Txapela, lehengo buruan

Txapela, lehengo buruan

Miren Garate

“Bertso eskola bukatzean/ nor egoten zen gure zai?/ Gaixo geundenean nor zen/ min denak goxatzeko gai?/ Guk festa egin genezan/ nork ez zuen egiten jai?/ Ta nork eraman gintuen/ sabel barruan bi anai?/ Nahiz ta igual ez zenuen/ gaur protagonismorik nahi/ ama hau zuri eskaini/ gabe ez nengoke lasai/ Xabierren semea naiz/ ta Pilirena ere bai”. Txapela jantzi berritan, eskaintza hori egin zuen Beñat Gaztelumendik abenduaren 14an. Bigarren aldiz jarraian irabazi zuen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, eta hunkigarria izan zen finalaren amaiera, Xabier Gaztelumendi aitak jarri ziolako txapela irabazleari; hain zuzen, Bertsozale Elkarteak huraxe aukeratu zuen aurrez zeregin horretarako, bertsolaritzaren alde urteetan isilpean egindako lana eskertu nahi ziolako.

Gaztelumendiren atzetik, hurrenez hurren, ondorengo bertsolariak sailkatu ziren: Agin Laburu, Alaia Martin, Nerea Elustondo, Oihana Iguaran, Ane Labaka, Beñat Lizaso eta Jon Maia. Hain zuzen, Labururekin jokatu zuen buruz burukoa Gaztelumendik, eta justu-justu, puntu bakarrarengatik geratu zen kanpoan Martin. Umorezko gaietan eta gai serioagoetan asmatu zuten bertsolariek, eta ederra izan zen Illunben jokatutako saioa. Lehen aldiz, parekidea izan zen finala Gipuzkoan, lau emakume eta lau gizonezko aritu baitziren kantuan, nahiz eta txapelketako partaide guztiak kontuan hartuta, gizonezkoak askoz gehiago izan. Hiru bertsolarirentzat lehen finala izan zen: Nerea Elustondorentzat, Oihana Iguaranentzat eta Beñat Lizasorentzat. Beste datu bat: orain arteko finalik zaharrenetako bat izan zen: 34,1 urteko batez besteko adina zuten bertsolariek.

Oñatitik Donostiara

Illunbeko saioarekin amaitu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, baina aurrez bide luzea egin zuen. Bertsolari gehienek Gipuzkoa Bertsotan atariko kanporaketa jokatu behar izan zuten maiatzean txapelketara sailkatu ahal izateko. 84 lagunek eman zuten izena fase horretan, eta 34k egin zuten aurrera. Horiekin eta 2015eko txapelketan izandako emaitzei esker sailkatuta zeudenekin abiatu zen txapelketa, irailean.

Oñatin jokatu zuten azken faseko lehen saioa, eta Donostiako Illunbera iritsi bitartean, Villabona-Amasa, Ordizia, Zumaia, Zumarraga-Urretxu, Elgoibar, Lasarte-Oria, Andoain, Irun, Eibar, Azpeitia, Azkoitia, Arrasate, Oiartzun eta Tolosa izan zituen geltoki. Zazpi final-zortziren, bost final-laurden, hiru finalaurreko eta finala izan dira guztira. Bertsolariak ez ezik, baina, beharrezkoak izaten dira gai jartzaileak eta epaileak ere txapelketa egin ahal izateko. Hala, hamabost lagun aritu dira gai jartzaileen taldean, eta hamasei epaileenean. Idazkari lanak egin dituzte beste lau lagunek saioz saio. Nabarmentzekoa izan da publikoak emandako erantzuna: saio ia guztietan goraino bete dira aretoak, eta zenbaitetan egunean bertan ireki ere ez dituzte egin leihatilak, sarrera guztiak amaituta zeudelako aurrez. Finalean, 6.000 lagun baino gehiago izan ziren.

Aurten, hain justu, ehun urte bete dira Pello Errota bertsolari asteasuarra hil zela. Hori dela eta, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak keinu txiki bat egin zien Pello Errota eta Mikaela Elizegi bertsolariei, eta txapelketako sintonia eta irudia sortzeko abiapuntu gisa hartu zuen urteurrena. Don Inorrez musikariak egin zuen sintonia.

Leave a Reply

Your email address will not be published.