Asier Serrano: “Nostalgiaren festa izatea nahi dugu, edo hala suertatu da”

Miren Garate

Abenduan jakinarazi zuten Mikel Gorosabel Norton musikariak eta Asier Serrano idazle eta musikariak Lorelei taldea berriz elkartuko zela. Lau kontzertuko bira egingo dute, Antxon Sarasua (baxua) eta Loiola Madera (bateria) lagun dituztela, eta horietako aurrena gaur bertan izango da, Andoaingo Bastero kulturgunean. Eibarkoa (otsailak 7), Zarauzkoa (otsailak 14) eta Lekeitiokoa (martxoak 27) etorriko dira gero. Eta akaso gehiago ere bai. Gogoratzeko baino gehiago, “sentsazioak berriz deskubritzeko kontzertuak” izango direla dio Serranok (Eibar, 1975).

Hogei urte dira Lorelei uztea erabaki zenutela. Zergatik erabaki duzue itzultzea?

Egunen batean berriro elkartuko ginela pentsatzen genuen, baina kontua atzeratzen joan gara. Nire kasuan, itzultzeko motibazioak oso pertsonalak izan dira. Urte nahiko gogorrak izan dira azkenak, eta iraganeko kontu horrekin, pixka bat arintzea edo denbora beste era batera distraitzea bilatzen nuen. Abendu partean Polonian jotzeko aukera suertatu zitzaigun Etxepare Institututik. Azkenean, ez genuen Loreleirekin joateko aukerarik izan, baina ideia hor egon zen, eta esan genuen: ‘Elkartzekotan, goazen bira txiki bat egitera, ez dadila gera kontzertu batean, eta izan dadila denbora despistatzeko kontu bat’.

Ikusten nuen orain zela garaia, hogeigarren urteurrenagatik, edo bestela arantza hori hor geratuko zela. Loreleirekin era arraroan despeditu ginen, arrazoirik eman gabe, eta iraganeko min horiek ere arindu nahi genituen.

Terapia moduko bat izango da, beraz, itzulera?

Asko kostatu zaigu erabakiak hartzea, eta ni izan naiz igual atzeratze horren elementua. Nire burua ez nuen prest ikusten. Tauletan egotea oso zaila egin izan zait, eta orain ikusten dut nire burua horretarako prest. Eszenarekin adiskidetzeko garaia heldu zaidala uste dut, eta elkartzea eta ilusio bat izatea terapia edo ukendu moduko bat izan da, bai.

Bi urteko etapa izan zuen Lorelei taldeak. Zein oroitzapen dituzu garai horretaz?

Diskogintza puri-purian zegoen garaia zen, eta musika banda asko ari ziren ateratzen, estilo ezberdinetakoak. Gure apustua mugimendu eta musika estilo horietatik nahiko aparte zegoen. Diskoetxeei eskaini genienean ere, ezezkoak jaso genituen, esan ziguten entzuleria ez zegoela prest edo hezita gurea bezalako proposamen arinak jasotzeko. Gaztelupeko Hotsak-ek egin zuen gure aldeko apustua, eta Bada hiri gorri bat diskoa kaleratu genuen. Guk urtebeteko iraupena eman nahi genion proiektuari; diskoak poesia liburuaren osagarria izan behar zuen, berez.

Arrakasta handia izan zuen lehen lan hark.

Eta, bat-batean, espero ez genuen oholtzetan aurkitu genuen geure burua: jaialdietan, festa giroan, txosna inguruan… Loreleik malgutasunez eutsi zion gau giroari, eta ikusi zuen bazuela lekua hor ere. Bi urte ibili ginen batera eta bestera, kontzertu asko eman genituen, baita udan ere. Berez, gure asmoa ez zen parrandarako musika egitea. Orduan, bigarren diskoa kaleratzeko garaia zela ikusi genuen, eta lan horretan bakoitzaren nahiak azaleratu ziren. Bakoitzak bere intentzionalitatea ezarri zuen, eta harrera apalagoa izan zuen. Pausa labur bat egitea erabaki genuen, eta hirugarren diskorako kantuak sortzen ere hasi ginen, baina ordurako nahiko aldenduta geunden taldekideok maila pertsonalean.

Hirugarren disko hori ez zen iritsi.

Gure habitatak ere aldatu genituen: Mikel [Gorosabel] Bartzelonara joan zen, eta ni Zarautzera. Sorkuntza pixka bat apartatu, eta adiskidetasuna zaintzen saiatu ginen. Mikel Bilbora eta Ni Eibarrera itzuli ginenean, beste saialdi batzuk egon ziren, baina aspaldiko mamuak agertu ziren, berriro. Gaur da momentua taldekideen artean quorum bat edo erraztasun bat egotea lortu duguna.

Nolakoa izan da berriro ere kantu haiek entseatzen hastea?

Izugarri disfrutatu dugu; batez ere, moldaketa berriak egiten, abestien aukerak ikertzen… Niri neuri hori interesatzen zait gehien, hor atzean geratzen dena, ez kontzertuak eta bira bakarrik. Duela hogei urte bizi izandako momentuak ikaragarriak izan ziren, baina gazte denborari erantzuten dioten bizio guztiekin lotuta joan ziren. Orain inoiz baino hobeto gaude osasunez, baina batzuetan kostatu egiten da gazte garaiko tinbre horietara heltzea, beste batzuk garatu ditugulako. Nire bakarkako lanetan, esaterako, gehiago jo izan dut ahots sakonagoetara, eta kostatu egiten da berriro ere desikastea iraganekoekin bat egiteko.

Zer espero behar du entzuleak lau kontzertu hauetan?

Orduan ere bagenekien irauteko kantuak izango zirela, gitarra akustikoarekin edo elektrikoarekin ondo funtzionatzen duten kantuak baitira, baina niretzat oso kuriosoa izan da Loreleiren proposamen musikala nahiko ondo zahartu dela ikustea. Itzuleran, oso argi genuen antzokietara bideratu nahi genuela errepasoa, giro intimo eta bare hori nahi genuela. Betiko errepertorioa joko dugu, eta, ordena aldatuz, nolabaiteko istorio bat kontatzea da gure intentzioa. Konturatu gara jendeak ez dizkiola istorio berriak eskatzen bueltatu den talde bati. Nostalgiaren eta malenkoniaren genea ere badago gure geneetan.

Orain hogei urteko publiko berbera espero duzue?

Ez dut uste entzule berririk izango dugunik; azken batean, hau nostalgiaren festa izatea nahi dugu, edo hala suertatu da. Oso arrotza egin zait itzuliko ginela esan genuenetik jasotako harrera. Askok zoriondu gaituzte. Esaten dugu ez garela nostalgikoak, baina nik lortu nahi dudana da gogoratzen ez ditudan garai horiek beste era batera berpiztea. Gogoratzeko baino gehiago, sentsazioak berriro deskubritzeko kontzertuak dira.

Lau kontzertu dituzue lotuak. Gehiago ere izan daitezke?

Lan itzela egin du Abar Produkzioak-eko Mikel Lizarribarrek. Mimo handiz prestatu du gure bira. Badaude beste leku eta data batzuk oraindik itxi gabe, baina uste dut lau kontzertu hauekin ere itxiera ederra emango geniokeela arantza hori ateratzearen zauriari.