“Giroan usaintzen da Olentzaroa”

“Giroan usaintzen da Olentzaroa”

Itzea Urkizu Arsuaga

Basoak oro dira Mariren baso./ Basoa non, Mari han./ Izan baso zabala, izan baso luzea,/ izan basotxoa, izan basamortua…/ denak dira Marirenak./ Beraz, Olentzero dabilen basoa ere/ Mariren basoa da”. Hitz horiek abiarazten dute Olentzaroren basoa ipuin liburuxkaren bidaia. Iazko arrakastaren ondotik, Tolosako Zumardia elkarteak proiektua lantzen jarraitzea erabaki du aurten ere, eta, abenduaren 16tik 23ra Elosegi parkeko baso bizia ezagutu ahal izango da.

Hausnarketa bat eginda ondu dute proposamena, hiru ardatzen gainean: “Batetik, Olentzaroren basoa naturan oinarritzen da, eta hor neguko solstizioa dugu parez pare. Euskal usadioak ere berreskuratu nahi izan ditugu, solstizio hori ospatzeko aspaldiko moduetara joz. Azkenik, hausnarketa feminista sakon bat ere egin nahi izan dugu, Mari Domingiren figurak ez duelako, gure ustez, emakume eta pertsona ahaldundu baten izaera ordezkatzen”.

Baina, nola gorpuztu hori guztia basoan? Eli Trojaola Zumardiako kideak aitortu du, “mila buelta” eman dizkiotela gaiari: “Azkenean, Olentzero eta Mari Domingiren figurak kentzea erabaki genuen, haurren eta helduen irudimena elikatzeko, eta generoak ere desager zitezen. Horrek ahalbidetu zigun naturari indar handia ematea, eta protagonismoa ematea naturan feminitatea ordezkatzen duen euskal mitologiako pertsonaia garrantzitsu bati: Mariri. Mari da natura, Mari da guztia, Mari dagoen lekuan dena gertatzen da, eta hortik indartu nahi izan dugu ahalduntze hori”.

Eguberriei bestelako zentzu bat emateko ahalegin horretan, jaien bueltako kontsumismoan ere eragin nahi du Zumardiak. Itziar Saenz de Ojerrek aitortu du, “erronka handia” jarri dietela beren buruei: “Ez goaz ezeren aurka. Denok gaude kontsumoaren gizartean bete-betean sartuta, baina, hori hala izanda ere, iaz ikusi genuen gizartean badagoela hutsune eta behar bat, nolabait, festa hauei beste zentzu bat bilatzeko. Eta kontsumoak ez du behar hori asetzen”.

Basoko zuhaizpeak bezala, ipuin liburuxka batek ere balio horiek guztiak bilduko ditu. Iaz, Olentzaroren basoa martxan jartzeko, Juan Kruz Igerabideren Eguberria liburua hartu zuten oinarri, eta harremanetan jarri ziren idazlearekin. Beste pauso bat eman nahi izan dute aurten: “Juan Kruz askoz gehiago inplikatu da, eta ibilbideko puntuak kontuan hartuta osatu ditu ipuineko pasarteak. Oso ondo ulertu du guk zein mami eman nahi diogun honi guztiari, eta Mariri presentzia handia eman dio, Olentzero naturako kide bat gehiago bezala irudikatuz”.

Adinik ez basoarentzat

Datozen egunetan basoa bisitatzen duten guztiek ipuina jasoko dute opari, eta, Saenz de Ojerren ustez, irakurtzen duten bakoitzean zerbait berria deskubrituko dute haurrek. “Bisita behin eta berriz gogora ekartzeko aukera eskainiko die ipuinak, edo harago joatekoa ere bai. Olentzaroren basoa ezagutzeko aukerarik izan ez duenak, berriz, basoak transmititu nahi duen mezu eta atmosfera hori ezagutzeko aukera izango du testuekin, hein handi batean”.

Eguberrien jatorrira bueltatzeko gogoak sortu zuen Olentzaroren basoa, eta neguko solstizioan jarri dute sorburu horren fokua: “Eguzki zaharra hil egiten da, jaitsi egiten da, eta eguzki berria jaiotzen. Kristautasunak Jesusen jaiotzarekin irudikatu duena, eguzkia bera da berez; goxatu eta zaindu behar dena, indarrez etor dadin, eta udaberria oparoa izan dadin”. Bide beretik, Olentzeroren beraren izenaren etimologiak ikertzen ere aritu da taldea, Trojaolak azaldu duenez: “Hainbat teoria daude, baina guztiek dute hizpide aro bat; aro baten amaiera, eta bestearen hasiera”.

Arbasoen ohiturak ezagutu eta haietatik zerbait hartzeko saiakerak “folklorea desinfantilizatzeko” asmo bat ere badu atzean. Saenz de Ojerrek uste du badagoela joera orokor bat festak eta pertsonaiak haurrei begira moldatzeko. “Baina haurrak uste dugun baino azkarragoak dira”, azaldu du: “Munduaren konplexutasuna era konplexuan azaldu behar zaie. Haurren eta helduen gauzek ez lukete hain definituta egon beharko. Denok elkarrekin ospatzekoak dira festak”.

Horrela, beraz, “politikoki zuzen” bilakatu den Olentzero alde batera utzi, eta baso bizi bati eman diote bide Tolosan, uraz, suaz, egurraz eta txondorraz Eguberria girotzeko. Doan eskura daitezke sarrerak, www.zumardia.eus atarian; 3 eta 8 urte arteko haurrentzat da egokia bisita. Talde bakoitzak ipuin kontalari bana izango du, eta ordubeteko ibilbidea osatuko dute, ilunpean, kriseiluak eskuan. “Magikoa” izango dela diote, izan ere: “Giroan usaintzen da Olentzaroa,/ giroan antzematen da Olentzaroa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.