Begiekin ere entzun daiteke

Begiekin ere entzun daiteke

Unai Zubeldia

“Pertsona gorren eskubideak bermatzeko asmoz” sortu zen Gainditzen Tolosaldea-Goierriko Pertsona Gorren Elkartea, 2002an, Tolosan. “Pertsona horiek zeuzkaten beharrei erantzun bat ematea zen erronka”. Garazi Sasiain Gainditzen elkarteko bitartekariak azaldu duenez, komunitate gorraren sentsibilizazio astea antolatzen hasi ziren lehenengo, eta egitasmo horrek hamaseigarren urtea bete du jada aurten; azaro erdialdean egin zituzten jarduera horiek. “Azken finean, gorrek komunikatzeko dauzkaten mugak azaltzea eta horiek nola hauts ditzakegun aztertzea izaten da urteroko helburua”. Pertsona gorren beharrei tiraka, ordea, askotan bazterrean gelditzen da horien aisia eskubidea, eta, sentsibilizazio lan horretan pauso bat gehiago emanda, duela hamar urte sortu zuten Keinu Hizkuntzako Nazioarteko Zinema Jaialdia. “Keinu hizkuntza ezagutarazteko eta bultzatzeko helburuarekin sortu zen jaialdi hori, herritarrak gorren kulturara gerturatzeko erronkarekin”.

Pausoka-pausoka, sendotuz joan da Tolosako jaialdia, eta “egitarau berezia” prestatu nahi izan dute aurten, hamargarren urteurrena ospatzeko. Gaur eta bihar egingo dute jaialdia, Tolosako Leidor antzokia gune nagusi gisa hartuta. Argentinako, Erresuma Batuko, Espainiako, Indiako eta Kataluniako hamalau film labur ariko dira lehian aurtengo jaialdian; bost minutukoa izango da filmik laburrena, Jackey, Indiakoa —Dinesh Kammanz da zuzendaria—, eta 30 minutukoa luzeena, La sombra, Espainiakoa —Pau Escudero da zuzendaria—. Gaur 16:00etan zabalduko dituzte Leidor antzokiko ateak, eta 16:30ean hasiko dira filmak proiektatzen. Amaieran egingo dute sari banaketa —Angel Rojo, Jose Luis Armisen eta Marga Mendoza dira epaimahaiko kideak—, eta 21:30ean agurreko ekitaldia. Film laburrik onenak, zuzendaririk onenak, zuzendari gazterik onenak, gidoirik onenak, muntaketarik onenak, argazkirik onenak eta aktore emakumezko zein gizonezko onenek jasoko dituzte sariak. Publikoaren saria ere izango da.

Julian Rodriguez Gainditzen elkarteko lehendakariak aurkezpen ekitaldian azaldu bezala, “jaialdiaren erreferentzialtasuna” azpimarratu du Sasiainek. “Espainiako Estatuan oso ezaguna da jaialdi hau; Madrilgoaren eta Bartzelonakoaren pare dago. Herri batean egiten den bakarra da Tolosakoa, eta Hong Kongetik [Txina], Kolonbiatik, Mexikotik… herrialde askotatik etorri izan zaizkigu film laburrak”. Keinu hizkuntzako film laburren zirkuitua “zabal samarra” dela azpimarratu du Gainditzen elkarteko bitartekariak. “Jaialdian parte hartzeko oinarriak sortzen ditugu guk, eta zuzendariek horren arabera egiten dituzte eskaerak. Hamar urteotan sare polita sortu da jada”.

Herritarrek pertsona gorrekin, askotan, “ez ikusiarena” egiten dutela kritikatu du Sasiainek. “Asko falta zaigu normaltasunera iristeko. Eta, horren erakusgarri, erakunde askok, oraindik, gure proiektuak ez dituzte ikusten kultur ekitaldi gisa, eskubide gisa baizik. Eta eskubideen izaera hori aldarrikatzen dugu guk, noski, baina kultur ekitaldi gisa. Keinu hizkuntza kultura baita”.

Sasiainek argi utzi nahi izan du Tolosako Keinuen Hizkuntzako X. Zinema Jaialdia ez dela pertsona gorrentzat bakarrik. “Denentzako da egokia. Azpidatziak izango dituzte film laburrek, eta interpreteak egongo dira zuzendariak gorrak diren kasuan”. Miryam Abaigar Gainditzen elkarteko bitartekariak onartu du zaila izaten dela gorrak ez diren herritarrak horrelako jaialdietara inguratzea. “Baina animatzeko esango nieke denei, beldurrik ez izateko, eta baliatzeko gorren kultura ezagutzeko aukera”.

Irabazleen irabazlea bihar

Gaurko lehiaketa nagusia igarota, Tolosa ezagutzeko txangoa egingo dute bihar goizean, Euskal Herria plazatik abiatuta, eta bazkari bat ere egingo dute jarraian, 14:00etan. Arratsaldean, berriz, aurreko bederatzi urteetan garaile izan diren filmen lehiaketa egingo dute Leidorren, eta irabazleen arteko irabazlea aukeratuko dute ondoren. Berritasun moduan, Rozalen abeslari espainiarraren eta haren interprete Beatrizen emanaldia izango da sari banaketaren ondoren, Leidorren bertan. 15 euro balio du bi egunetarako sarrerak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.