Osasunaren kudeaketari saria

Osasunaren kudeaketari saria

Asier Zaldua

Datorren asteazkenean, 25 erakundek Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa aurreratuaren sariak jasoko dituzte Gasteizko Europa jauregian. Beti bezala, Urrezko, Zilarrezko eta Brontzezko A sariak banatuko dituzte. Hamabi industria eta zerbitzu enpresa, Osakidetzako hiru erakunde, lau ikastetxe, hirugarren sektoreko hiru erakunde eta administrazio alorreko beste bi sarituko dituzte aurten. Eta Goierri-Urola Garaiko ESI erakunde sanitario integratua izango da sarituetako bat. Osakidetzako hiru erakundeen artean, Goierri-Urola Garaiko ESIa izango da Gipuzkoako bakarra.

Azkoiti, Azpeiti, Beasain, Lazkao, Legazpi, Ordizia eta Zumarragako osasun etxeek, inguruko herri txikietako kontsultategiek eta Zumarragako ospitaleak osatzen dute Goierri-Urola Garaiko ESIa, eta zortziehun pertsona inguru aritzen dira lanean; zentro horiek guztiek eremu horietan bizi diren 100.000 gipuzkoarrei ematen diete zerbitzua.

Helburu zehatz batekin sortu zuten ESIa: osasun arloan lan egiten duten guztiek modu koordinatuan lan egitea, pazienteek ahalik eta zerbitzu onena jasotzea, eta sistema eraginkorra eta jasangarria izatea. Helburu hori lortu ahal izateko, langile guztiek modu aktiboan parte hartzeko aukera izaten dute. Lantaldeak osatu zituzten hasieratik, eta lan prozesuak eta ibilbideak diseinatu zituzten zerbitzua hobetzeko. Euskaliten kudeaketa aurreratuko eredua erabili zuten horretarako. Fundazio gisa elkartutako erakunde talde bat da Euskalit. Eusko Jaurlaritzak bidea emanda lan egiten du, erakundeetan kudeaketa aurreratua sustatzeko, eta, horrela, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan lehiakortasuna eta garapen iraunkorra bultzatzeko.

Goierri-Urola Garaiko ESIko arduradunak ez daude damututa Euskalitekin lanean hasi izanaz. “Profesionalen arteko komunikazioa etengabekoa da, eta era koordinatuan lan egiten dugu. Gainera, lan egiteko modua bateratu dugu: prozesuak, ibilbideak, protokoloak, planak eta gidak. Horretarako, urteotako esperientzian oinarritu gara. Gure pazienteek ahalik eta zerbitzurik onena jasotzea da helburua”, aipatu du Laura Agirre Zumarragako ospitaleko kudeatzaileak.

Goierri-Urola Garaiko ESIak hamaika sari eta aitortza jaso du bere sorreratik: ISO 9000 eta EMAS erregistroa 2012an; Ohsas 18000, ISO 9001 eta ISO 14001 2013an; Ekoskan, EMASen berritzea eta kudeaketa aurreratuari diploma 2015ean; IHAn ziurtagiria, Bikain plana, kudeaketari dagokion Top 20 saria eta Ohsas 18001 2016an eta 2017an; eta ONCEren Solidario saria irisgarritasuna bermatzeagatik, EMASen berritzea, Ekoskanen berritzea, kudeaketa aurreratuari dagokion diploma, tabakorik gabeko euskal erakundeen zilarrezko akreditazioa eta Ohsas 18001en berritzea iaz eta aurten.

Orain arteko ibilbideaz erabat harro daude ESIko arduradunak. “Goierri-Urola Garaiko ESIak ibilbide garrantzitsua du kudeaketa aurreratuan. Zumarragako ospitaleak eta Mendebaldeko Eskualdea zenak aitorpen bana lortu zuten sistema berrian integratu aurretik”. 2011n, indarrak batzea erabaki zuten. “Kultura desberdina zuten bi erakundeek, eta herritarrei kalitatezko zerbitzua emateko integratu ziren. Zerbitzuaren jarraitutasuna izan da pertsonen arreta segururako ardatz nagusietako bat”.

Pertsonen parte hartzea

Urteotan egindako lanari esker, Goierri-Urola Garaiko ESIak bere helburuak lortu ditu. “Gaur egun, erakunde integratu bat gara, eta pertsonen parte hartzeak garrantzi handia du gure estrategian eta kudeaketan”, azaldu du Agirrek. “Kudeaketa aurreratuko eredua erabiltzen dugu gure kudeaketa sistema ebaluatzeko eta hobetzeko erreferentzia gisa, eta Zilarrezko A saria merezi izan dugu Euskaliteko ebaluazio klubeko kideen bisita jaso ondoren. Hiru egunean 75 bat pertsona elkarrizketatu zituzten”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.