Ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko txandak, hiru hilabetera

Ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko txandak, hiru hilabetera

Miren Garate

Estu ibili ziren IAT ibilgailuen azterketa teknikoa egiteko premian zeuden erabiltzaileak urte hasieran. Kolapsatu egin ziren zentroak, eta erabiltzaileek bizpahiru hilabete itxaron behar izaten zuten libre zegoen lehen ordua iritsi arte. Horrek eraginda, jende askok Nafarroara jotzea erabaki zuen, isunak saihesteko, eta hango estazioetan ere ilara luzeak sortzea eragin zuen horrek. Egoera ikusita, zenbait neurri hartu zituen Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, laugarren lerroa zabaldu zuen Bergarako IAT gunean. Zarautzen, berriz, hiru lerroko gune bat jarri zuen, behin-behinean hasieran, baina finko bihurtzeko asmoz gero. Ordura arte, hiru zentro zeuden Gipuzkoan: Urnietan, Irunen eta Bergaran; aurreneko biak TUV Rheinland enpresak kudeatzen ditu, eta bestea, Itasua enpresak.

Bat baino gehiago izan ziren kolapsoaren arrazoiak. Alde batetik, ibilgailuak gero eta zaharragoak dira, eta horrek ibilgailuen azterketa teknikoak maizago egitera behartzen ditu jabeak. Turismoen kasuan, lau urtetik gorakoek bi urtetik behin pasatu behar izaten dute, eta hamar urtetik gorakoek, urtero; taxi, autobus eta abarrek urtero egin behar izaten dute azterketa. Eragindako lan kargaren igoera aurrez ere igartzen zutela esan zuten enpresek, baina horri beste faktore garrantzitsu bat batu zitzaiola azaldu zuten: Europako araudiak azterketa zorrotzagoa ezarri izana ibilgailuentzat, gasen emisioari lotuta, batik bat. Enpresen arabera, Espainiako Gobernuak puntu gehiago ere sartu zituen zuzentarau horretara egokitzeko, eta hori izan zen, batik bat, atzerapenaren gakoa. Azterketa bat egiteko, lehen 8-12 minutu behar ziren, eta aldaketen eraginez 15-20 minutu behar zituztela zehaztu zuten. Lantaldeak handitu zituzten arren, ez zen aski izan zerbitzua arintzeko.

Egoerak Jaurlaritzaren eta TUV Rheinlanden arteko gatazka bat ere sortu zuen, eta Urnietako eta Irungo batez besteko denborak handiagoak zergatik ziren ikusteko ikerketa bat abiarazi zuen Jaurlaritzak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.