Astoen erreinuan, Joxpi errege

Astoen erreinuan, Joxpi errege

Aimar Maiz

Astoari buruz zabaldutako topiko guztiak hankaz gora uzten ditu Joxpi Intxausti astozale lazkaotarrak. “Astoa zaldia baino azkarragoa da. Nire autoa urrutira ezagutzen dute”. Egoskor fama ere berehala kendu die Intxaustik: “Egoskorrak gu gara. Astoak belarria ukitzen ez dizu uzten, baina txikitatik laztan eta hazka pixka bat eginez ohitzen baduzu, segituko dizu”.

Astozaletasun kutsakorra du Intxaustik. Lazkaon orain dela 25 urte hasi ziren bertako asto espeziea —Enkarterrikoa deitua— leheneratzeko lanean. Gipuzkoako Astozale Elkartea (Giasel) sortu zuten orduan, eta haren abaroan jarraitzen dute astoak hazten eta hurrengo belaunaldiei animalia horren inguruko miresmena transmititzen.

Umetan, Zaldibiako aitona-amonen baserrian ezagutu zuen Intxaustik astoaren kultua. “Goizean aurrena lanak egin, eta gero kalera enkargutara eramaten zuten astoa. Gauean ere lanean bukatzen zuen hark eguna, eta behiek utzitako hondarrak bakarrik jaten zituen, besterik ez”.

Geroztik, auto-mekanikari lanetik erretiroa garaia baino lehen hartu behar izan zuen arte, ez zioten aparteko interesik sortzen. “Astotxo Eguna zela-eta hasi ziren beste batzuk lanean; ez zegoela astorik, arraza bukatzen ari zela, eta zer edo zer egin beharra zegoela ikusi zuten. Zerbait egiteko ilusioarekin ikusi nituen gazteak, eta poza eman zidan. Saltsan sartu, eta ordutik hor nabil ni ere”.

Olaberriko Udalak utzitako 46.000 metro koadroko baso sail batean edukitzen dituzte astoak neguan, Ihurre auzoan. Estalpe eta guzti, jana nahikoa dutela, goxo eta eroso dauzkate hamasei bat buru. “Lanik ez dute egiten. Pentsua, belarra eta lastoa jaten dute. Egunero egiten diet buelta bat, bi igual. Eta gustura”.

Udan, berriz, eskabidea toki askotatik izaten dute Joxpiren eta haren lagunen animaliek. “Mila asto baneuzka, milarentzat lekua izango nuke. Zelaiak eta sailak garbitzeko eskatzen digute baserrietatik. Eskari handia dago. Garbitzen onak dira. Hori bai, terrenoak ondo itxita egon behar du; bestela, onena jan eta alde egiten dute, guk bezala”.

Gogoan du behin asto talde batek tren zerbitzua eten zuela, Gabiria parean, trenbidera irtenda. “Horrelako errealdiren bat ere ematen dute. Hala ere, isunik ez zen iritsi, eta gaitz erdi…”. Bestela, Gabon garaian Olentzeroren etorreretarako ere herri askotatik eskatzen dizkiote astoak Intxaustiri. “Segurara, Idiazabalera, Lazkaora, Urnietara… eraman ditugu azkenak; Donostiara ez: han ez dute nahi astorik”.

Jarrerekin kezkatuta

Izan ere, azken urteetan, “halako korronte animalista batek” astozaleei oztopoak jarri dizkiela azaldu du Intxaustik, ustezko “esplotazioa” egotzita. Goibeldu, kezkatu eta etorkizunerako kopeta belztu dio jarrera horrek. “Ez dakit nora iritsi behar dugun; izugarrizko pena ematen dit. Alde batera, leku askotan ganadua dagoen bezala ere ezin da onartu; gaizki kasu eginda ere edukitzen dituzte, eta ondo jartzeko eskatu behar zaie. Baina, bestetik, ez da bidezkoa denoi animaliekiko tratu txarrak egoztea. Gu laguntzen ari gara, ez ditugu txorizoak egiten hauekin. Pixka bat aldatu beharko dute mentalitate hori”.

Azken urteotan salaketak ere jaso dituzte, haurrak paseatzeko jarritako astoa eta gurdia kalean erretratatuta. “Ez diot tankerarik ematen”, dio. Asto karrerak jada desagertu dira. “Baina umeekin ere ezin dira erabili? Hoztu egin da giroa”, deitoratu du.

Azoka giroan ere garai hobeak ezagutua da Intxausti. Zumarragako Santa Lutzi feriara eta Itziarko feriara joan ohi dira Lazkaoko astozaleak. “Aurten ez dugu salmentarik batere egin. Joan eta gosaldu. Iaz, bost astorekin joan eta seirekin etorri ginen; saldu beharrean, erosita. Baina feria txarrik ez da tratua egiten bada. Orain, feria gero eta gutxiago daude, eta ez da saltzen. Iruñean, sanferminetan, bai, baina sanmigeletan lehen izugarri feria ona egiten zen, eta orain ezer ez. Tafallan ere ez… Ez dago girorik: denak jaitsi dira”.

Jarraitzeko animoa eta gogoa sobran ditu, ordea; babesa, laguntza eta lanerako indarra ere jasotzen ditu. Bilobei sartu die astoen inguruko harra. Oztopo batzuk arintzea ere eskatu du, garraiorako eskakizun estuak arinduz edo gurdia desinfektatzeko zerbitzua eta albaitari kontrola gertuago jarriz —Martuteneraino joan beharra daukate, Donostiara—. Etzi Lazkaon ikusi ahal izango dira Gipuzkoako astorik onenak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.