Metroaren obrak, kexa iturri

Metroaren obrak, kexa iturri

Miren Garate

Donostiako metroa egiteko lanek hondeamakinaz, zulagailuz eta hesiz bete dute hiriko paisaia. Zerbitzua 2022. urterako jarri nahi dute martxan, eta, agintariek orain arte esan dutenez, kalkulatutako erritmoan ari dira lanean. Alabaina, Donostian era guztietako kexak izan dira obra horien harira.

Otsailean, adibidez, lo egiteko egundoko arazoak zituztela salatu zuten Amara Zaharra auzoko bizilagunek. Zaratagatik. Jakinarazi zuten une batzuetan 60 dezibel ere erregistratu zituztela beren etxeetan. Kutsadura akustikoa arautzen duen udal ordenantzaren arabera, 22:00etatik aurrera zaratak ezin du gainditu 30 dezibeleko maila. Egoeraren eraginez, antsietatea, loaren nahasmendua, buruko mina eta abar jasaten ari zirela azaldu zuten bizilagunek. Alabaina, zenbait aste iraun behar izan zuen haien haserreak, ETS Euskal Trenbidea Sareak ez baitzituen berehala geratu gaueko lanak.

Azaroan, berriz, luizi bat gertatu zen Donostiako Antigua auzoko mendi magal batean. Zarautz kaleko bi etxabetan sartu zen lurra, eta zazpi bizilagun etxetik aterarazi behar izan zituzten. ETS enpresaren esanetan, luiziak ez zuen zerikusirik izan metroaren obrekin. Udaleko Hirigintza Saileko zerbitzu teknikoek egindako lehen txostenaren arabera ere, itxuraz, aurreko egunetan izandako eurite handiek eragin zuten ezbeharra, nahiz eta txosten geologiko bat egitea ere aholkatzen zuen, gertatutakoaren xehetasun gehiago eduki ahal izateko. Satorralaia elkarteak salatu zuen Donostiako Udalak aurkeztutako atariko txosten horrek ez zuela sinesgarritasunik. Kaltetutako harresiak ehun urte baino gehiago dituela esan zuen, eta metroaren lanekin hasi arte ez zela halako arazorik izan nabarmendu.

Horrez gain, metroko lanen “urraketa larriengatik” ere jarri du salaketa Satorralaiak. Uste du eraikuntza lanetan ez direla ari betetzen arauak eta gomendioak; ez tuneletako segurtasunean, ez larrialdi irteerei dagokienez, ez eta elbarriak ebakuatzeko baldintzetan ere. Salaketa onartu egin zuen Gipuzkoako Fiskaltzak, eta azpiegituraren eraikuntza lanak ikertzen ari da.

Aldaketak trafikoan

Trafikoan ere igartzen dira dagoeneko obren eraginak, baina datorren urteak eragiten du, batik bat, kezka. Otsailetik aurrera, San Martin kaleak bide bakarra izango du Urbieta eta Hondarribia kaleen artean, eta garraio publikoko ibilgailuek, larrialdikoek, taxiek eta motorrek bakarrik izango dute handik pasatzeko aukera. Uztailean, berriz, erabat itxiko dute kale hori: kalkuluen arabera, urtebeterako. Easo kaletik desbideratuko dute trafikoa Askatasunaren hiribidera, eta han jarriko dituzte San Martin kaleko geltokiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.