“Gaixoen kasuan, jarduera fisikoa bezain garrantzitsua da motibazioa”

“Gaixoen kasuan, jarduera fisikoa bezain garrantzitsua da motibazioa”

Hegoi Belategi

Ongi baino hobeto ezagutzen dituen bi esparru uztartzeagatik saritu dute Ane Arbillaga Etxarri (Pasai Donibane, 1986): fisioterapia eta kirola. Joan den abenduaren 16an jaso zuen saria Pasaiako ikerlari eta irakasleak, Euskadiko V. Fisioterapia Saria ikerketa sailean; aitorpena egin diote 2014an hasitako bideari. Lortu duena ez da hutsala, BGBK biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoaren ondorioak arintzea lortu baitute Arbillagak eta bere lantaldeak.

Hilabete pasatxo da saria jaso zenuela. Espero zenuen halako sari bat jasotzea?

Ez. Ez da ohikoa sari bat jasotzea, baina, noski, oso pozik nago lortutakoagatik. Harritu egin nau albisteak izan duen oihartzunak, sare sozialetan izan duenak, batez ere. Pertsona askoren esker ona eta babesa jaso ditut. Asko eskertzen dizkiet zorion hitz horiek.

Zuen lanaren helburua da ariketa fisikoaren bidez BGBK pairatzen duten gaixoen bizi kalitatea hobetzea, ezta?

BGBK biriketako gaixotasun kronikorik ohikoenetako bat da. Gaitasun fisikoaren galera azkarra da gaitz horren ondorio nagusia. Gure ikerketaren xedea da galera etetea edo ahalik eta gehien moteltzea; finean, gaixotasun kronikoaren ondorioak samurtzea. Frogatuta dago jarduera fisiko on batek oso eragin positiboa duela BGBKren iragarpenean.

Urban Training [hiriko entrenamendua] programaren barruan dago nire lana. Izenak argi dioen bezala, kirola eta inguru urbanoak uztartzen dituen programa bat da. Guk nahi izan duguna zera da, pazienteak etxetik gertu dituzten elementuez baliatzea entrenatzeko eta jarduera fisikoa sustatzeko. Pazienteen testuingurua aintzat hartuta, oinez egiteko hiru zirkuitu diseinatu genituen: berdeak, laranjak eta gorriak. Zirkuitu berdeak lauak dira ibilbide osoan; hau da, ez dago inolako oztoporik. Laranjek hainbat aldapa edo eskailera dituzte. Eta gorrietan zailtasun handiagoa dute malda eta eskailera horiek. Edozeinek kalean bertan egin ditzakeen jarduera fisikoak dira. Baina ohartu ginen motibazioa jarduera fisikoa bera bezain garrantzitsua dela, motibaziorik gabe jendeak ez baitu kirolik egiten.

Gaixoen osasunaz gain, aldagai sozialak eta ekonomikoak ere aintzat hartu dituzue.

Kirola egitearen onurak ukaezinak dira, baina motibazioa behar da jarduera fisikoa egiteko. Osasunarekin lotuta dauden jarrerak norberaren motibazioarekin, bizimoduarekin eta bizipenekin lotuta daude. Hamarkadak igaro ditugu BGBK duten gaixoei kirola egin behar dutela esanez, kasik inposatzen. Baina pazientearen testuingurua ahazten dugu sarritan. Enpatia handiagoarekin tratatzen baditugu, hobeto ulertuko ditugu, eta horrekin batera gaixoari buruzko informazio gehiago lortuko dugu. Lehenik eta behin, gaixoaren egoera ezagutu behar dugu jarduera eraginkorra izan ahal izateko. Ez da berdin Larratxoko [Donostia] dorre batean bizitzea edo Zarauzko itsas pasealekuan. Leku batek besteak baino gogo eta erraztasun handiagoak ematen ditu oinez ibiltzeko.

Familiak eta ingurukoek ere eragin handia dute; badakigu txakurra edo bilobak dituzten pertsonek, zainketaren ondorioz, jarduera fisiko handiagoa egiten dutela. Beraz, bai, aldagai psikosoziobiologikoek zerikusi handia dute, eta aintzat hartu behar dira pazienteei pauta zehatz batzuk agindu baino lehen.

Zer da BGBK, eta zer profil dute gaixoek?

Esan bezala, BGBK biriketako gaixotasun kroniko ohikoenetako bat da; mundu osoan zabalduta dago, eta gure inguruan tabakismoari lotuta dago bereziki. Nahiko gaitz berezia da, denbora tarte luzea baitago arrisku faktoreen eta sintomen artean. Oso gaztetan has gaitezke arrisku faktoreak hartzen, baina baliteke bi hamarkada geroago agertzea ondorioak. BGBK 45 urtetik gorako pertsonen artean garatzen da batez ere. Ordurako urte askoz erretzaile izan direnek ondorio larriagoak pairatuko dituzte, birikek arnastutako produktu toxiko guztiak direla eta. BGBK, gainera, progresiboa da, eta okerrera egiten du, gaixoen bizi kalitatea nabarmen okertuz. Ondorio nagusiak dira itotze sentsazioa nahiz mukiak izateko eta katarroa harrapatzeko erraztasun handiagoa. Gaixotasunaren garapena moteltzeko bi modu daude egun: sendagaiak eta ariketa fisikoa. BGBK eteterik ez dago, baina berezko egoeran manten daiteke.

Tabakismoaz gain, ba al dago beste arrisku faktorerik?

Jakina baietz. Gure inguruan kutsadura da beste arrisku faktoreetako bat. Zer esan nahi du horrek? BGBK saihestu daitekeen gaixotasuna dela. Hau da, tabakoaren kontsumoa eta ahal den heinean kutsadura ekiditen badira, BGBK eta haren ondorioak pairatzeko aukerak murriztu egiten dira. Neurri batean, bizimoduari lotutako gaitza da; gure inguruan bai, gutxienez. Hala ere, badira beste arrisku faktore batzuk: produktu kimikoekin lan egitea edo material hauskorrak kudeatzea, esaterako. Faktore horiek langileei kalte egiten diete; industriako langileei edo meatzariei, esaterako. Mendebaldeko herrialdeetatik kanpo, egoera bestelakoa da, arrisku faktoreak ezin baitira bizimodutik banandu. Afrikako eta Amerikako herrialde askotan, adibidez, egurra erretzen dute etxea berotzeko eta kozinatzeko.

Frogatu duzue zuen programak emaitza positiboak ematen dituela hamabi hilabetean, ezta?

Gu bakarrik izan gara gai hamabi hilabetean BGBKren garapena mantentzeko edo moteltzeko. Akaso garrantzitsuena da programan parte hartu dutenak urte oso batez eskatutako pautak betetzeko gai izan direla. Pentsa daiteke, gainera, askok haien kabuz jarraituko dutela jarduera fisikoa egiten, emaitza positiboak antzeman dituztelako. Esan bezala, gaixoarekin motibazioa lantzea oso garrantzitsua da eskatutako ariketak arduraz egin ditzan. Baina motibazioa soilik ez da nahikoa. Gaixoari jarraipena egin behar zaio, eta laguntza eskaini behar zaio prozesu guztian. Baliabide gisa, podometro bat jaso zuten, adibidez, eta egunero emandako pausoak egutegi batean idazteko eskatu genien, helburu argi batekin: egunero pauso kopuru berbera edo zertxobait gehiago ematea. Zirkuituak norberaren maila, osasun eta bizilekuaren araberakoak direnez, parte hartzaileak ongi egokitu dira eskatutako ariketa fisikora.

Azalpenen arabera, badirudi kirolari baten entrenamenduak antolatzearen antzekoa dela zuen jarduna, ezta?

Hala da, bai. Oso garrantzitsua da pizgarri bezala balioko duen helburu bat izatea. Hala ere, erronka nagusia da zer pizgarri aukeratu eta noiz proposatu jakitea. Jarraipenik egiten ez badugu, pazienteek kirola egiteari uzten diote, eta, zorrotzegi jokatzen badugu, estresatu eta programa uzten du jendeak. Oreka topatu behar dugu, jendeak ariketa fisikoa gustura egin dezan. Gure kasuan, gakoa izan da entrenamenduak tokiko testuingurura egokitu ditugula; norberak bere etxetik gertu oinez egin ditzakeen doako ibilbideak dira guztiak. Hori da mugarri nagusia hemen. Ziur asko programa honek ez zuen eragin berbera izango Siberian.

Dena dela, aipatu beharra dago jarduera fisikoan oinarritutako programa hau egokia izan daitekeela beste gaitz batzuk pairatzen dituzten gaixoentzat. BGBKz gain, minbizia, diabetesa, obesitatea edo edozein gaitz kroniko duen paziente batentzat onurak ekar ditzakeela uste dugu. Gaur-gaurkoz, ez dakigu zenbateko eragina izango lukeen, ez baita ikertu. Baina zirkuituak sinpleak dira, eta ahul dagoen edozeinek egiteko diseinatuta daude; alegia, ahultasun horri aurre egiteko egokituta daude. Gauza handirik egin gabe, programak nabarmen hobetu du BGBK duten pertsonen bizi kalitatea. Emaitza horiek ikusita, beste gaixotasunekin ere saiatzea gustatuko litzaiguke.

Eta zer diote programan parte hartu duten gaixoek?

Ikerketa egiteko ez ditugu gaixoen iritziak jaso, hasierako eta amaierako aldagaiak neurtu baititugu. Baina 0tik 10erako galdeketa bat osatzeko eskatu genien, eta emaitzak oso positiboak izan dira. Podometroak, zirkuituak eta jarduera fisikoen egutegia bereziki ongi baloratu dituzte. Hala ere, badira kritikatu dituzten gauzak. Hilean behin laguntzaile batekin taldekako saioak eskaintzen genituen, eta nahiko balorazio txarra jaso du horrek. Badakigu hemendik aurrera ez dugula zerbitzu hori eskainiko.

Donostian jarduten duzu gaur egun, baina ikerketaren zatirik handiena Bartzelonan egin zenuen. Zergatik?

Bartzelonan hasi nintzelako lanean. 17-18 urte nituela, Bartzelonara joan nintzen ikastera. Jarraian, Pediatria graduondokoa eta Arnasketa Medikuntzako masterra ikasi nituen, eta, amaitzeko, doktoretza tesia hasi nuen, proiektu honekin. Kataluniako pazienteek parte hartu dute ikerketan, eta guztira bost ospitalek, lehen arretako 33 zentrok eta hamasei sendagilek bat egin zuten Urban Training programarekin. Doktoretzako azken urtean, baina, burua pixka bat galdu eta etxera itzuli nahi nuela erabaki nuen. Gaur egun, Deustuko Unibertsitatean egiten dut lan, irakasle eta ikerlari gisa. Baina Katalunian garatu dugu proiektua bera.

Zure ikerketak beste batzuei bidea irekiko diela uste duzu?

Bai. Edo beste modu batean lan egiteko aukera emango du, behintzat. Urban Training programak ospitaletik ateratzeko aukera eman digu. Orain arte, ospitalean oinarrituta zeuden pazienteen jarduera fisikoa sustatu eta lantzeko ariketa guztiak. Hortaz, ordurako oso gaixo zeuden pertsonekin egiten zen lan, eta horrek asko mugatzen ditu kirolean oinarritzen diren tratamenduak. Eraginkorrak izan daitezen, beharrezkoa da prebentzioan sakontzea. Hori da, hain zuzen, lehen arretako zerbitzuek eman diguten aukera. Tratamenduek fase goiztiarretan dute arrakastarik handiena, eta, era berean, ikerlariok fase horietan lortzen dugu informaziorik garrantzitsuena.

Apurka-apurka, bide arrakastatsua egiten ari zara ikerketa arloan. Inoiz egin duzu talka kristalezko sabaiarekin?

Egon badago sabai hori. Nik jarduten dudan mailan emakume ugari dago; nire doktoretza tesiaren zuzendaria emakumea da, eta ikerketa taldeko kide guztiak, bat izan ezik, emakumeak dira. Baina egia da goiko postuetan daudenak, boteredunak, gizonezkoak direla. Emakume asko dago zientzia arloan, baina oinarrian batez ere. Gora iristeko zailtasun handiak topatzen ditugu emakumeok. Baten batek lortzen du, baina errealitatea da emakume gutxi daudela aginte postuetan.

Niri asko falta zait maila horretara iristeko, baina dagoeneko nabaritu dut, pauso hori ematekotan, mugak topatuko ditudala bidean. Fisioterapia Batzar Nazionalean izan nintzen duela pare bat hilabete, eta gizonezkoak ziren mahai inguru nagusian parte hartu zuten hizlari guztiak. Gaur egun, ordea, emakumeak dira fisioterapia ikasleen %60-70.

Gero eta emakume gehiago zarete, baina hori zergatik ez da islatzen aginte postuetan?

Boterea duenak beti izango du baliabide gehiago proiektu bat aurrera eramateko eta inguruan talde bat osatzeko, eta zaila da boterea duenak aukera horiei uko egitea. Hala ere, nire ustez aldaketa iristen ari da, eta geldiezina izango da. Urteak pasatuko dira, eta asko egin beharko da oraindik, baina denbora kontua besterik ez da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.