“Arrazoi politikoek gidatzen dituzte TOPAren manifestazioak”

“Arrazoi politikoek gidatzen dituzte TOPAren manifestazioak”

M. Garate

Asuncioneko lan baldintzak eta soldatak Osakidetzako maila berean daudela esan du Jesus Gomez Montoya Asuncion klinikako presidenteak. Homologatu gabeko titulua dutenak %10 direla dio, ez %50. Eta medikuen eskasia aipatu du horiek kontratatzeko arrazoitzat.

Erreferentziazko gainerako ospitaleetan baino heren bat gutxiago direla diote langileek. Zergatik dago halako aldea? Eta nola eragiten dio zerbitzuari?

Asuncionek 330 langile ditu gaur egun, eta orain dela 25 urte 95 bakarrik ziren. Langileen eta zuzendaritzaren lanari esker, jarduera eta langileak hirukoizteko miraria lortu dugu. Beraz, behar adina langile ditugu gure zeregina berme guztiekin gauzatzeko.

TOPAk dio espezialisten %50ek ez dutela titulu homologaturik Asuncionen. Zergatik gertatzen da hori?

90 espezialista ditugu, eta horietatik %10 bakarrik ari dira gaur egun beren espezialista titulua estatuko estandar administratibo-etara egokitzeko prozesuan. TOPAk dioen %50eko kopuru horretatik urrun gaude, beraz. Eta inondik inora ezin da zalantzan jarri profesional horiek espezialitatean lan egiteko duten gaitasuna, beren herrialdeetan horretarako prestatu direlako; hala bermatzen da beren tituluetan, eta arlo horietan lan egindakoak dira. Era berean, onartezina da espezialista horien kontratazioei buruzko iradokizun okerrak egitea. Gure lan baldintzak eta ordainsariak Osakidetzakoen maila berean daude, eta Espainiako klinika pribatuetako batez bestekoetatik gora. Gertatzen dena da barneko mediku egoiliar titulua duten medikuen eskasia dagoela, medikuen prestakuntzarako plangintza eskas batengatik.

Homologatu gabeko tituluak dituztenek ezin dute lan egin Osakidetzan.

Medikuen eskasiak osasun sistema osoari eragiten dio, publikoari nahiz pribatuari, eta, horren eraginez, ospitaleek ezinbestean beren mugetatik kanpo aurkitu behar dute talentua. Pentsa zenbatekoa den arazoa: [Espainiako] Osasun Ministerioak dio lau mila mediku espezialista beharko dituela sistema publikoko beharrak asetzeko bakarrik. Egoera hain larria denez, ia erkidego guztiak ari dira araudiak egokitzen, homologatu gabeko tituluak dituztenek sistema publikoan lan egiteko aukera izan dezaten. 80-90eko hamarkadan Osakidetzak ere kontratatu zituen Argentinako anestesistak.

Proposamen bat aurkeztu duzue kirofanoko erizainen lan baldintzak aldatzeko. Zergatik?

Enpresa moduan, gure ereduak birpentsatu behar ditugu, operatiboagoak eta funtzionalagoak izateko. Horren adibide bat da gure azpiegituretan egiten ari garen berregituraketa. Kirofanoari dagokionez, kirurgien plangintza egiterakoan eta larrialdiak artatzerakoan arinagoak izateko sistema bat bilatu dugu. Itxaron zerrendak ahalik eta gehien murriztea da xedea. Aldaketek lan baldintzetan ahalik eta eragin txikiena izateko ahalegina ari gara egiten, eta zerbitzu bakoitzeko taldeei jakinarazten dizkiegu aldaketak, elkarrekin konponbideak aurkitzeko; kasu honetan, kirofanoko erizainei ere bai. Negoziatzen ari gara, eta lehenbailehen nahi dugu konponbide egoki bat lortu. Hala ere, gure helburua beti pazientearen onura izango da.

Zer esango zenuke aurkeztutako proposamenaz?

1994an, 2.080 ordu lan egiten ziren urtean, eta 2020an, 1.640 izango dira, %21 gutxiago. Noski, langileek eskatu dutelako. Orain planteatu duguna da guardiak arretaren beharretara egokitzea, txandak eta lan ordutegiak bezala. Aurrez ere egin izan da hori. Proposamen bat baino gehiago aurkeztu dugu, langileek egokiena iruditzen zaiena aukeratzeko. Guztiek betetzen dute iaz onartutako hitzarmena, eta soldata murrizketarik ez dugu proposatu.

Pentsa daiteke mobilizazioek kezka sor dezaketela erabiltzaileen artean. Zer esango zenieke?

Lasai egoteko. Arrazoi politikoek gidatzen dituzte TOPAren manifestazioak, ez arrazoi teknikoek. Benetako datu bakar bat ere ez dute ematen. Gure kalitate eta jarduera adierazleak Euskadiko altuenetakoak dira. Osasun Sailaren urteroko auditoriek frogatzen dute hori. Errespetua eta objektibotasuna eskatzen ditugu gure lana eta gure langileena baloratzeko orduan. Zoritxarrez, ordea, etxe barruan nahiz kanpoan tentsio giro bat sortzeko kanpaina bat dago, Tolosaldeko pazienteen zerbitzuaren kalitatea hobetzearekin zerikusirik ez duten helburuak dituena. Herritarrek oso ondo dakite esku onetan daudela, eta horren erakusle da zerbitzuen eskaera handitzen ari dela urtez urte.

Leave a Reply

Your email address will not be published.