Hausnarketarako egin beharreko geldialdia

Hausnarketarako egin beharreko geldialdia

Beñat Alberdi

Banio eta banu, alperreko bi damu”, dio esaera zaharrak; hots, iraganean zerbait egin izanak egoera hobetuko zukeela pentsatzeak ez daukala zentzu handirik. Ideia horri segika, hainbat ekintzailek ezertan hasi aurretik hausnarketa egiteko gonbita egingo dute, datorren astean, Oñatiko gaztetxean, jardunaldi batzuen bidez.

“Lehen urteetan, Debagoienekoak izaten ziren jardunaldiak”, azaldu du Rebeka Maestrok, jardunaldien antolakuntza taldeko kideak. “Duela hamabi bat urte hasi ziren jardunaldiak, baina Oñatin egin ditugu azken bostak”. Eskualdeko eragileak eta batzordeak elkartzea zen hasierako helburua, elkar ezagutzeko, noski, baina baita hainbat gairen inguruan hitz egiteko ere. Baina indar eta parte hartze faltak eraginda erabaki zuten jardunaldiak aurrerantzean Oñatin egitea.

Formakuntza bera da gakoa, esperientziak elkarrekin partekatzea eta hainbat gairi buruz hitz egitea. Eguneroko motxilak nabarmendu ditu Maestrok: “Militantziaren alorrean edo eragileen jardunean geure buruari ez diogu uzten gelditzen eta teoria lantzen, elkarri entzuten eta hausnartzen”.

Edukiak aukeratzen

Baina jardunaldietan nola aukeratzen dute zein gaik daukan gaurkotasuna? Nork hitz egingo duen? Lanketa berezia egin zuten iaz: herriko eragileei eskatu zieten bakoitzak gai bat aukeratzeko, jardunaldiak herriko egunerokoarekin harreman zuzena izan zezan. Emaitza ez zen hain ona izan, ordea. “Ez genuen ia erantzunik jaso”, argitu du Aimar Uribesalgo antolakuntza taldeko kideak. Azkenean, gaur egun hizlari eta idazle gisa ari direnak kontuan hartuta osatu dute egitaraua. Faxismoa, eraso sexistak eta Latinoamerikako egoera landuko dituzte, besteak beste.

Sarritan, hitzaldi bat entzutearekin lotzen da heziketa jasotzea, baina halakoetan parte hartzaileak “subjektu pasibo” bihurtzen dira, Uribesalgoren hitzetan. Horregatik, eta parte hartzea sustatzeaz gain, interesa pizteko, hainbat formatu baliatuko dituzte jardunaldietan. Hitzaldiak egongo dira, noski, baina nabarmentzekoa da autoformakuntza egitura. Gai bati buruz irakurri eta testuak prestatzen ditu pertsona batek, eta gero, egunean bertan, testu horiek irakurri eta hausnarketa egiten dute. “Inor ez da izaten aditua”, gaineratu du Uribesalgok. “Eta badago ez hitz egiteko aukera ere. Hori bai, iritzia emateko aukera dagoela jakinda”.

Euren lanak eta esperientziak trukatzeko aukera ere eskaini nahi izaten diete herritarrei. Hori da Maider Arregiren kasua. Militantziari buruz idatzi zuen unibertsitateko gradu amaierako lana, eta jardunaldietan partekatuko ditu ideia horiek. “Sarritan, idatzi eta kaxoi batean sartzen ditugu lan akademiko asko”, zehaztu du hizlariak. “Horregatik, aukera ona da ideia horiek plazaratzea eta gaiari buruz hitz egitea”.

Hedoi Etxartek nahiz Samara Veltek ere parte hartuko dute jardunaldietan, eta baita Fran Vertiz Alba mugimenduko kideak ere; Latinoamerikako errealitateaz ariko da azken hori. Askotariko formatuak probatzeko saiakeran, mendi martxa batekin bukatuko dituzte jardunaldiak, abenduaren 16an. Formakuntzarako bide izango da hori ere, noski.

Leave a Reply

Your email address will not be published.