Apartamentua ez da bide bakarra

Danel Agirre

Lehengo batean Azpeititik pasatu nintzen aspaldiko partez, eta tankera xelebretu samarra hartu nion: salerosketan topatutako tratante bakarretakoak gazte komunistak ziren. Plazan taberna —atsegin askoa, bide batez— zabaldu dute materialista historikoek, behingoz herrikoek Amstela edanez DV lasai irakurri ahal dezaten. Bete-betean asmatu dute Perestroikarekin, eta dena emanda dabiltza, baina salbuespena ere badira, bisitari despistatuaren begietara, behintzat. Erdigunean lokal mordoxka ikusi nuen alokagai, eta zabalik zeuden beste hainbati pertsiana laster bota beharko diotenaren traza nabari zitzaien (gehiegi tronpatu gabe usaindu ahal da hori).

Kaleko merkataritzaren hileta igaro da, dagoeneko, eta lur-ematea bihar arratsalderako dago iragarrita. Guztia sarean eskatu beharra inork baino gehiago pairatzen ari gara egongelatik lan egiten dugunok. Izan ere, paketeria enpresen doako azpikontrata bilakatu gaituzte, halabeharrez. Banatzaile koitaduei beti bertan gaudenon tinbreak memorizatzea beste erremediorik ez zaie geratu, lanorduetan etxean ez diren bizilagun guztien enkarguak gurean lagatzea mesedez eskatzeko. Erregu etsiak entzun eta faborea ukatuko duen amaren semerik ez dago, eta ate alboan Amazon, Zalando, H&M, Asos eta beste guztien dozena erdi fardeli tokia egin behar izaten diet egunero. Iluntzean blokekoen prozesioa hasten da, opari bila. Buzoian laga dieten papertxoaz gain, nortasun agiria ere erakutsi ohi didate batzuek badaezpada, beste norbaiten merkantzia lapurtzera ez datozela egiaztatzeko edo. Behin batek tarta puska bat ekarri zidan eskertza moduan.

Logistikaren kaos zentzugabe honek ez du luzaro iraungo, gainontzean nire gisako DHL eta UPSren behargin subsidiarioren batek atentatu suizida egiten bukatuko du multinazionalon zentralean. Ez harritu betiko arropa denda egon zen tokian Interneten erositako jantziak jasotzeko kutxa automatikoak ipintzen badituzte: gizakiak absurdorako joera du. Karriketako saltoki gehienak, ordea, hutsik geratuko dira, eta nola bete ahalko dituzten asmatu nahian ari dira oraintsu jabeak eta udaletako zinegotziak.

Turismoaren aldarean duintasun oro sakrifikatu duten kostako bazterretan irtenbide nagi samarra topatu diote fenomenoari. Donostiako Parte Zaharreko bainuontzirako gomazko ahateen dendarekin ziklo ekonomiko bat agortutzat eman zen, eta beste bati ekiteko okurritu zaien bide bakarra apartamentua da. Errespetatu beharreko arau bakarra dago, antza: ostatuari sweet, easy, beach, friends eta home hitzak konbinatuz izena ematea. Zarauzko Txiki-Politi ere jangela kentzekotan omen dira ohe gehiago jartzeko.

Gipuzkoaren salbamendua barnealdetik etorriko da; Isuok nik baino askoz lehenago antzeman zuen. Zorionez, Denis Itxasok ez du bisitariak Zumarraga edo Bergarara eramateko nahikoa talentu. Lurrazaleko metro koadro bakoitza apartamentu turistiko bihurtzeko aukerarik gabe, bailaretan hamarkadak dituzte hustutako espazioekin zer egin imajinatzeko. Alkateak pragmatikoagoak dira, eta lokalak amenabartu eta etxebizitza arrunt moduan merkaturatu daitezen nahiko dute. Horrek ere ez luke hain traza txarrik. Ordenantzei erronka bota, sukaldeko aulkiak kale nagusira atera eta arratsaldeak berriketan pasatzeko egokiera legoke, adibidez. Azpeitiko gazte komunisten tabernarena baino askoz jarduera matxinoagoa.

Leave a Reply

Your email address will not be published.