May Gorostiaga: “Esan izan digute obrari esker hitz egin dutela aluari buruz”

May Gorostiaga: “Esan izan digute obrari esker hitz egin dutela aluari buruz”

Miren Garate

Espe eta Leo izeneko bi espeleo-arkeologo dira Intujai Teatroaren Ama-Alu-Lur (Sorgin baten ametsak) antzezlaneko protagonistak. Paleolito garaiko alu erraldoi bat aurkituko dute haitzulo baten barruan, eta aurkikuntzarekin harri eta zur geratuko dira bi lagunak. Gertakizun horretatik abiatuta, obrak antropologia, filosofia, mitologia, feminismoa eta beste gai ugari ukitzen dituela nabarmendu du May Gorostiaga zuzendariak (Tolosa, 1971). Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren lehiaketa irabazi du aurten, eta hogei emankizun inguru egin dituzte estreinatu zutenetik. Bihar bertan dute hurrengoa, Igantzin (Nafarroa), 21:00etan.

2017an, alu handi baten irudi bat aurkitu zuten Errenteriako Aitzbitarte (IV) haitzuloan, Paleolito garaikoa. Gertakari horretatik abiatuta sortu duzue antzezlana.

Albistea komunikabideetan agertu zenean, ideia gustatu egin zitzaigun, eta ordenagailuko karpeta batean gorde genuen. Proiektuari heltzea erabaki genuen iaz, eta Iñaki Alonso espeleologoarekin jarri ginen harremanetan. Diego Garate espeleoarkeologoaren kontaktua eman zigun, eta mundu zoragarri bat zabaldu zigun hark: alua kobazulo barruan, ama lurraren barruan alu handi bat, ama lur hitzaren erdian ere alu hitza nola agertzen den… Ama-Alu-Lur izenburua ere hortik dator, izeneko alu hori nolabait azpimarratu egin behar genuela ikusi genuen. Obraren lagin bat prestatu genuen, eta Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren lehiaketa irabazi genuen.

Behin antzezlana egitea erabakitakoan, zein asmorekin jo zenuten Diego Garaterengana?

Lehenik eta behin, informazioa behar genuen, eta Diegok begiak ireki zizkigun. Azaldu zigun Frantziako aldean eta Iberiar penintsula iparraldean kobazulo askotan daudela aluen irudiak. Zaharrenak orain dela 40.000 urtekoak dira, eta Aitzbitartekoak orain dela 14.000 urte ingurukoak. Denetik dago: pintatuta, zizelkatuta, txikiak, handiak… Alabaina, oso gutxi hitz egiten da horri buruz, bisonteen irudiak eta halakoak ikusten ditugu beti. Ikuskizuna amaitutakoan oraindik ere galdetzen digute: ‘Baina hori egia da?’. Jendeak ez du sinesten.

Zein gai ukitu nahi izan dituzue antzezlanaren bidez?

Haitzuloetako aluen gaiak ukitzen ditu mitologia, feminismoa, antropologia, filosofia… Horregatik, Diegorekin hasi ginen, baina mugimendu feministako jendearekin, filosofoekin, antropologoekin eta beste jende pila batekin ere egon gara. Kontu historiko horiek aipatzen ditugu antzezlanean; datu filosofiko batzuk ere ematen ditugu; eta, era berean, aipatzen dugu oso gutxitan hitz egiten dela horri buruz, eta hori emakumeak historian duen presentziaren seinale dela. Gure buruan zegoen galdera hau zen: duela 15.000 urte aluak hain inportanteak baziren kobazuloetan, zer gertatu zaigu 15.000 urte hauetan hainbeste aldatzeko?

Bi aktore agertzen dira antzezlanean: Bea Larrañaga eta Itziar Saenz de Sjer, Espe eta Leoren rolean.

Bai, eta beraien arteko laguntasuna oso ondo ikusten da. Onean eta txarrean dira lagunak, eta harreman oso sanoa dute, oso irekia.

Elementu berezirik erabiltzen duzue?

Bideo proiekzioa erabiltzen dugu, eta bi aktoreek asko jolasten dute pantailarekin. Eszena bakoitza ere bertso batekin amaitzen dugu. Ekaitz Goikoetxeari eskatu genizkion bertsoak. Hamar inguru daude, eta izugarri eskertzen dira. Jendeak gurekin batera kantatzen ditu.

Zer esan dizuete ikusleek?

Hogeiren bat emankizun egin ditugu orain arte, eta oso-oso pozik gaude izaten ari den erantzunarekin. Kritikarik politena ari da izaten berriro ikusi nahi dutela. Eta batzuek errepikatu egin dute. Kontzeptu pila bat dago antzezlanean, eta esan digute etxera iritsitakoan ordenagailura joan direla gauza batzuk egiaztatzera ere. Jakin-min hori sortzea polita da. Beste batzuek, berriz, garagardo bat hartu bitartean aluari buruz hizketan jardun dutela esan digute; hau da, obrari esker hitz egin dutela aluari buruz. Edo ama-alabak etorri dira, eta ondoren amak esan digu guri esker hitz egin duela alabarekin gauza jakin batzuei buruz.

Antzezlanari jarraipenik emateko asmorik baduzue?

Gure buruan trilogia bat dugu irudikatuta, eta jada hasi gara bigarrenarekin. Oraindik ere ikertzen ari gara. Sorginekin izango dute lotura guztiek; izan ere, sorginak hasiera-hasieratik egon dira gurekin, modurik onenean. Sortzen laguntzen ziguten, emaginak baitziren. Omenaldi bat izango da gure sorgin guztiei.

Leave a Reply

Your email address will not be published.