“Niretzat, lehen txapelak adinako meritua dauka azkenak”

“Niretzat, lehen txapelak adinako meritua dauka azkenak”

Aitziber Arzallus

Hamaika plaza egindakoa den arren, aurrez aurrekoan ez du plazagizonaren tenplerik Juan Jose Unanue Goenatxo II.a-k (Azkoitia, 1959). Galderak azkar eta motzean erantzuten ditu, eta argazki kameraren aurrean deseroso sentitzen da, lotsatuta bezala. Grabagailua itzalita, lasaiago jardun du, emaztea alboan duela. Etxekoei zegokien denbora lapurtu izana da harriari leporatzen dion gauza bakarra. Orain plazak eta lana utzita, etxekoekin duen zorra kitatzeko erabili beharko du egunari irabazi dion astia. Eta gerrialdea pixka bat bigundu arte, pazientzia beharko du.

Nolako haurtzaroa izan zenuen Elosuko Goenatxo baserrian?

Aita, ama eta sei anai-arreba ginen etxean; laugarrena naiz ni. Baserrian ardi batzuk eta behi batzuk bagenituen, eta lagundu egin behar izaten genuen, aitak fabrikan lan egiten zuelako. Eskola, berriz, sekula ez zait gustatu izan, baina joan beharra zegoela eta, joan egiten nintzen. 12 urterekin utzi nuen, eta 13 urterekin hasi nintzen lanean.

Nolatan heldu zenion harriari?

Gure anaia zena ibili zen harri jasotzen. Nik etxean huraxe ikusten nuen, eta haren bueltan ni ere hasi egin nintzen, 17 urterekin. 18 urterekin jokatu nuen lehendabiziko txapelketa.

Jokatu eta irabazi.

Bai, Azkoitiko plazan izan zen, harri baldar batekin. Orduan hasi eta ia oraintxe arte jardun dut.

Beste kirolik probatu izan duzu?

Ez. Harriarekin hasi eta bukatu dut, beste ezertarako astirik gabe.

Oso gazterik galdu zenuen anaia, Goenatxo I.a. Kolpe latza izango zen…

29 urterekin hil zen, istripuz. Kolpe latza izan zen, bai niretzat eta bai beste denentzat.

Nola eragin zizun anaiaren heriotzak?

Orduantxe ari nintzen izen pixka bat hartzen, baina asko kostatu zitzaidan anaiarena gainditzea.

Harria uzteko tentaziorik izan zenuen?

Bai, noizbait bai. Egia esateko, 20-21 urtetik 27 bat bete nituenera arte ez nuen ezer handirik egin. Orduan hasi nintzen berriz harria gogoz hartzen eta neure burua hobeto prestatzen.

Berehala etorri ziren emaitzak: harri handien txapelketa irabazi zenuen lehenengo, Iñaki Perurenaren eta Jose Manuel Agirre Endañeta-ren markak hautsi zenituen gero… Urte askoan ez zenuen parekorik izan.

Harri batzuekin, ez; baina beste batzuekin gehiago kostatu izan zait. Harri handiak jasotzen zituzten haiek; gu, berriz, txikiagoekin ibiltzen ginen, 200-225 kilora artekoekin, errepikapen asko egiten. Horretan ondo moldatzen ginen gu. Txapelketako pisuak ere horiek izaten ziren, 225 kilotik beherakoak, eta 11 aldiz jarraian irabazi nuen Euskadiko Txapelketa.

Harri handiekin gutxi ibilita ere, badaukazu markaren bat…

239 kiloko harri kubikoa jaso nuen, eta inork ez du ondu marka.

Nola entrenatzen zinen?

Mendira buelta batzuk egiten genituen, eta harriarekin ibiltzen ginen; hori zen gure entrenamendua. Orduan ez zegoen gimnasiorik eta horrelakorik. Antigualeko erara prestatzen ginen gu.

Bakarrik ala taldean ibiltzen zinen?

Bakarrik sekula ez. Beti edukitzen nituen alboan harri-ipintzaile bat eta kronometratzaile bat.

Jatekoa zaintzen al zenuen?

Gatzarekin kontu pixka bat izaten nuen, baina gainontzean ez nion asko begiratzen. Gu ez ginen eliteko kirolariak, zaletasuna bakarrik zen gurea. Hortik bizi izan banintz, gauzak beste era batera hartuko nituzkeen.

Apustu zalea izan al zara?

Jokatu ditut apustu batzuk, baina ez asko. Hiru jokatu ditut; eta bi irabazi eta bat galdu dut. Ez da batez besteko txarra. Baina erantzukizun handia da apustu bat egitea. Diru asko egoten da jokoan, eta zeurea bakarrik ez, albokoena ere bai. Apustua ondo prestatu behar izaten da, eta irabaztea inoiz ez da segurua izaten; jokatu egin behar izaten da. Hala ere, herri kirolak apustua behar du indartzeko, eta txapelketa ere bai, jende berriari sarrera emateko.

Azken aldian giroa badago…

Bai, ikusten da mugimendua badagoela. Peñak [Kepa Peñagarikanok] eta Aizperrok [Josean Olaskoagak] ere lehengoan hitzartu zuten apustua, Azpeitian. Martxoaren 14rako jarri dute eguna. Badute astia ondo prestatzeko, eta ikusiko dugu zer irteten den.

Saltsa hori gustatzen zaizu?

Hor ibilitakoak garenoi bizipoza ematen digute horrelakoek.

Harri jasotzetik bizitzeko lain ateratzerik badago?

Plaza gehiago edo gutxiago egin ditzakezu, baina harri jasotzetik bizitzerik ez dago, ez lehen eta ez orain; inor ez. Hor jarduten duzu gustatu egiten zaizulako. Uda partean zerbait ibiltzen zara, baina neguan ez da egoten ezer. Horrek esan nahi du harri jasotzen ibiltzen direnek zortzi-hamar ordu sartzen dituztela lanean, eta entrenatzera joaten direla gero. Bi lan egitea bezala da hori. Baina plazara atera behar duenak prestatu egin behar du aurrez.

Lesiorik izan al duzu zure kirol bizitzan?

Harri jasotzen ibili nintzen urteetan osasun aldetik oso ondo ibili nintzen. Bi meniskoetatik operatuta nago, baina gainontzean ez dut ezer izan. Orain etorri da hemen okerra.

Noiz utzi zenion harri jasotzeari?

55 urte nituela.

Eta zergatik utzi zenuen?

Ez zen arrazoi bakarra izan. Ikusten nuen handik aurrera gainbehera bakarrik joango nintzela, urteetan aurrera nindoala, urte asko neramatzala plazetan, lanean erantzun egin behar zela… Gazteak ere bazetozen atzetik, eta gu asko ibilita geunden jada.

Ordurako harri jasotzen hasita zegoen Jon semea?

Bai, hasita zegoen, bai.

Zuk bultzatuta hasi zen?

Ez, berari sortu zitzaion gogoa. Nik lagunduko diot ahal dudan guztian, baina norberak nahi izan behar du aurrena. Ez da beste batek aginduta egiteko langintza.

Zer itxura hartzen diozu?

27 urte dauzka, eta ondo dabil, gustura. Badu zertan hobetua, baina badu astia. Batzuek esaten dute dagoeneko egin beharko lukeela zerbait, baina, nire ustez, pertsonak 34-35 urteen bueltan izaten du indarrik handiena.

Zer sentitzen duzu semea plazan ikustean?

Beti egiten du ilusioa zeu horretan ibilitakoa izan eta bera ere bide horretan gustura ikusteak.

Zu zara haren entrenatzailea?

Taldean aritzen gara. Lehen, pixka bat gehiago ibiltzen ginen, baina orain ere hor ibiltzen gara. Sakrifizio handia eskatzen du, ez dago dirurik, eta gastua dezentekoa da. Aizkora baino merkeagoa da harria, baina hortik jaso, ez da ezer jasotzen, eta gastatu, berriz, asko.

Semea noraino iristea nahi zenuke?

Berak egin behar du bere bidea, eta berak ikusi beharko du noraino iritsi nahi duen eta horretarako zenbat prestatzeko prest dagoen. Dabilen lekuan gustura ibiltzea da balio duena, eta bera pozik badabil, pozik egongo naiz ni ere. Ni ez naiz inor hari ezer exijitzeko.

Emakumeek ere egin dute tokia harri jasotze munduan.

Ari dira, bai; oraindik ez dira asko, baina maila polita ematen ari dira. Garai batean, pentsaezina zen neskak harri jasotzen ikustea, baina horretara ere iritsi gara. Gauzak aldatzen doazen seinale da hori, eta poza ematen du.

Harri jasotzea bera ez al da gorputzarentzat jipoi handiegia?

Askotan entzun izan dut sekulako astakeria dela, eta nik galdetzen dut: maratoi bat korritzea ez al da astakeria? Eta bizikletan ehunka kilometro egitea? Edozein kirol izan daiteke astakeria, eta bakoitzak erabaki behar du zer astakeria egin nahi duen.

Beste herri kirolen zalea al zara?

Bai, denak gustatzen zaizkit.

Oro har, egoera onean al daude herri kirolak?

Hemeretzi modalitate daude herri kiroletan. Indartsuen aizkora dago, eta, haren ondoren, harri jasotzea. Hori horrela izan da beti. Zuk pentsa: 1950ean Luxia [Juan Jose Narbaiza] eta [Martin] Gartziarena lehiatu ziren Donostian, Txofreko zezen plazan, eta 16.000 lagun joan ziren ikustera; jendea kanpoan gelditu omen zen. Gaur egun ederra litzateke horrelako bat.

Horrenbestekoa ez, baina azken apustuek ikusmina sortu dute.

Hala da, bai. Jendeak ondo erantzun du; jende asko joan da azken desafioetara.

Zure kirol bizitzan zein izan duzu kontrariorik gogorrena?

[Mieltxo] Saralegi izango zen. Bi txapelketa oso gogor jokatu nituen harekin.

Eta plazatik kanpora?

Oso harreman ona genuen, pilotariek bezala, aldageletara elkarrekin joateko modukoa.

Zer eman dizu harriak?

Gauza asko. Batez ere, lagunarte handia eta jende eta leku asko ezagutzeko bidea. Ameriketan ere lau aldiz izan naiz harria dela eta; bidaia ordainduta, gainera.

Eta zer kendu dizu?

Eman asko egin dit, baina zerbait kendu ere bai. Entrenamenduek eta etxetik kanpo ordu asko ibili beharrak familiarekin egoteko denbora kentzen dizute. Horixe esango nuke, seme-alabekin eta andrearekin egoteko denbora kendu didala harriak. Hala ere, balantzea baikorra da.

Zer moduz ibili zineten Ameriketan?

Han oso ondo; haraino ailegatzeko egin beharreko bidaia zen txarrena. Bost urtean behin izaten da Boisekoa, eta lau aldiz izan naiz ni. Oso talde polita joaten ginen: hiru aizkolari, hiru harri-jasotzaile eta hiru bertsolari. Ikaragarri estimatzen dute joatea, eta izarrak bezala hartzen gintuzten. Euskal Etxean jaten genuen, eta gu joaten ginenerako txekorra hiltzen zuten. Aurten semea-eta doaz, eta joateko aukera daukat, baina ez dakit zer egingo dudan. 60 urterekin haraino joatea trote handi samarra izango dela iruditzen zait.

Zein duzu lorpenik kutunena?

Denak, irabazitako txapel bakoitza eta egindako marka bakoitza. Niretzat, lehen txapelak adinako meritua dauka azkenak.

Eta betiko ahaztuko zenukeen saiorik badaukazu?

Bai, noski. Baditut plazara etorri eta harririk jaso gabe etxera bueltatutako egunak. Kirolari guztiok ditugu horrelakoak; ofizioaren parte dira. Begira zer pasatu zaion Aimar Irigoieni oraindik orain. 16 urterekin, lau aldiz jaso zuen Amezketako Harria; orain dela lau urte, sei aldiz; eta aurten ez du jaso. Egun txarra izan zuen eta ezin izan zuen.

Ondo barneratzen al zenuen ezagun izate hori?

Markaren bat egin eta hurrengo egunean ikaragarria izaten zen. Kalera irten, kalean denak ezagunak eta denak galdezka. Polita zen hori, urte ederrak izan ziren, baina joan ziren.

Eta omenaldiekin zer moduz? Elosun egin zizuten, Loiolan ere bai, eta Azkoitian egin dizute aurten.

Handia izan da azkena, emozioz betetako eguna, bete-betea, eta negar egin nuen azkenean. Batekin akordatzea bakarrik ere bada nahikoa detailea, eta horrelako festa bat muntatzea… Zer esango dut, ba, nik! Oso-oso eskertuta eta gustura nago parte hartu zuten denekin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.