Herritarrek egindako lehenengo harrera

Herritarrek egindako lehenengo harrera

Beñat Alberdi

Luze idatzi da errefuxiatuen gaiari buruz. Izan Grezian dauden kanpamentuen egoerari buruz edo izan Mediterraneoa gurutzatzeak sortu dituen ondorioez. Eta Gipuzkoan ere sortu da mugimendua, Irungo muga administratiboa gainditzeak aterpetuei sortu dizkien arazoengatik, batez ere. Baina Gipuzkoan bertan badaude bestelako kasuak ere. Besteak beste, Oñatin 2018ko urrian zabaldu zuten asilo eskaera egin dutenentzako harrera etxea, baina herritarrek emandako erantzunagatik da kasua berezia.

Oñatin Larraña etxea izendatu dute harrerarako egoitza gisa, eta, Eusko Jaurlaritzak finantzatu arren, EAEko CEAR errefuxiatuei laguntzeko batzordeak kudeatzen du. Asiloa eskatu duten herritarren lehen harrera etxe gisa funtzionatzen du Larraña etxeak. Hau da, eskaera bideratu bitartean, aterpea eskaintzen diete migratzaileei; Espainiako Estatuko babes sisteman sartzea izaten dute azken helburua. Eskatzaileek hiru hilabete igaro ditzakete harrera etxe horretan, baina denbora tarte hori aldatu egiten da kasu bakoitzaren arabera. Ehun pertsonarentzako lekua dauka Oñatiko harrera etxe horrek.

Lehen urratsak

Proiektuaren berri Bilboko eragileen bitartez jakin zutela nabarmendu du Edurne Saezek, Oñati Harrera Herria taldeko kideak eta ekimenaren sustatzaileetako batek. Euskal Autonomia Erkidegora iristen diren migratzaile gehienei Bilbon egiten diete lehen harrera. Hainbat urtez iheskarien alde lanean dihardu Saezek, eta hortik sortu zen harremana. Martxan zen proiektuaren berri izateaz gain, migratzaile horiek Oñatira noiz helduko ziren ere zehaztu zuten. Ongietorria definitzea izan zen lehen urratsa.

“Ez genuen aparteko ezer prestatu: txistulari bat eta dantzariak bakarrik lotu genituen”, argitu du Saezek. Erakundeetatik, dena den, ezer ez egiteko eskaera jaso zuten, migratzaileetako asko iritsi berriak zirelako. “Bilboko kideek esanda, nik banekien migratzaile horiek zer egoeratan zeuden, eta nahiago nuen haiei sinetsi”. Berrehun bat lagunek egin zieten harrera Sahara hegoaldeko 37 migratzaileri, eta orduan hasi ziren gerorako oinarriak jartzen. Esker ona agertzeko asmoz, Txoria txori kantua abestu zuten migratzaileek.

Errealitate berrira egokitzen hasteko bilera ireki batera deitu zuten ondoren; harrera egokia egiteko zer presta zezaketen erabakitzea zen erronka. Bi puntu adostu zituzten: herrian integra zitezen sustatzea, batetik, eta hizkuntza irakastea, bestetik. “Harrera etxean oinarrizko beharrizanak asetzen dizkiete, hala nola lotarako lekua izatea eta jaten ematea”, zehaztu du Saezek. “Eta hortik kanpoko beharrak asetzen saiatu gara gu”. Helburu orokorrak zehazteaz gain, migratzaileei zer eskain ziezaieketen ere aztertu zuten bilera horretan, eta hurrengo urratsetarako 64 pertsonako taldea osatu zuten; Whatsapp taldea ere sortu zuten.

Hizkuntzarena zen helburu nagusietako bat. Sahara hegoaldekoak izanik, frantsesa menderatzen zuten gehienek; ez, ordea, gaztelania. Beraz, espainiera eta frantsesa zekitenak elkartuta, hizkuntza klaseak eskaini zizkieten. Baina, hizkuntzaz harago, bestelako klaseak ere antolatu zituzten: informatika, adibidez. Osakidetzatik jaso zituzten ordenagailuak migratzaileek, arlo horretan lehen pausoak emateko.

Integraziorako, Oñatin egin zituzten bi ekinaldi dira azpimarragarrienak: batetik, futbol talde bat sortzea, entrenamendu eta guzti, eta oraindik bizirik dirau proiektu horrek. Herrian txapelketa bat antolatzen dute urtero, kuadrillen artean, eta bertan parte hartzen du talde horrek. Aloña Mendi futbol taldeak bideratu zizkien arropak, eta herritarrek futbolerako zapatilak. Bestalde, Oñati ingurua ezagutzeko txangoak prestatu zituen Oñatiko Natur Eskolak.

Egoeraren aldaketa

Larraña etxeak zabalik jarraitzen du oraindik, baina aldatu egin da han bizi direnen profila. Hasieran, Sahara hegoaldekoak ziren aterpea jasotzen zuten gehienak, 20 eta 30 urte artekoak. Eta egun, profil hori mantentzen den arren, Hego Ameriketako familiak nagusitzen ari dira pixkanaka. “Ez da kontuan hartzen paterarik handiena Madrilgo aireportua dela”, nabarmendu du Saezek.

Hizkuntza ikasteko beharrik ez dauka profil berriak, eta, aurrekoekin alderatuta, interesak ere bestelakoak dira. Orain arteko zerbitzuek ez dute jarraitzen indarrean, nahiz eta Saezek zalantzan jarri duen horretarako arrazoia zein den: “Informatika klaserik, adibidez, ez dugu ematen jada. Baina ez dakigu errefuxiatuek ez duten nahi edo ez dituzten horretara bideratzen. Ez dugu uste gurekin harremana sustatu nahi dutenik”.

Hasierako aterpetuak mugitu egin dira jada, baina badira Oñatin bertan edo inguruan gelditzea erabaki dutenak, herritarren ekimenez sortutako harremanak direla medio. Bidea egiten ari dira pixkanaka.

Leave a Reply

Your email address will not be published.