zer-nolako profila dute autodefentsa feministako ikastaroetan parte hartzen dutenek?

Urte dezente daramatzat gisa honetako ikastaroak ematen. Bitxia da, baina azken urteotan, urte gutxiren buruan, adinari dagokionez, dibertsitate handiagoa dago. Hasieran, 18 urtetik 40ra artekoak etortzen ziren, batez ere, ikastaroetara. Egun, horiez gain, adineko jendea eta oso gaztea ere etortzen da.

Ikastaroren batean lan egin al duzu eraso matxistaren bat jasan duen baten batekin?

Bai, zoritxarrez. Latza da. Samur lan egin behar da haiekin. Ikastaroetan egoera erreal izan daitezkeenak erakusten saiatzen naiz; mutil batekin edo birekin etortzen naiz maiz, ariketak haiekin egin daitezen. Eta horrek bizi izan dutena berriz bizitzera eraman izan ditu emakumeak. Orduan, saiatzen naiz hasieran haiekin samur jokatzen. Erasoa jasan duen emakume bat ikastaroan badago, ez ditut ariketa bortitzenak egingo, haiei sufrimendua besterik ez liekeelako eragingo. Erasoa jasan eta ikastaroan izan direnetako batzuek argi dute: ezagutza nahi dute berriz ere eraso ez ditzaten. Baina beste askok sufritu egiten dute.

Beraz, emakumeen autodefentsa fisikoko ikastaroetan ez da ikasten kolpeak nola eman edo besoak nola bihurritu bakarrik. Arlo psikologikoak ere badu garrantzia.

Nire ustez, hori da arlorik garrantzitsuena. Kolpe bat ematen ikas dezakezu, baina burmuinak ematen du agindua. Eta hori hezten, kontrolatzen, shock egoeratik ateratzen ikasi behar da.

Zuk zeuk ere arrisku egoerak izan dituzu?

Bitan. Ez dira eraso bortitzak izan. Festa girokoak izan dira. Ni 7 urte nituenetik ari naiz arte martzialetan; gerriko beltza dut karatean. Eta ia beti gizonen kontra aritu izan naiz lehian; hau da, ni baino altuago, pisutsuago eta handiagoak zirenen aurka. Asko erakutsi dit horrek, eta izan ditudan bi egoera horiei aurre egiteko balio izan dit. Baina nire kasua berezia da.

Esan duzu azkenaldian emakume oso gazteak eta adinekoak ere joaten direla autodefentsa feminista ikastaroetara. Emakumeen kontrako indarkeria era berean antzematen al dute bi adin esparru horietakoek?

Ez. Adinekoek barneratuago dute indarkeria matxistaren presentzia. Izan daiteke ahulago, zaurgarriago sentitzen direlako; nik horrela antzematen dut, behintzat. Gazteek ikasteko gogoa dute, bai, baina ikasiz ondo pasatzera ere etortzen dira.

Autodefentsa ikastaroa egin eta erasoa izan duen emakumeren bat jarri al da zurekin harremanetan, ikasitakoa baliagarri izan zaiola esateko?

Iaz, bai. Emakume batek esan zidan Kataluniako jolas parke handi batean bi gizonek jazarri zutela, eta, oihuka hasi zenez, ihes egin zutela. Horrelakoetan, hasieran, bi aukera egoten dira: lasterka ihesean joaten saiatu edo oihuka hasi. Nire ustez, ahal bada, oihu egitea da onena, atentzioa emateko, inguruko jendeari jakinarazteko zerbait gertatzen ari dela, eta ondoren alde egiten saiatzea. Erasotzaileak ez du espero hori.

Aski al dira ia beti azaroaren 25aren testuinguruan egiten diren horrelako autodefentsa ikastaroak?

Ezetz uste dut. Eta ez naiz emakumeez bakarrik ari. Hezkuntza arautuan pertsonek euren burua defendatzeko ikasketetan sakondu beharko lukete, defentsa pertsonalaren gaia landuz. Ikasgai bat gehiago izan beharko luke ikastetxeetan. Bizitzarako baliagarri dira ikasketa horiek.

Leave a Reply

Your email address will not be published.