Lehen lana: bertigoa uxatzea

Lehen lana: bertigoa uxatzea

Unai Zubeldia

Bertsoa ezin da puntuz epaitu. Hori da askoren ustea. Baina gehienei asteburuko plazek ez daukaten grina eta pasioa sortzen die txapelketak. Tentsioa da txapelketa, norberaren buruarekiko eta gainerako bertsokideekiko pultsua eta fasez faseko langa jokoa. Abenduaren 14rako zortzi bertsolarirentzako bakarrik zegoen tokia Donostiako Illunbeko zezen plazako oholtzan, eta Ane Labaka (Lasarte-Oria, 1992), Beñat Lizaso (Azpeitia, 1982) eta Nerea Elustondo (Legazpi, 1981) tartean izango dira. Lehen aldiz. Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Jon Maia, Alaia Martin eta Oihana Iguaran izango dituzte oholtzakide Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean.

“Arrasaten finalaurrekoetako lehen saioan kantatu ondoren, ziur nengoen finaletik kanpo geratuko nintzela”, aitortu du Elustondok. “Puntu gehiago lortu nituen duela lau urte [476], eta bederatzigarren gelditu nintzen orduan”. 467 punturekin, argi samar zegoen legazpiarraren langa izan zitekeela hautsi beharrekoa. “Baina nik neuk ez dut bizi izan tentsio ikaragarriarekin”. Irakasle lanetan buru-belarri murgilduta, “eta lanez lepo”, Elustondo aparte samarretik ari da bizitzen txapelketa. “Baina inoizko txapelketarik erregularrena egin dudala uste dut”.

Lizasok, berriz, “gorputzaldi arraroarekin” jarraitzen du oraindik. “Nire aurreikuspenetan ez zegoen finalean sartzea, eta shock egoeran gelditu nintzen Tolosan, finalean nengoela entzun nuenean”. Ezin sinetsita dago oraindik. “Neure burua ez baitut irudikatzen Illunben”. Azpeitiarrak azken egunean eman zuen izena txapelketan. “Finalaurrekoetara iritsita nengoen azken bi txapelketetan, eta langa hor neukala ikusten nuen”. “Erdi konbentzituta” eman zuen pausoa azkenerako.

Finalisten artean gazteena, Labaka, “oso pozik” dago orain arte egindakoarekin. “Nahiko gorabeheratsua izan da txapelketaren prozesu guztia, eta finalisten artean uste dut ni naizela txapelketari maiatzean ekin zion bakarra”. Sei hilabeteko txapelketan “momentu politak eta pixka bat zailagoak” eduki dituela azaldu du lasartearrak. “Udaberriko fasea, esaterako, nahiko justu pasatu nuen, baina azken opariarekin disfrutatzeko eta prozesuari bukaera polita emateko gogoz nago”.

Lizasok aitortu du “oso lasai” joan zela Ordiziako final-zortzirenetako bere lehen saiora. “Egin beharrekoak eginda edukiko banitu bezala”. Lehen pauso hori emanda, finalaurrekoetara arte ez du saiorik entzun azpeitiarrak. “Eta txapelketatik kanpo bezala sentitu naiz nolabait”. Irunen kantatu zuen final-laurdenetan. “Eta oso gaizki pasatu nuen; kalean ikusten nuen neure burua”. 4,5 puntu izan zituen alde azkenerako. Finalaurrekoetara arteko denbora ere “luze” egin zaiola aitortu du azpeitiarrak. “Oreka aurkitu ezinik bezala ibili naiz, baina, azkenerako, finalaurrekoetako saioarekin gelditu naiz gusturen. Gauza asko daude hobetzeko, baina gozatu egin nuen Tolosan”.

Elustondori “konturatzerako” iritsi zitzaion iraila, final-zortzirenetako fasea. “Despistatu samar harrapatu ninduen, baina saioz saio joan naiz, helburu ikaragarririk gabe. Izatekotan, finalaurrekoetan sartzea eta Euskal Herriko Txapelketarako sailkatzea ziren nire helburuak. Baina jakitun nengoen oso posible zela bidean gelditzea. Txapelketa ez dut hartu hil edo biziko gauza bat bezala”.

Adinarekin bueltaka

Lizaso 36 urterekin iritsi da Gipuzkoako Txapelketako lehen finalera, eta Elustondo, 38 urterekin; legazpiarrak aitortu du izena emateko garaian buruhausteren bat edo beste sortu ziola adinaren kontuak. “Beldur nintzen txapelketako zaharrena ni izango ote nintzen, baina pausoa ematea erabaki nuen zaharragoek izena eman zutela jakin nuenean”. Finalean Jon Maia izango da bertsolaririk zaharrena; 47 urte ditu. Gazteena, berriz, Labaka izango da. “Baina 27 urte dauzkat eta nire hirugarren txapelketa da. Final-laurdenetara ez da iritsi aurten lehen txapelketa zuten gazteetako inor”.

Aurtengo finalak badu berezitasun bat: lehen aldiz ariko dira kantuan lau emakumezko eta lau gizonezko. “Baina tranpa txiki bat dauka horrek”, argitu du Labakak. “Kuantitatiboki lau eta lau izango gara, bai, baina kualitatiboki askoz gauza gehiago behar dira finala parekidea izateko: hasi epaileekin, segi gai-jartzaileekin eta gaitegiaren lanketarekin…”. Lasartearraren ustez, “izozmendiaren punta” izango da Illunbeko finala. “Baina, txapelketan atzera eginda, oso emakumezko gutxi geunden hasieran”. “%10 inguru”, zehaztu du Elustondok. “Eta zer pentsatua eman beharko liguke horrek”, ondorioztatu du Labakak. “Oso pozgarria da finalean lau emakumezko egotea, baina dena ez dago eginda”.

Finalaren atarian, “bertigo pixka bat” dute hirurek. “Ez dakit zerekin topo egingo dudan Illunben”, hasi du azalpena Lizasok. “Jendetzak ez nau kikiltzen berez, eta ehun lagunen aurrean baino nahiago dut mila lagunen aurrean kantatu. Baina finalak pasada emango ote didan beldur naiz”. Azpeitiarrak aspaldi erabaki zuen azken txapelketa izango duela aurtengoa, eta kolperen bat emanda esan nahiko luke agur. “Ea lortzen dudan Tolosan eduki nuen gorputzaldi hori, bertsotarako gogo hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.