Harria bezain aurkari gogorra

Harria bezain aurkari gogorra

Aitziber Arzallus

Urteari bukaera dotorea eman diote Aimar Irigoienek (Errezil, 1986) eta Mikel Lopetegi Urra-k (Zarautz, 1997). Harri handietan nagusi da errezildarra, eta halaxe erakutsi zuen abenduaren 7an Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, hamargarrenez Harri Handien Euskadiko Txapelketa irabazita —Gipuzkoako txapelduna ere bada—. Abenduaren 22an, berriz, Asteasuko Usarrabi frontoian egin zuen erakustaldia, harri-jasotzearen Olinpiar Jokoak deiturikoetan. Irigoienek eman zizkion altxaldi gehien 200 kiloko harri errektangularrari —hamazazpi altxaldi hiru minutuko bi txandatan—, eta urteko bosgarren txapela erdietsi zuen horrela. Lopetegik ere Asteasuko pilotalekuan jarri zion urteari ginga, baina Urtezahar egunean. Gabonetako Harri-jasotzaileen Txapelketa irabazi zuen zarauztarrak, baita marka berria jarri ere. Horri esker, bere pisua (99,1 kilo) ardotan jaso zuen Arabako Errioxako upategi baten eskutik.

Urte berrian sartuta, bi harri-jasotzaileek tartea hartu dute iazkoaren balorazioa egiteko. Irigoienek uste du “oso urte ona” izan dela berea: “Egin ditudan entrenamenduak kontuan hartuta, oso pozik nago lortu ditudan emaitzekin”. Hamar txapelketatan parte hartu du errezildarrak, eta horietatik bost irabazi ditu, bitan gelditu da bigarren, beste bitan hirugarren eta behin azken. “2020rako ere hartuko nituzke emaitza horien parekoak. Gainera, txapelketa batean parte hartzen duzunean, dena ez da izaten irabaztea edo galtzea”, zehaztu du. Etxean egindako lana plazan erakusten duen egunetan gustura gelditzen dela dio, nahiz eta beti ez irabazi. Azkenaldian, ordea, nahi baino gutxiago jardun du etxean. “Lehengoaren erdirik ere ez dut entrenatzen orain, baina plazara ateratakoan lehengo neurrietan ibili nahi izaten dugu”.

Baina badaki ezinezkoa dela hori. “Behar bezala prestatu gabe aritzeak nahi eta ezina ekartzen du. Gorputzak ez du berdin erantzuten, ematen diogun jipoia bikoitza izaten da, eta lesio arriskua askoz handiagoa izaten da”. Horregatik, helburu bakarra du 2020rako: “Denbora ateratzea gehixeago prestatzeko”. Bai baitaki ondo prestatuz gero emaitzak etorriko direla.

Eta beharko prestatu, atzetik zer-nolako kirolariak datozen ikusita. Lopetegi da adibide bat. Harri txikiekin ibiltzen da zarauztarra, eta, 22 urterekin, bigarrenez jantzi du Euskadiko txapela. Irigoien bederatzi alditan izana da txapelduna, baina azken bi urteotan ezin izan dio irabazi Lopetegiri. Eta beste horrenbeste gertatu da Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketan ere, 2019an zarauztarrak jantzi baitu txapela, lehen aldiz, marka berriarekin, gainera. “Urte biribila” izan dela ziurtatu du protagonistak. “Txapelketa garrantzitsuenetan edo nik mimoz prestatu ditudanetan, emaitza onak lortu ditut; irabazi edo postu onetan bukatu ditut, eta oso pozik nago”. Poza garaipen guztiek eman dioten arren, bat aukeratzekotan Harri Txikien Gipuzkoako Txapelketa aukeratuko lukeela aitortu du, “sentipen onenak” orduan izan zituelako.

Lopetegi bultzaka ari zaionaren presiorik sentitzen duen galdetuta, argi dio Irigoienek: “Bultzaka ez da ari, hura jada aurrera pasatuta dago, eta koska bat aurretik doa, gainera. Beste maila batean dago hura”. Zarauztarra ez da iritzi berekoa. “Berak agian hori pentsatuko du, baina nik ez dut uste horrela denik. Bera hor dago, eta gure artean ia ez dago alderik”. Datozen txapelketetan edozer gerta litekeela iritzi dio. “Harri txikietako txapelketetan ibiltzen ditugun harri horiekin oso pareko gabiltza Aimar eta biok, oso alde txikia dago bion artean. Azken bi urteetan Euskadikoa irabaztea egokitu zait, baina edozeinek irabaz dezake aurten”.

Harri txikiekin bakarrik

Dena dela, ez dio erraz jarriko errezildarrari. “Iraetako Errota Harri Txapelketa daukagu orain, eta lasai antzean ibiliko naiz handik aurrera. Beste txapelketetan ere parte hartuko dut, baina Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketetarako ondo prestatzea da nire aurtengo helburua”. Berean jarraituko du zarauztarrak, harri txikietan nagusiki. “200 kiloko harri horiek ez ditut egokiak ikusten nire gorputzarentzako, handiegiak iruditzen zaizkit, eta lesioren baterako bidea izango lirateke”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.